Suediako Zientzien Errege Akademiak Emmanuelle Charpentier frantziarrari (1968) eta Jennifer Doudna estatubatuarrari (1964) emango die Kimikako Nobel saria. Akademiak gaur Stockholmen egindako agerraldi batean jakinarazi duenez, «bizitzaren kodea» berridazteagatik, eta «genomaren ediziorako» metodo bat garatzeagatik sarituko ditu bi zientzialariak. Hain zuzen, CRISPR-Cas9 deitutako guraize digitalak aurkitu zituzten. «Teknologia genetikoaren tresnarik zorrotzenetako bat» dira, akademiaren arabera.
Guraize horiei esker, adierazi du akademiak, animalien, landareen zein mikroorganismoen DNA aldatu daiteke zehaztasun handiarekin. «Guraize horiek bizitza molekularraren zientziak irauli dituzte».
Biak ala biak, Charpentier eta Doudna, biokimikariak dira, eta Streptococcus bakteria baten sistema immunologikoa ikertu zutenean aurkitu tresna molekularra. Guraize horiek erabilgarriak dira, esaterako, minbiziaren kontrako terapia «berritzaileak» garatzeko orduan, akademiaren esanetan.
Sarituei hamar milioi koroa suediar emango dizkiete aurten: 960.000 bat euro. Sari banaketa abenduaren 10ean da Stockholmen egitekoa.
Aste honetan Medikuntzako Nobel saria eta fisikakoa ere iragarri dituzte. Medikuntzakoa jasoko dute C hepatitisaren birusa aurkitu zuten hiru birologok, eta fisikakoa zulo beltzei buruzko aurkikuntzak egin dituzten hiru ikerlarik.