Kikaran aurkitutako DNA froga argigarritzat hartu du epaileak Gurutz Agirresarobe erruduntzat jotzeko orduan. Froga horiek, baina, aldatu egin dira ikerketak iraun duen zortzi urte eta erdian. 2006an Ertzaintzako iturriek aditzera eman zuten ez zutela hiltzailearen hatz markarik ezta DNArik aurkitu Andoaingo Daytona kafetegian. 2010eko abuztuan, baina, Gurutz Agirresarobe eta Aitziber Ezkerra ustezko etakideen atxiloketa argitzeko, Herrizaingo Sailak kikaran aurkitutako DNA jo zuen oinarri nagusitzat, eta Agirresaroberenarekin bat egiten zuela nabarmendu zuen. Atzo argitaratutako epaiak, halaber, froga «idealtzat» jotzen ez duen arren, «nahikoa» dela adierazi du.
Hilketaren hirugarren urteurrena bete zenean, Vocento taldeko kazetari batek bildu zuen Ertzaintzak ordura arte Pagazaurtunduaren kasuari buruz jasotako informazioa. 2003ko otsailaren 8an, alegia, hilketa izan zen egunean, mota guztietako probak egin zituzten kafetegian, eta elementu garrantzitsuena ustezko hiltzaileak hilketaren aurretik eskatu zuen kafesnearen kikara izan zela azaldu zuen.
Dena dela, Herrizaingo Sailak adierazi zuen bertan ez zutela inolako DNArik aurkitu, eta ikerketaren arduradunek bi azalpen eman zituzten: arrastorik ez uzteko ongi prestatutako etakidea zen, edo kikara ez zuen ukitu ere egin, «hain zegoen urduri». Pista bakarra Pagazaurtundua hiltzeko erabilitako pistola zen orduan, ia urtebete lehenago Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko presidentea hiltzeko erabili zuten arma bera zela adierazi baitzuen Ertzaintzak.
2006an, baina, ikerketaren noranzkoa aldatu zuten. Agirresaroberen DNA nola lortu zuten argitu ez bazuen ere, haren atxiloketa ikerketa zientifikoan oinarrituta zegoela adierazi zuen Herrizaingo Sailak. Argitaratu berri den epaiak, dena den, lehen aldiz zehaztu du Ertzaintza Agirresaroberen atzetik zebileneanhark Irungo Iñaki tabernan erabilitako botila bat jaso eta kikaran lortutako DNArekin alderatu zutela. Bi probek erabat bat egiten ez duten arren «haren pertsonaren eta gertaeraren inguruko beste aztarna batzuek» lotura indartu egiten dutela adierazi du orain epaileak.
Frogen balioespena
DNA frogek epaiketetan duten garrantziaren harira, Marina Gascon Abellan Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Zuzenbide Filosofian katedradunak ikerketa egin du. Zalantzan jarri du zientzian oinarritutako frogei epaiketetan ematen zaien zentzu erabakigarria, eta aditzera eman du gaizki ulertuak izan eta gehiegikeriak egin ohi direla; epaileek, askotan, DNA azken erabaki frogagarritzat erabiltzen dutela salatu du.
Beste prozeduren bidez ikertzen zailak diren kasuak argitzeko erabilgarria da sekuentzia genetikoaren azterketa, eta, oro har, haren fidagarritasuna handia da, eragiketa estatistikoetan oinarriturik dagoelako. Beraz emaitzak ia eztabaidaezinak dira, Gasconen aburuz. Dena dela,argi du frogen baliozkotasuna metodoaren, teknologiaren eta kalitate kontrolen araberakoa dela. Halaber, kasu bakoitzean epaileak erabaki behar du zein mailatako lotura duten frogek delituarekin.
Emaitzen balioespenak ere epaia alda dezakeela ohartarazi du Gasconek. Bi frogak baztergarriak izan daitezke, hau da, batak bestea uka dezake, eta ez dute bat egiten. Bestetik, baliteke ez baztergarriak izatea, alegia, neurri batean bat egiten dutenak. Kasu horretan, ezinbestekoa da bat egiteak zein profil genetikori erreferentzia egiten dion aztertzea; izan ere, zenbait profiletan bat egitea errazagoa da, eta, kasu horietan, frogak ez dira horren erabakigarriak izango.
Halaber, adituen txostena epaileari igortzeko moduak azken epaia baldintza dezakeela gogorarazi du: ez da gauza bera %1eko aukera izatea edo 500.000 biztanleko hiri batean 5.000 susmagarri daudela adieraztea.
Kikarako DNA «idealena» ez baina «nahikoa» izan da
2006an, Ertzaintzaren ikerketa etenda zegoen froga faltagatik; orain, aldiz, DNA oinarrizkoa izan dela adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu