GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta IA Ikasle Abertzaleek antolatutako Gazte Topagune Sozialistak ehunka gazte bildu ditu ostiralaz geroztik Altsasun (Nafarroa). Mugimendu sozialistak estrategikotzat dauzkan auzien inguruan eztabaidatzeko guneak aisialdira bideratutakoekin uztartu dituzte hartan.
Egunotako elkargunea azken urteetako antolakuntza lanaren «ondorio» dela nabarmendu zuten atzo arratsaldean egin zuten ekitaldi politikoan. «Azken bi urteetan bildu dugun gaitasunaren emaitza» da topagunea, azaldu zion Ane Ibarzabal GKSko kideak berripaper honi. GKSk eta IAk beren proiektu politikoaren berrespena ere egin zuten atzoko ekitaldian. «Klase gabeko gizartea eraiki nahi duen proiektuarekin lerrokatuta gaude», azpimarratu zuen Ibarzabalek.
Proiektu hori nola garatu ere izan dute hizpide egunotan. Larunbatean, esaterako, Krisi kapitalista eta estrategia sozialista berriaren oinarriak hitzaldia egin zuten. «Komunismoaren esperientzia historikoaren irakurketa kritikoa egin zen» hartan, Ibarzabalen arabera, eta irakaspenak atera zituzten hortik: «Zer jaso dezakegun eta zer txertatu gure lan politikoan».
«Askatasuna», lehengoan
Lan hori egiteari berari pandemiaren testuinguruan oztopoak jarri izan zaizkiola salatzen eman du azken ikasturtea GKSk, hain zuzen. Neurri murriztaile ia guztiak bertan behera utzi izanak ez du aldarazi antolakundearen mezua. «Berresten dugu pandemiaren harira askatasun politikoa deuseztatzen ari dela. Sistematikoa da, eta, nahiz eta orain biltzeko aukera dugun, ez dago askatasun politikorako bermerik; ezta proletariotzarentzat politika egiteko ere», azaldu zuen Ibarzabalek.
Urte politiko honetan, GKSren zutabeetako bat hori izango da, horrenbestez. Horrez gain, «kultura komunistaren aldeko lanean» zentratuko direla aurreratu zuen Ibarzabalek. «Gure proiektu politikoaren aldeko baldintza kulturalak eraikitzea esan nahi du horrek, lanketa ideologikoa eginez eta eztabaidarako guneak sortuz».
Gaur eguerdian emango diote amaiera bost eguneko topaguneari, Hispanitatearen Egunaren aurkako hitzaldi batekin.