Bartzelonako Unibertsitatean dihardu Avel·li Flors soziolinguistak (Castello de la Plana, Herrialde Katalanak, 1988), eta hizkuntzaren gaineko diskurtsoei erreparatu die Kataluniako ikuspegitik, gaur Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldian. Bi lerro ikusten ditu. Batetik, katalanaren alde ari diren herritar askok gero era hertsiago ikusten dituzte igaro hamarraldietan balekoa izan den bide horren mugak, eta horren araberako diskurtsoak sortzen ari dira. Katalanaren normalizazioaren kontrako diskurtsoei begira, esan du ez direla askorik aldatu, baina onartu du haien oihartzuna zarata ere badela usu, eta izaten dutela gaitasuna hizkuntza politikak «baldintzatzeko».
Zer diskurtso ari dira sortzen?
Nabarmentzen ari dira, batez ere, indartu egin behar direla katalana biziberritzeko politikak. Agerikoa da aldaketa demografikoak egon direla, sozialak, politiko eta juridikoak; horrek ekarri du 80ko hamarralditik hona eraikitako lan esparrua gaurkotu beharra. Oso eraginkorra izan zen bolada luze batean, baina eguneratu egin behar da.
Zerk eragin du hori?
Aldagai demografikoa dago alde batetik. Egoera demografikoa irauli egin da. 1,5 milioi pertsona heldu dira hogei urte eskasean, eta, beraz, katalanez ez dakitenen kopuruak gora egin du. Horren ondorioz eguneroko martxan gero eta gaitzagoa da katalana erabiltzea, eta horrek dakarren pertzepzioa da gero eta zailagoa dela Katalunian katalanez bizitzea. 80ko eta 90eko hamarraldietan, ordea, posible zela ere pentsatu genuen. Beste aldagai garrantzitsu bat juridiko-politikoa da; [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalak Estatutuaren aurka eman zuen epaiaren arabera, gaztelaniak eta katalanak ezin dute estatus parekide bat izan, eta horrek mugatu egiten ditu instituzioetatik egiten diren politikak.
Diskurtso berrietan proposatzen al da orain dela 40 urte biziberritzerako ezarritako oinarriren bat iraultzea?
Katalanismo linguistikoan hegemonikoak diren diskurtsoek lehengo iturrietatik edaten dute: 80ko hamarraldiko haietatik. Baina egoera zaila da, eta zenbait ahots esaten ari dira lehendik egiten diren politikez gain, ez ote diren sortu behar katalanaren bidez funtzionatzen duten harreman sareak, adibidez. Kezka dago katalana gero eta hizkuntza minorizatuagoa delako, batez ere hiriguneetan; hainbat familiari ezinegona piztu zaie, beren seme-alabek ez dituztelako aurkitzen ohiko hizkuntza gisara katalana duten sozializazio eremuak.
Esan duzu politikak indartzearen aldeko diskurtsoak ozentzen ari direla. Erantzun modura, gordintzen ari dira katalanaren aurkako diskurtsoak ere?
Katalanaren normalizazioaren kontrako diskurtsoek bide luzea egina dute, 90eko hamarraldian abiatua. Inposizioaren, bazterkeriaren eta hautatzeko eskubidearen inguruko diskurtsoak dira. Hortxe jarraitu dute ordutik, hainbat talde politikori lotuta. Hala ere, Kataluniako gizartean minoritarioak dira.
Hitzaldian esan duzu 80ko hamarraldian normalizazioaren aldeko ildo «lauso» batzuk ezarri zirela gizartea bateratzeko. Badago ildo horiek argiagoak izateko eskerik?
Bai, katalanismoaren sektore batek barneratu du zenbait eskari ez zehazteak ez dakarrela hizkuntzaren aldeko oinarri soziala handitzea, eta, ondorioz, dena ondo dagoela pentsatzea, finean, nork bere burua engainatzea dela. Hortaz, bai, eztabaida publikoan aipatzen da gobernuak politika esplizituagoak egin beharko lituzkeela.