Orain egun bi eman zuen abisua ECDC Europako Gaixoasunen Prebentzio eta Kontrolerako Erakundeak; hepatitis akutu mota hedatzen ari da umeen artean, eta osasun arazo horren gaineko«kontzientziazioan» urrats bat egin behar dute osasun sistemek, zer gerta ere. Iragan asteotan Ingalaterran, bereziki, hepatitis kasu ezohikoak atzeman dituzte 16 urtetik beherako adingabeen artean; 2 eta 5 urteko umeen artean eman dira usuen, eta kezka dago gaiarekin. Hedatzen ari da, gainera, atzo jakin zen Espainian agertu direla lehen kasuak: Madrilen, Aragoin eta Gaztela Mantxan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du ez dutela oraindik gaitz horren kasurik atzeman, baina adi daudela. Abisu bat zabaldu dute Osakidetzako profesionalen artean, gaitzaren hedatzeaz ohartarazteko. Nafarroako Osasun Departamenduan ere ez dute kasurik atzeman.
Ezjakintasuna dago hepatitis honen inguruan. Ez dakite zein jatorri duen. Hepatitisa eragiten duten ohiko birusak ez dira atzeman erietan, eta zein sorburu izan ote dezakeen ikertzen ari dira. Larumina eta arazo gastrointestinalak eragiten ditu sintoma ohikoen gisara; besteak beste, botagura. Eta badira kasu larriak; gibel transplantea behar izan dute hainbat haurrek.
Askotan bidaiekin edota toxikoen erabilerarekin lotuta egoten dira hepatitis kasuak, eta kasuen inguruko ikerketetan ari dira aldagai horiek ere aztertzen, jatorria argitze aldera. ECDCk adierazi du garrantzitsua dela kasu guztiak jakinaraztea, horrek lagunduko duelako zabalkundea zein den ikusten, eta gaitzaren jatorria argitzen ere lagun dezakeelako. Erresuma Batuan egin dituzten hainbat ikerketaren arabera, adenobirus batekin lotuta egon daiteke gaitza, baina ez dago oraindik baieztapenik. Esan dute ez dagoela loturarik gaitzaren eta COVID-19aren aurkako txertoaren artean.