Joan den astean Tolosako (Gipuzkoa) futbol klub batek entrenatzaile bat baztertu zuen, jazarpen kasuren batekin lotura izan zezakeelako. Herriko udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien adostasunarekin, gertatutakoa gaitzetsi du: «Gisa horretako jarrerak onargaitzak dira gizarteko esparru guztietan. Bereziki, botere harremanak egon daitezkeen kasuetan. Kirol heziketan jarduten duen orok kode etiko bat bete behar du, baita kirol eremutik kanpo ere. Are gehiago adin txikikoen heziketaz ari garenean».
Are, udalak azaldu du kasuaren «konplexutasuna eta hedadura» kontuan izanda, «diskrezio osoz» ari direla lanean, «informazio osatua jaso eta ondorengo urratsak definitzeko». Goiuri Ezeiza Berdintasun zinegotziak azaldu du kirolari eta gurasoekin solastatu direla: «Kasu bakarra zirudien arren, testigantza gehiagoren berri izan du klubak. Horregatik, beste inork ere laguntzarik beharko balu, udaleko Gizarte Zerbitzuetara edo Andragora Emakumeen Etxera jotzeko aukera du aholkularitza eta laguntza juridiko eta psikologiko eske».
Udalak herriko kirol klubetako zuzendariak bilera batera deitu ditu, halako kasuei aurre egiteko jarraibideak izan ditzaten, eta protokolo sakonago bat prestatzen ere hasiko dira.
Arbuioa
Udalaren oharrarekin batera iritsi da Tolosako futbol klubaren mezua, eta arbuiatu egin ditu «argitara eman diren eta klubarekin lotura duen pertsona bat tartean izan duen gertakariak». «Gure izateko arrazoia kirol jarduera osasuntsu bat sustatzea da, pertsonen arteko elkarbizitza eta errespetua sustatuz», gehitu du.
«Berdintasunarekin, errespetuarekin eta bizikidetzarekin» duten konpromisoa berretsi du klubak. Are, biktimei beren babesa eta elkartasuna helarazi diete, eta zerbitzu juridikoak beren esku jarriko dituztela azpimarratu. «Ez dugu onartzen, eta ez ditugu onartuko balio horiek urratzen dituen jarrerarik».
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du udalak ateratako adierazpenarekin. Ohar bidez, erasoak irmoki salatu eta arbuiatu ditu, eta babesa helarazi die erasoak pairatu dituzten emakumeei, baita gertuko lagun eta senideei ere. «Emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira; eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean», azpimarratu dute.