Ikastolen jaiak

Kilometroen antolatzaileak pozik agertu dira «egunak eman duenarekin eta jendearen erantzunarekin»

Eguraldi petrala izan arren, Go!azen izan da antolatzaileek bertan behera utzi behar izan duten ikuskizun bakarra. Ordizian, Lazkaon eta Beasainen egin dute aurten, eta Ibarrako Uzturpe ikastolari pasatu diote lekukoa.

Haur bat jolasean, gaurko ekintzetako batean, Goierrin (Gipuzkoa). GOIERRIKO HITZA
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 3a
17:46
Entzun

Zailtasun askori aurre eginda, baina azkenean egin dute 2021eko Kilometroak ikastolen aldeko jaia. Ordiziako, Lazkaoko eta Beasaingo ikastolek antolatuta, egitarau apala baina zabala osatu zuten, eta ia erabat bete ahal izan dute. Pandemiak erabat baldintzatutakoak ziren ekitaldi gehienak —besteak beste, edukiera mugatua zuten ekintza gehienek—, eta, hori gutxi balitz, eguraldia ere ez dute lagun izan gaur.

Hori dela eta, bertan behera geratu da Go!azen-en ikuskizuna, baina bat eta bakarra izan da. Goizean, besteak beste, herriz herri igaro da lekukoa. Antolatzaileak pozik agertu dira «egunak eman duenarekin eta jendearen erantzunarekin». Egitaraua, gainera, ez da egun bakarrekoa izan; azken hilabetean hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bat gea lelopean. «Bertsoa, dantza eta musika uztartu dituzten ekitaldiak» izan dira, antolatzaileen hitzetan.

Gaurko ekitaldi nagusietan, besteak beste, hezkuntza sistema berria hizpide izan dute hizlariek. Nekane Artola Kilometroen ordezkariak, adibidez, galdegin du «adostasuna eztabaida zabal eta sakon baten emaitza» izatea, eta azpimarratu du «euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko beharra».

Esan du, halaber, ikastolek gaur egun duten kezka nagusia euskararen erabileran eta kalitatean izandako «atzerapausoak» direla, eta eskatu du murgiltze ereduan arreta jartzeko.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua ere izan da gaur Goierrin. Hark ere euskal hezkuntza sistemak dituen «indarguneen eta gabezien inguruan gogoeta egiteko» deia egin du, «guztion artean» eraikitzeko etorkizuneko hezkuntza. Bertsotan ere jardun du sailburuak.

Lekukoa, Ibarrara

Bestetik, ikastolek eskerrak eman dizkiete bertaratutakoei eta, batez ere, jaia prestatzen jardun direnei: «Auzolana eta elkarlana orain ere agerian geratu dira Goierrin». Dena den, esan dute aurtengo Kilometroak antolatzeak utzi dien «altxor nagusia» hiru ikastolen arteko elkarlanean eta ezagutzan sakontzea izan dela.

Azkenik, lekukoa Ibarrako (Gipuzkoa) Uzturpe ikastolari pasatu diote, eta dei egin dute hamabost egun barru ikastolen aldeko hurrengo jaian elkartzera: Lizarrako Nafarroa Oinez-en.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.