Kintondare egitasmoak 3,3 milioi euro baliatuko ditu Esteribar eta Baigorriko ibarretan

Turismo iraunkorra, mendiko ondarea, euskara eta Kintoko herritarren elkarbizitza laguntzeko hainbat egitasmo aurkeztu dituzte Baigorri, Banka, Urepele, Eugi eta Zubirin obratuko direnak. %80 Europak diruztatuko du. Egitura juridiko berria sortuko dute.

Ana Ollo, Mixel Ozafrain, Joseba Erremundegi, Gillermo Larraiotz, Antton Kurutxarri, Annick Trounday eta Andde Sainte-Marie, gaurko agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Ana Ollo, Mixel Ozafrain, Joseba Erremundegi, Gillermo Larraiotz, Antton Kurutxarri, Annick Trounday eta Andde Sainte-Marie, gaurko agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
Baztan
2024ko urriaren 22a
17:00
Entzun

Kintondare Baigorriko haranaren eta Esteribarkoaren arteko Kinto aldeko hirugarren Poctefa egitasmoa da. Europako diru laguntzak oinarri, 3,3 milioi euroko inbertsioak ekarriko ditu 2027ra arte, Baigorrin, Bankan, Urepelen (Nafarroa Beherea), Eugin eta Zubirin (Nafarroa) obratuko diren zenbait xedetan. Diruaren ia %80 Europatik etorriko da: 2,6 milioi euro. Gainerakoa, Akitania Berriko eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako departamenduak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Nafarroako Gobernuak ekarriko lukete. Egitasmo gehienak Kintoko ondare arkeologiko, historiko eta kulturalari lotuak dira, «turismo iraunkorra» eta bertako «herritarren elkarbizitza» helburu. Bi ibarren arteko elkarlan instituzional horri egitura europarra eman diote partaide diren erakunde publikoek: LLET Lurralde Lankidetzarako Europako Taldea sortuko dute.

Kintondare «harreman historikoak» dituen eskualde bateko «elkarlan» baten emaitza da, Esteribarko (Nafarroa) alkate Gillermo Larraiotzek laburbildu duenez. «Kultura, bizimodu eta hizkuntza bera» duen lurralde bat. Turismo iraunkorra bilatuko dute egitasmoarekin, bertako herritarrekin «adosturik». Turismoa batzuentzat «etekina» izan badaiteke ere beste batzuentzat «kaltegarria edo mehatxua» izan daitekeela adierazi du Larraiotzek. Bertako kultura eta ondarea errespetatzen dituen turismo bat dute xede; «natura zaintzen duen turismoa», eta «ohiturak eta zuzentasun soziala» sustatzen dituena. Larraiotzen ustez, azpiegiturak eta turismo iraunkorra diruztatzeaz harago doa lankidetza: «Gure herriek historia bera dute. Historia horrek harreman sakonak, balio berak eta hizkuntza bera moldatu ditu. Elkarlan hau lurralde komun batetik dator: Nafar herria deitzen dena».

Bankako auzapez Mixel Ozafrainek oroitarazi ditu aitzineko Poctefa programek egin «inbertsio egituratzaile» batzuk: Bankako Olhaberria, Baigorriko Mehaka, Urepeleko Amerikanoinia, ostatu batzuen zaharberritzeak Alduden, Eugin eta Zubirin. Kintondare horien segida dela erran du Ozafrainek. «Gure ondareari balioa ematea, ingurumena eta gure mendia zaintzea, kultura eta euskara zaintzea eta gure arteko harreman humano eta ekonomikoak indartzea» aipatu ditu egitasmoa laburbiltzeko. Erakunde publikoez harago, herritarren arteko harreman horiek sustatzeko bilkura publikoak eginen dituzte egitasmoaz eztabaidatzeko. Irailean izan ziren lehen bilkurak eta urri hondarrean eginen dira besteak.

