Prest dute dena urriaren 3an Lezon Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko festa egiteko, Pasaia-Lezo Lizeoa ikastolak antolatuta. Lezon ikastola eraikiko dute, eta hori finantzatzeko izango dira aurtengo Kilometroak -34. edizioa-. Hona bostekoa du leloa.
"Ikastolen jaia, ikastolentzako, baita euskararentzako ere". Horrela definitu du Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari Arantxa Manterolak jaialdia. Lehen festa 1977an ospatu zuten, Beasain eta Lazkao artean. Ordutik gauza asko aldatu da, baina Kilometroen muinak berbera izaten jarraitzen duela adierazi du Ikastolen Elkarteak gaurko aurkezpenean.
Duela hamahiru urte ere Lizeoak antolatu zituen Kilometroak, eta Pasai Donibanen den ikastola horren aldekoa izan zen. Aurten Lezokoaren aldekoa. "Lizeoa badiako hezkuntza proiektua da eta orain 1.200 ikasle inguru ditu, matrikulen gorakada izan baitu. Pasaiako lau barrutietan haurtzaindegiak daude, Jaizkibelgo eraikin nagusiaz gain. Lezoko hezkuntza komunitatearen eskaerari erantzuteko eraiki nahi dugu egoitza berria Lezon".
Bost gune
Ibilbideak bost gune edukiko ditu. Sei kilometroko luzera izango du eta asfaltuta dago guztia. Saldise plazan egingo dute hasiera ofiziala, 9:30ean.
Bost mila autorentzako eta 300 autobusentzako tokia prestatuko dute bi aparkalekutan. Horietako bat Lezoko kaian jarriko dute; Donostia aldetik joango diren autoentzako izango da eta Pasaia Trintxerpetik sartu beharko dira bertara iristeko. Bestea, Sagasti poligonoan ipiniko dute, eta Lezora Gaintxurizketa aldetik joango direnei zuzenduta egongo da.
Hala ere, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute Kilometroen arduradunek. Renfek eta Lurraldebusek zerbitzuak indartuko dituzte.
hezkuntza
Kilometroak, Lezoko ikastola finantzatzeko
Urriaren 3an izango da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu