Kilometroak jaialdia ospatu zuten joan den igandean Azpeitian (Gipuzkoa). Besta hartan eraso sexista bat gertatu zela jakinarazi dute gaur antolatzaileek, eta gertatutakoa gaitzetsi dute. Kilometroek eta Azpeitiko Udalak ohar bateratua zabaldu dute: laguntza eta babes osoa helarazi diete erasoa pairatu duten emakumeei eta ingurukoei, «lehentasuna emanez babes eta baliabide guztiak emakume horien esku jartzeari». «Herri honek ez du inolako indarkeria matxistarik onartzen, eta azpimarratu nahi dugu espazio publikoak eta herriko jai guneak espazio seguru, gozagarri eta askeak izan behar dutela», adierazi dute.
Azaldu dute emakumeen kontrako indarkeriak forma anitz hartzen dituela, eta horietako bat dela indarkeria digitala. Ildo horretatik, bi aldeek konpromisoa berretsi dute «halako erasoek emakumeengan sortzen dituzten beldur mekanismoei aurre egiteko baliabideak jartzen jarraitzeko». Hezkuntza komunitatean lanean jarraituko dutela erran dute, «berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen» indarkeria matxistari aurre egiteko. «Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dira gure ardurak».
Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere gertatutakoa gaitzetsi du, eta zehaztu du biktima adingabea dela. Horri buruz mintzatu dira antolatzaileak eta udala: «Adingabeen interes gorenaren printzipioa errespetatuz, eta nerabeak babesteko asmoz, bereziki azpimarratu nahi da intimitaterako eskubidea, beraien eguneroko bizitzan gertaera honen inpaktua ahalik eta arinena izan dadin».
Horrez gain, Itaiak «ideia eta jarrera matxista zein atzerakoien aurka borrokatzearen beharra» nabarmendu du; gogoratu du aurten hiru emazteki hil dituztela Euskal Herrian. «Ezin dugu ahaztu guztion ardura dela eraso gehiago ez gertatzeko gaurdanik bermeak jartzen hastea», erran du antolakundeak. Beraiek lan horretan jarraituko dutela zehaztu dute, eta erasoa gaitzesteko elkarretaratzea eginen dute gaur 18:30ean, Azpeitiko plazan.