Antton Kurutxarrik, Baigorriko auzapezak, bi ardatz nagusiak berretsi ditu: «Azpimarratu nahi dugu batzen gaituzten horiek —mendia eta euskara— nahi ditugula garatu». Bi ardatzak lurraldearen geroa direla gehitu du. «Parioa egiten dugu etorkizunerako lurralde bizi bat izateko, jendea erakartzeko horiek direla guretzat zutabe inportanteenak».

Elkarlanean «uros»

Euskal Elkargoarentzat mugaz gaindiko harremanetarako lehendakariorde Joseba Erremundegik parte hartu du aurkezpenean, Akitania Berriarentzat Andde Sainte-Mariek, eta Prinio Atlantikoetako Departamendu kontseiluarentzat Annick Troundayk. Nafarroako Gobernuaren izenean, Memoria eta Elkarbizitza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollo Hualdek parte hartu du.

Joseba Erremundegiren ustez, Kintondarek erakusten du lurralde horretan badela «dinamika bat», eta Poctefa berri hori hor dela dinamika horren indartzeko. Elkargoari dagokion partea abenduko Elkargoko Batzar orokorrean bozkatuko dela jakinarazi du, eta 80.000 euroko parte hartzea galdegina zaiola.

Annick Troundayk erran du «beti biziki uros» direla Kinto aldean eraman elkarlanean. «Hemengo jendearen arteko elkartasun hori atxiki behar dugu. Mugak usu jendeen baitan dira, eta behar dira kendu», erran du. Andde Sainte-Mariek azpimarratu du LLET egitura juridikoak duen munta geroari begira. «Europako zuzenbidean oinarritua litzateke, eta ez nazional mailakoa, eta hori biziki inportantea da».

Anna Ollok «eskerrak eta zorionak» eman dizkie partaide guztiei. Kintondare egitasmo «polita» eta «eraginkorra» zaio Nafarroarentzat. «Batzen gaituena euskara da; batzen gaituena mugaz gaindiko elkarlana da eta mugak ez ulertzea», gehitu du.

kintondareko egitasmoak

  1. BANKA: 

    Meategiko labe garaia zaharberritzea; toki izen guzien inbentario toponimikoa; eta 

    pareta margolan bat errebote saihetsean.

     

  2. BAIGORRI: 

    Zerga etxe ohia sasoilarientzat etxebizitza gisa egokitzea eta Baigorriko ondare inbentarioa biltzea eta digitalizatzea (toponimia, kartelak, hilarriak, izkribu zaharrak). Baigorriko Batzorde Sindikalak bere egoitza bilakatuko den Anglesainia hotel zaharra zaharberrituko du. Baigorriko haraneko zortzi herri eta Kintoako lur komunak kudeatzen ditu, 220 hazleren zerbitzuko.

  3. UREPELE:

     Amerikanoinea ibarreko interpretazio zentroaren gaineko parteen antolatzea. Euskara eta bertsolaritza ardatz nagusi izanen dituen lan tresna interaktiboa izanen da, ikastaldi, tailer eta ekitaldi askotarako.

  4. EUGI: 

    Arma Fabrika ohiko aztarnategi arkeologikoko ikerketak eta bisita gidatuen programa; Olondo Erreferentzia Historikoko Zentroko erakusketa berrituko dute; hirigunean eta urtegian espazio eta zerbitzu batzuen antolatuko dituzte, herritarren eta turisten arteko elkarbizitza hobetzeko; eta Erregerena mendiko meatze zaharrean ikerketak hasiko dituzte.

  5. ZUBIRI: 

    Esteribarko udalarentzat informazio gune eta gela geologikoa jarriko ditu Apolonia etxean; eraikin hori Esteribarko kultur etxea bilakatuko da; eta Mureluko arkeologia azterketa kanpaina egingo dute, Aranzadi elkartearekin.

BILKURA PUBLIKOAK

  • ZUBIRI. Urriaren 24an, 20:00etan, Betargin. 
  • EUGI. Urriaren 25ean, 20:00etan, zentro zibikoan.
  • UREPELE. Urriaren 28an, 20:00etan, Amerikanoinean.
  • BANKA. Urriaren 29an, 20:00etan, herriko etxean.
  • BAIGORRI. Urriaren 30ean, 20:00etan, herriko etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.