Aritz Olagoiri eman diote 'Kiroletik bagoaz euskaraz' saria

KEES Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko Metodologia sortu izanagatik saritu dute.

Aritz Olagoi eta Bingen Zupiria, gaur, Donostian.
Aritz Olagoi eta Bingen Zupiria, gaur, Donostian.
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 14a
19:38
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Kiroletik bagoaz euskaraz saria banatu berri du lehenengo aldiz, eta Aritz Olagoiri eman dio. Olagoik kirol munduan euskararen erabilera sustatze aldera egin duen ekarpena goraipatu dute horrela; gehienbat, KEES Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko Metodologia sortu izana.

Olagoi Psikologian lizentziatua da, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatuta dago. Bere ibilbide profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskararen inguruan egin du. Jaurlaritzaren esanetan, hainbat egitasmo propio sortu ditu esparru horretan euskara kirolean sustatzeko, eta, batez ere, KEES garatzeagatik eman diote saria. Metodologia horrek zehazten duenez, entrenatzaileek euskaraz egingo diete haurrei beti, eta entrenamenduetan zein partidetan informazioa, aginduak eta zuzenketak euskaraz emango dituzte. Halaber, KEESk baliabideak eta tresnak emango dizkie entrenatzaileei, haurrekin duten komunikazioan sortzen diren egoerak kudeatzeko.

Eusko Jaurlaritzak sortu du Kiroletik bagoaz euskaraz saria, eta asmoa da egunerokoan euskararen erabilera sustatzen duten kirol klubak —profesionalak eta profesionalak ez direnak— nahiz norbanakoak saritzea. Gaurko Donostiako ekitaldian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua euskara eremu ez-formalera zabaltzearen garrantziaz aritu da: «Euskararen bizi indarra dugu jokoan, eta, eremu formalez gain, eremu ez-formalak ere irabaztea izango da gure hurrengo urteotako erronka nagusia». Olagoiz gain, hauek izan dira saria jasotzeko hautagaiak: Añorga kultur eta kirol elkartea, Arritxu Iribar, EHUko Gikafit ikerketa taldea, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Gaztedi Rugby taldea, Ibon Oregi, Oarsoaldeko Kirol Lan Mahaia, Oihana Azkorbeitia, Ostaiska Egia eta Pou anaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.