Kezka agertu dute Baionako Pausa harrera zentroaren etorkizunaz

Abuztu honetan bukatuko da Atherbearen eta Euskal Elkargoaren arteko hitzarmena

Migratzaile batzuk, Pausa zentroan. GUIILAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Arazoa bertan izan aitzin, migranteen harreraz okupatzen den Diakite taldeko kideek arriskua mahai gainean ezarri nahi izan dute, eta kezka agerian utzi. Haien lanaren eta protesten ondorioz ireki zuten Baionako Pausa zentroa, iazko udazkenean, igarobidean diren migranteei aterpea eskaintzeko, egun batzuez arnasa hartzeko aukera izan dezaten. Baina egitura lotzen duen hitzarmena abuztuan bukatuko da, eta ez dakite zer segida izanen duen. Euskal Elkargoak baliabide gutxiago emanen dizkien beldur dira.

Atherbea gizarte elkartearen eta Euskal Elkargoaren arteko hitzarmen batek arautzen du Pausa zentroa. «Gu hor gara, baina ez dugu inolako izaera ofizialik», deitoratu du Maite Etxeberri Diakiteko kideak. Maiatzean, onartu zuten ituna abuztu bukaerara arte luzatzea, baina ez dute zehaztu etorkizuna nolakoa izanen den. «Ulertarazi digute irailaren 1etik aitzina zentroarekin segitzeko xedea dutela, baina eredua birplanteatu nahi dutela». Baliabide gutxiago izanen duten beldur dira. «Gure funtzionamendua ona da; berdin segitu behar dugu. Langile gutxiagorekin zaila izanen da».

Pausaren funtzio nagusia da migranteen joan-etorria antolatzea. «Ireki dugunetik 6.000 migrante pasatu dira. Jendea ez da kanpoan, eta, hemen, dutxa bat hartu eta zerbait jateko aukera dute», gaineratu du Etxeberrik. «Guk lan hori eginen ez bagenu, sare klandestinoek berenganatuko zuten mugimendu hori; Baionan, kanpoan izanen ziren, oihal etxoletan...». Onartu du sare klandestinoak egungo formulaz baliatzen direla, baina ez du dudan jarri egituraren balioa. «Migranteak hor dira; beraz, kudeatu behar da. Sareak badira, baina guk mugatzen ditugu». Autobus txartelen erosketa hartu du adibide gisa. «Orain arte, sare klandestinoen bidez eskuratzen zituzten, bi edo hiru aldiz garestiago ordainduta. Orain, guk laguntzen ditugu, eta sareetatik pasatzea ekiditen dugu».

Etxeberriren hitzetan, arazo nagusia da Euskal Elkargoa dela diru iturri bakarra. «Departamenduak erran du adingabeez arduratzen dela —nahiz eta ez duen behar bezala egiten—; estatuak ez du deus eman nahi, eta erraten du halako zentro batekin legez kanpoko migrazioa sustatzen dela; eskualdeak prestakuntza profesionalean eragitea soilik proposatu du. Erabat jokoz kanpo dira».

Euskal Elkargoak zentroa irekitzea erabaki zuenetik, zazpi langile hartu dituzte harrera lanak segurtatzeko, eta eguerdiko otorduak ere elkargoak finantzatu ditu —gainerakoa laguntzaileek prestatzen dute—. Gunea plantan emateko, 120.000 euroko obrak egin zituzten, eta 70.000 eurokoa da hilabeteroko aurrekontua.

Urte bateko ibilbidea

Joan den udan, Baionako Euskaldunen Plazako autobus geltokian hasi ziren herritar batzuk etorkinei janaria, jantziak edota mugikor kargagailuak banatzen. Irailean, Diakite kolektiboa sortuzuten, gutxieneko laguntza eskaintzeko. Urri bukaeran, tokiko instituzioen eta elkarte berezituen laguntzari esker, egitura berri bat abiatu zen: Pausa. Lehen lokala Ekintza Sozialerako Herriko Zentro ohian izan zen, baina, azken sei hilabeteetan, utzia izan den kaserna militar batean daude, Lesseps kaian beti, eta autobus geltokia ere hara mugitua izan da. Iragate zentroa da Pausa: etorkinek hiru egun igaro ditzakete Frantziako eta Europako hiri nagusietarako bidea segitu aitzin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.