«Begiak itxi eta bonba hotsak entzuten ditut oraindik». 80 urte igaro dira Italiako Aviazzione Legionariak Durango (Bizkaia) bonbardatu zuenetik, baina Rosa Mendibe Atxurra durangarrak ez ditu ahaztu bonbardaketen dardarak. «Hori ez da sekula ahazten». 8 urte zituen bonbak zerutik erori zirenean, hiru bonbardaketetan: 1937ko martxoaren 31n, apirilaren 2an eta apirilaren 4an. «Aita Urkiolara begira zegoela gogoratzen dut, handik etortzen zirelako beti hegazkinak».
Mendibek «pozik» jaso du Durangoko Udalak atzo jarritako kereila: herria bonbardatu zuten 46 pilotu salatu ditu. «Orain arte ez da justiziarik egin». Tokiko erakundeak atzo aurkeztu zuen salaketa herriko epaitegian, 1937ko martxoaren 31 batzordeak bultzatuta. Gizateriaren kontrako krimena eta gerra krimena egitea leporatu diete italiarrei. Bonbardaketek gutxienez 361 herritar hil zituzten, eta ehunka zauritu.
Durangoko alkate Aitziber Irigorasentzat ere «egun historikoa» izan zen atzokoa. «80 urte igaro dira gure herria birrindu zutenetik; bada garaia egia bere osotasunean ezagutzeko eta justizia eskatzeko». Kereila epaitegian aurkeztu baino lehen, agerraldia egin zuten udalbatza aretoan. Han izan ziren udal ordezkariak PPko zinegotzia salbu, EAJko eta EH Bilduko legebiltzarkideak, eta Durangoko elkarteetako kideak. Agerraldia egin eta gero, bost minutuko elkarretaratzea egin zuten Ezkurdi plazan.
Amnistia legeari izkin
Anais Franquesa abokatua arduratu da kereila prestatzeaz. Abokatu katalanak azaldu duenez,Bartzelonan hasitako bide berbera jarraituko dute Durangon, 1977ko Espainiako amnistiaren legeari izkin egiteko asmoz: «Pilotuak italiarrak izanda, amnistia legeak ez die eragiten; horregatik aurkeztu ahal izan dugu kereila herriko epaitegian». Salaketa onartuz gero, epaitegiak ikerketa abiatuko du, pilotuak bizirik dauden ala ez argitzeko.
Franquesaren ustez, Durangon egindakoa «guztiz ilegala» izan zen, baita garai hartako nazioarteko zuzenbidea kontuan hartuta ere. «Legez kontrakoa zela bazekiten, horregatik estali zituzten hegazkinen matrikulak. Beren asmoa zen ahalik eta herritar gehiena hiltzea». Bartzelonako bonbardaketen harira jarritako kereilarekin gertatu den gisan, espero dute Durangon ere tramitera onartzea: «Ez dago inolako aitzakia moral, etiko edo juridikorik gertatu zena ez ikertzeko. Inpunitatea amaitu behar dugu».
Kereilaren arabera, italiarrek 281 bonba jaurti zituzten erasoaldian, 14.840 lehergailurekin. Bonbek 321 eraikini eragin zieten, eta haietako 70 eraitsi egin behar izan zituzten. Kalkulatu dute horrek 4,2 milioi euroko gastua eragin zuela.
Salaketa aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa izan da Gerediaga elkarteko kide Jon Irazabal historialariak egindako ikerketa lana. Gerediagak martxoan jakinarazi zuen Madrilgo eta Erromako bi artxibo historikotan egindako arakatzeei esker identifikatuta zeuzkala bonbardaketetan parte hartu zuten militarrak. Ikerketa horretan oinarritu dira salaketa aurkezteko.
Irazabalek ere kereila aurkezteko ekitaldian parte hartu zuen atzo. «Guretzat, oso pozgarria da. 30 urte pasatu ondoren, ikusi dugu merezi izan duela ikertzea». 1980ko hamarkadan hasi ziren Gerediagan bonbardaketen artxiboak arakatzen. «Durangoko bonbardaketa liburuetan bi lerroko kontua zen. Uste dugu gaur egun ezagutza handitu dela». Irazabalen esanetan, garrantzitsua da atzera begiratzea: «Horrelako gertakizunak ezin dira gertatu ez hemen, ez Sirian, ez beste inon. Iragana ezagutu behar dugu, etorkizunean berriro ez dadin gerta».
Ekitaldian, Otxandioko alkate Urtzi Armendarizek ere parte hartu zuen. Iaz hartu zuten konpromisoa Otxandion (Bizkaia) «frankismoko krimenen kontrako» kereila aurkezteko. Maria Servini epaile argentinarraren salaketara atxikitzeko asmoa dute, «hegazkinak italiarrak zirelako, baina pilotuak antza ez». Asteburuan ekitaldiak antolatu dituzte bonbardaketetan hildako herrikideak oroitzeko.
Durangoko bonbardaketa. Kereila
Kereila aurkeztu dute Durango bonbardatu zuten pilotuen aurka
1937ko martxoaren 31 batzordeak bultzatuta, Durangoko Udalak salaketa aurkeztu du herria bonbardatu zuten 46 pilotuen kontra. Gizateriaren kontrako krimena egozten diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu