ETAren desarmatze prozesuak urtebete

Klandestinitatean desarmatzen

2011ko urrian ETAk jarduera armatuen etetea iragarri zuen, eta 2014ko otsailean beste mugarri bat jarri zuen desarmatze prozesuaren hasiera erakutsiz. Urtea bete da gaur. Arantzaz betea izan da lan horretan dabiltzanentzat, baina nazioartean eta gizartean prozesuarekiko babesa sendotu da.

BERRIA.
gurutze izagirre intxauspe
2015eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Emari diferenteetako iturriek ziurtzat dute: ETAren desarmatzeak ez du atzera bueltarik. Zuloak zigilatzen ari dira, zailtasunak zailtasun. Ezker abertzalea, Eusko Jaurlaritza eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordekoak —NEB— dira iturriak, azken hilabeteetan hainbat eledunen azalpenetatik eratorriak.

Gaur urtebete NEBek jakinarazi zuen ETAk armak indargabetzen zituela modu egiaztagarrian, lehenengo aldiz bere 50 urteko historian. Bilboko Carlton Hotelean eman zuten azalpena, ikusmin handia piztu zuen agerraldian. Ram Manikkalingamek hartu zuen hitza, NEBen izenean. Esan zuen lehen urrats bat zela, «erabateko desarmatzerako beharrezkoa zen urratsa». Eta bideo batean erakutsi zuten NEBeko bi kide eta bi etakide gela batean nola zeuden, armategi zati bat mahai gainean ikusten zela.

Manikkalingamek egiaztatzen zuen ETAk aldebakartasunez eta modu atzeraezinean bere arma, munizio eta lehergailu guztiak modu egiaztagarrian indargabetzeko prest zegoela, eta erakundeei zegokiela moduak zehaztea.

Hainbat sektoretatik kritikatu zen erakustaldia eskasa izan izana. NEBek berak aitortu zuen beren sinesgarritasuna jokoan jarri zutela horrelako erakustaldi batekin, baina sekula ez dute nazioarteko beste gatazketan horrelako baldintzetan desarmatze prozesu bat egiaztatu behar izan; polizia zelatan izanda, eta modu klandestinoan. NEBek agerraldia egin eta bi egunera, igandearekin, Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten deklaratzera bost taldekideetatik hiruk. Baldintza horietan laguntzea «ia ezinezko» jo zuten.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria Madrilen izan zen haiek babesten, Jonan Fernandezekin batera. «Serioa, fidatzekoa eta ziurra da batzordea» Urkulluk legebiltzarrean adierazi zuenez, UPDk haiei babesa agertzeagatik kontuak eskatu zizkionean. «Parlamentuaren %85ek babestu du egiaztatzaileen lana», esan zuen Urkulluk. Baina lehendakariak izan ditu gorabeherak taldearekin.

Carltoneko agerraldiak eragin zituen kritiken jakitun, ETAk agiri bat atera zuen otsailaren hondarrean, aurretik iragarritako pausoak berresteko. Desarmatzea bururaino eramateko, NEBekin metodoa hitzartu zuela jakinarazi zuen.

Espainiako Gobernuaren erantzuna mespretxuzkoa izan zen. Kongresuan egindako galdera bati erantzunez hitz egin zuen lehen aldiz Mariano Rajoyk gai horri buruz, otsailaren 26an, hau esateko: «Zergatik egin behar dut nik zerbait?».

NEBen abisua

NEBek esan zuen ez zegoela prest horrelakorik berriz errepikatzeko; klandestinitatean lana egiteko, gobernuen babesik gabe. Eragile eta alderdien babes sendoagoa eskatu zuten, ordura arte ikusi gabea ikusi baitzuten. Ezagutzen diren desarmatze prozesu guztiek hiru hankako mahai batosatu izan dute: talde armatua, dagokion gobernua eta lekuko gisa arituko den herrialde bat edo nazioarteko erakunde bat. Euskal Herrikoak bi hanka zituen.

Espainiako Gobernuak agerraldi hura gutxietsi bazuen ere, PP-UPN ez beste alderdi guztiek egiaztatze batzordearen lana babestu zuten, eta segitzeko eskatu zieten. 2011ko Aieteko Adierazpenaren ostean ETAk armen jardueren etetea iragarri zuen, eta ordutik bide orrian beste mugarribat jartzen zela begi bistakoa zen.

