«Arazo larria da, eta orokortua». Kirol eremuan adingabeek jasandako indarkeriaz Europan egindako CASES azterlanaren ondorio nagusia ahotan hartu du Eukene Arana Zain aholkularitza bulegoko adituak, eta datuen bidez erantsi du auzia egiturazkoa dela: «Europan galdetutako pertsonen %75ek jasan dutebortizkeria edo abusu molderen bat kirol arloan 18 urte bete aurretik». Ez du eremua deabrutu, halere, kirola egitea eskubide bat delakoan, eta horrekin bat etorri da Iñaki Alonso, Athleticeko Aterpe programaren arduraduna: «Kirola funtsezkoa da umeen bizitzan: askatasun, ongizate eta alaitasun eremu bat da. Gune horretan indarkeria jasatea konplexua da; inpaktu handia du».
Haurren aurkako sexu abusuez Sabino Arana fundazioak atzo Bilbon eginiko jardunaldietan entzun ziren gogoeta horiek. Gaiari buruz ziklo bat antolatzen ari da erakundea, eta lehen mintzaldi sorta izan zen, baina ikuspegia zabaldu egin zuten hizlariek, umeek bortizkeria forma ugari pairatzen dituztela gogora ekarrita. «CASES txostenak dio Euskadin %84k jasan dutela indarkeria motaren bat, baina horietako %90ek oroitzapen positiboa dutela kirol jardunaz. Horietako bat naiz ni», onartu zuen Alonsok. Kontraesan horrek kirolaren dinamika azaltzeko balio du, haren hitzetan: «Bortxaz ari garenean, sexu abusuak bururatzen zaizkigu, edo bullying-a, borrokak... Baina berdin kezkagarria da aldageletan gertatzen dena atea ixtean, Whatsapp taldeetan konpartitzen dutena, entrenatzaile batek nola begiratzen duen jokalari bat aldatzen duenean... Hori ere indarkeria da, eta gauza asko normalizatuta dauzkagu».
Auzia ikuspegi zabal horretatik jorratzeko tresna egokia da Espainiako Parlamentuak iaz onartutako legea, adituon ustez, baina testua betetzea da orain erronka nagusia, Aranaren ustez. Sentsibilizaziotik hasita: «Gizarteak egin behar duen paradigma aldaketaren lehen urratsa da: adingabeak giza eskubideen subjektu direla barneratu behar dugu». Erakunde publikoetan ez ezik, kirol taldeetan ere bai, Alonsok berretsi duenez: «Umeak kirolari gisa ikusten ditugu, baina begirada aldatu behar dugu: kirola egiten duten haurrak dira; are gehiago eliteko entitateetan. Eta ez bakarrik umetan, baita nerabezaroan ere: 16-17 urterekin ere arreta eta zaintza behar dute».
Bion arabera, etikaz harago doa: «Obligazio bat da, eta eragile guztiei dagokie». Ildo horretan, legera jo du berriro Aranak, eta nabarmendu du prebentzioa dela arauaren gidalerro nagusia: «Indarkeriari aurre hartzeko mekanismoak garatu behar dira erakunde guztietan: protokoloak zabaldu, arriskuen balorazioak egin eta inguru seguruak sortu, tratu onaren printzipioa ezarri, eragileak trebatu, haurrak babesteko arduradunen figurak izendatu...». Neurri horien garrantzia azaleratzeko, adibide bat jarri du Alonsok: «Torneo batean, jokalarien izen-abizenak ez ezik, euren jokalari, janari, leku gustukoen zerrenda bat eskatu ziguten; guk ez genuen bidali, eta kargu hartu ziguten. Baina informazio hori ez da beharrezkoa, eta erasotzaile batek erabil dezake umeengana hurbiltzeko; arriskuak saihestea horretan datza».
Alarmismotik ihes egin arren, arduraz jokatzeko deia egin dute adituok. Alonso: «Entrenatzaileek ez dute polizia edo ikertzaile bihurtu behar, baina seinaleei adi egon behar dute». Arana: «Haurrek denbora gehien igarotzen duten eremuen artean, hirugarrena da kirola: inguru seguru bat dela bermatu behar dugu, umeek jakin behar dute bertan haien eskubideak errespetatuko direla». Eremu horretan zein kanpoan gertatzen den bortxa antzeman ahal izateko: «Begiraleen eta entrenatzaileen lana ezinbestekoa da: denbora asko pasatzen dute umeekin, inguru pribilegiatua da prebenitzeko eta detektatzeko».
Jaurlaritza: legea, bidean
Haurren aurkako indarkeriaren alorrean azken urteetan onartutako irizpideak eta arauak jasoko dituen lege bat prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza, Irune Muguruza Familien eta Haurren zuzendariak gogora ekarri duenez: «Umeek babesa behar dute, baina eskubideen jabe dira». Eta aitortu du badirela zuzendu beharreko gabeziak: «Egun arreta zerbitzuak ez dira haur guztiengana iristen. Lan asko dugu egiteko».
Kirolari baino lehen, eskubideen jabe
Haurrek kirolaren eremuan jasaten duten bortizkeria izan dute hizpide Sabino Arana fundazioak antolatutako jardunaldi batzuetan. Paradigma aldatzera deitu dute adituek, eta adingabeek «arreta eta zaintza» behar dutela barneratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu