Bada euskaraz bizi den komunitate bat, arnasgune bat, Azpeitian, Gipuzkoan. Horren indarra areagotzeko bermeak jarri nahi ditu Azpeitiko Ikastolak, Ikasberri Kooperatibak. Ideia horren bueltan urtebetez lanean jardun ostean, dena prest da gaur, Azpeitian, egun borobila igarotzeko. Izpiz izpi lelopean ospatuko dute Kilometroak jaia. Euskaran, kulturartekotasunean eta herrigintzan ardaztu dute urteko lana, eta gaur jasotakoa ardatz horien inguruko proiektuak finantzatzeko erabiliko dute. Milaka euskaltzale giro onean batzea espero dute.
Eguzki lorearen sinbologia jasota abiatu zuten gogoeta Azpeitiko Ikastolako Ikasberri kooperatibako komunitateko kideek. 2024ko Kilometroak jairako irudikatu duten logotipoak eguzki bat dauka erdian, eta haren jirako hosto guztiak diferenteak dira. Hain zuzen, hori helarazi nahi izan dute: «Hosto denak ezberdinak dira, baina denak dira beharrezkoak eguzki lorea osatzeko», azaldu du Gorka Artola Kilometroak jaiko koordinatzaileak. Horren bidez, dibertsitatea irudikatu nahi izan dute, hain zuzen, era guztietako gorputz, sinesmen eta jatorriak direla beharrezko «eguzki lorea osatzeko».
Halaber, eguzki lorearen hostoak arantzatsuak dira, erdigune hori babesteko. Eguzki gisa irudikatu duten erdigune horretan ikusten dute, adibidez, euskararen egoera. «Eguzki lorea etxea babesteko ikur gisa erabili izan da Euskal Herrian, eta, euskara salbatu nahi badugu, denak gara beharrezkoak». Alegia, jatorri, izaera eta pentsaera ezberdinez osatutako norbanakoek osatzen eta zaintzen dute etxea, euskara, «eta hori denona dela eta hori zaintzea ere denon ardura dela agertu nahi izan dugu». Hori sendo babestuz gero, hazi berriak indartsu etorriko direlakoan daude, «guk babesten badugu eguzkia, hazi berriak sortuko ditugu, eta Azpeititik kanpo ere eramango dute euskara». Bai baitakite Azpeitiaren antzeko herri euskaldunen errealitatea salbuespen bat dela Euskal Herrian, eta sinistuta daude indar hori handitu egin behar dela.
Eguzki loretik iritsi ziren gero Izpiz izpi lelora. Eguzkiak ere pixkanaka dena berotzen duen ideiaren jiran.
«Guk babesten badugu eguzkia, hazi berriak sortuko ditugu, eta Azpeititik kanpo ere eramango dute euskara»
GORKA ARTOLAKilometroak-eko koordinatzailea
Ostera hastera
Ikastolen elkartetik Kilometroak antolatzeko proposamena Azpeitira iritsi zenean, zuzendaritzaren eta antolatzaileen artean izan zen kezka puntu bat, komunitateari laguntza eskatzeko ordua iritsi baitzen. Azpeitiko ikastolak bidea 1965ean hasi bazuen ere, 1993ko Buesa Legea esaten zioten haren ondoren, zatiketa mingarri bat bizi izan zuten, publifikazioaren eztabaidaren harira. Komunitatea erdibituta zegoen, eta publifikazio eredu harekin bat egiten ez zutenek Ikastolaren Elkartean jarraitzea erabaki zuten, beste ikastola bat eraikita. Berriz hasi beharra izan zuten.
Haien seme-alabek eta bilobek dute orain Ikasberriko lekukoa, eta proposamena ilusio izugarriarekin jaso zutela gogoratu du Artolak. Duela 30 urte ikastola berria martxan jarri zutenei apustu hark merezi izan zuen ustea sendotu zaielakoan dago.
Behin komunitatearen oniritzia jasota, hartu zuten lekukoa. Ikastolan ikasi, eta seme-alabak eta bilobak ere bertan dituztenek ezagutu izan dute zer izan den Kilometroak jaia antolatzea. Elkarteak duela lau urte aldatu zuen, ordea, jaiaren eredua. Eta eredu horren argitan antolatu dute urtea.
Jabetzen ziren Kilometroak jaia antolatzearen ardura izatea ez zela egun bateko lana bakarrik, baina egokitu dituzte lantaldeak eta erritmoak eredu lasaiago eta bizigarriago batera.
Bide orria
Lehen batzar haietan zehaztu zituzten helburuak: euskara, kulturartekotasuna eta herrigintzaren inguruan aritu dira lanean urte osoan.
Kanta sortzeko prozesua ere neurriratu egin dute. Ikastolako ikasle ohi batzuek Skapaie elektrotxaranga daukate, eta haiei proposatu zieten ea kanta egingo zuten. Ilusioz hartu zuten proposamena, eta udaran ere kalez kale ibili da Izpiz izpi kanta, elektrotxarangaren eskutik. Kantaren eta bideoaren grabazioa ere Azpeitian bertan egin dute.
Urtea nola joan den ikusita, gustura agertu da Artola, eta gaur ginga jarri nahi diote. Azken asteetan xehetasunak ixten eman dituzte egunak, eta prest da dena gaur egun borobila igarotzeko.
Eskaintza oparoa eta gustu guztietarakoa prestatu dute. Mimoz zaindu dituzte bai ekitaldiak, bai azpiegiturak, baita giroa ere, guztien neurrirako eskaintza egon dadin; batez ere, jaia inklusiboa izan dadin, inor bazterrean utzi gabe.
Euskal kultura
Euskal kulturan ardaztutako eskaintza prestatu dute batez ere. Lehen gunea herriko plazan dago, eta Herria deitu dute. Bertan herri kirolak, mutxikoak eta bertsolariak izango dira. Dantza egiteko beta ez da faltako Imuntzo eta Beloki trikitilariekin eta La Basu rapa kantariarekin. Erronka ere hor izango da. Elbarritasunen bat dutenentzako ere egokitu dute gunea.
Bigarren eta hirugarren gunea Euskara izendatu dituzte. Bigarrenean, Esklabetan, gazteenentzako eskaintza atondu dute: magoak, karaokea eta Goa!zen-en ikuskizuna bertan izango dira, eta puzgarriak ere bai. Elbarritasunen bat dutenentzako zuzeneko sarrera prestatu dute Esklabetan.
Hirugarren gunean, Ikastolan, kontzertuak izango dira bata bestearen atzetik. Skapaie elektrotxaranga, Leherkaitz, Ukabil, Tapia eta Leturia eta Janus Lester. Troia kale antzerkia ere izango da goiz partean. Elbarritasunen bat dutenentzako areto bat ere prestatu dute gune horretan.
Laugarren gunea Loiolan egongo da, eta Aniztasuna deitu diote. Egongo da yoga, gimnastika erritmikoa eta judo erakustaldia. Horretaz gain, ez da musika faltako. Ro, Eraldatzen, Trini Fox eta Urtz moduko taldeak izango dira.
Jolasak, giro ona, eta jan-edanerako askotariko eskaintza ere izango da gune guztietan.
Inklusiboa
Garraio publikoari dagokionez, Lurraldebusek zerbitzuak indartuko ditu. Autobus antolatuetan iritsiz gero, zirkuituan utziko dituzte bisitariak, eta, autoz gerturatuz gero, Azkoitian hiru aparkaleku prestatu dituzte, eta Azpeitian ere bai.
Eraso matxistei aurre egiteko protokoloa ere zehaztu dute. Hiru puntu more ezarri dituzte, prebentzioan eta informazioan arituko dira, eta, erasoren bat izanez gero, profesionalek erantzungo dute.
Inklusioan egin nahi izan dute azpimarra, eta hainbat neurri hartu dituzte horretarako: txosnetan eskatzeko apal baxuagoak jarri dituzte, eta behar bereziak dituztenentzako pase azkarrak ere bai, toki guztietan lehentasuna izan dezaten.
Bi gune lasai ere atondu dituzte. Maiz, halako jai egunetan elkartzen den jende oldearekin deseroso senti litezke haurrak une jakin batzuetan. Horregatik, Azpeitiko ludoteka eta Ikastolako HHko gune bat prestatu dituzte, lasai egon nahi izanez gero, hara jotzeko.
Gazte erronkak ere itzal handia izango du. 10:00etan hasiko da, eta 400 ikasle inguruk hartuko dute parte.