Halere, uda alderdien arteko giro gaiztotuan igaro zen. Urkulluk ezker abertzaleari egotzi zion «ukitzen zuen guztia erretzea, eta nazioarteko egiaztatze batzordea ere erretzea», eta Jaurlaritzak NEBekiko zuen harremana ere hoztu egin zen. Uztailaren 15a zen. Lau egun geroago ETAren agiri baten berri izan zen: «Borroka armatuaren praktikatik eratorritako egitura logistiko eta operatiboak desegiteko prozesua» amaitu zuela esan zuen. Jaurlaritzaren jarrera leundu egin zen berriz. Elkarlanerako prestasuna agertu zuen NEBekin. Baina alderdien arteko mezuak ez ziren samurtu; eta udazkena kanpaina giroan hasi zuten, gaiztotuago. Nazioarteko Harreman Taldeak eta egiaztatzaileen batzordeak ez zuten erraza alderdien konplizitatea lortzea esku artean zuten lanerako, baina ez zioten utzi Euskal Herrira etorri eta eragileekin biltzeari.

Lege esparruaren beharra

PPk ETAri kontuak alboratzeko eskatu zion. Anton Danborenea PPko diputatuak hau esan zuen: «Ez da hain zaila, armak entrega ditzatela, eta listo». Baina ez da hain sinplea, Brian Currin nazioarteko gatazketan aditua eta zaildua dagoen abokatuaren ustez. «Erokeria» da Frantziak eta Espainiak alde bakarreko armagabetze baterako asmoa izatea. Abokatu hegoafrikarrak urrian Euskal Herrira egindako bidaian esan zuen ETAk desarmatze prozesuan aurreraegin nahi zuela nazioarteko adituekin, baina ohartarazi zuen ezinezkoa zela Espainia eta Frantziaren «kooperaziorik» gabe, «lege esparru bat adostu gabe». Aitortu zuen «arazo logistikoa» zegoela hori egiteko, zelatatzen zituztelako.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kide eta Interpoleko idazkari nagusi ohi Raymond Kendallen ustez, ezinbestekoa da «baldintza juridikoak sortzea» armagabetze bat modu egokian egin ahal izateko. Horrelako prozesu batek gobernuen esku hartzea eskatzen du, «nahitaez».

Bien bitartean, auzitegiek, poliziek eta espetxeetako egoerak soka tenkatzen segitu dute. Udazkena 28 gazteen aurkako epaiketa batekin hasi zen Auzitegi Nazionalean. Epaiketaren amaieran hamabiri akusazioa erretiratu zien fiskalak, baina besteentzat seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen. Epaiaren zain daude.

Beste berrespen bat

Desarmatzearen inguruko berririk ez zen izan abenduaren 21 arte. Zurrumurruak baieztatu zituen NEBek, baina otsailekoarekin zerikusirik ez zuen moduan: ohar bidez, agerraldirik gabe. Baieztatu zuen ETAren txostena jaso zutela eta egiaztatzen zutela ETAk aurrera segitzen zuela zigilatze prozesuarekin, eta erabileratik kanpo uzten segitzen zuela bere arma, munizio eta lehergailuak. «Beste prozesu batzuetan daukagun esperientziatik abiatuta esan dezakegu hau desarmatze osorako aurretiazko pausoa dela, alegia, arma, munizio eta lehergailuen inbentarioa egitea eta erabileratik kanpo uztea». Bake iraunkorra lortze aldera «determinazioz eta inpartzialtasunez» lanean segituko zutela berretsi zuten. Igandea zen, San Tomas eguna, arratsaldea.

Arratsalde hartan bertan, geroxeago, Eusko Jaurlaritzak beste ohar bat plazaratu zuen. Egiaztatzaileek egindako lana eskertu arren, Urkulluren gobernuak bestelako eredu bat proposatu zuen. «Armagabetze azkar, bideragarri eta eraginkor»baterako bide orria planteatu zuen. Besteak beste, gizarte eragilez, nazioarteko egiaztatzaileez eta Jaurlaritzako ordezkariez osatutako batzorde baten aurrean desarmatzeko eskatu zion ETAri. Alderdiek ez zuten begi onez jaso proposamena.

Urte emankorra Lokarrirena izanda. Desegitear den herritarren sareak nazioartean prozesuaren alde babesa lortzeko eta Euskal Herrian jendea prozesura lotzeko lan eskerga egin du. Batean, nazioarteko babesak lortuz — Mexiko, Uruguai, Ekuador eta Argentinakoak egin dira publiko—; eta bestean, gizarte foroen bitartez.

Espainiako Gobernua, baina, Auzitegi Nazionaleko tiraderetan preskribatzear zituen auziak ateratzen hasi da. Eta Gorenak ebatzi berri du Frantzian betetako espetxe urteak aintzat ez hartzea euskal presoei, nahiz eta Europako arauak kontrakoa agindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.