Kepa Garbizuk alkate kargua laga du Lezon

Hondakinen bilketa sisteman GBBrekin dituen «desadostasunak» argudiatu ditu udala uzteko

Garbizu, atzo udalbatzarrean. A.C / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2016ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Hondakinak biltzeko sistemak hautsak harrotu ditu Lezon (Gipuzkoa), eta EAJko Kepa Garbizu alkateak kargua utzi du. EH Bildurekin akordio bat lortu, eta hondakinak sistema mistoaren bidez jasotzea hitzartu zuten otsail hasieran. Martxoan egitekoak ziren galdeketa bertan behera uztea ere adostu zuten. Erabakiak, baina, ez dira GBB Gipuzko Buru Batzarraren gustukoak izan, eta dimisioa eman du Garbizuk. Aste honetan hainbat iturrik adierazi dutenez, GBBren eta atez ateko bilketaren aurkako Lezo Garbia plataformak egindako presioak direla tarteko utzi du alkatetza Garbizuk. EAJren Gipuzkoako arduradunekin dituen arazoak, ordea, aurretikoak direla adierazi du alkate ohiak. Atzoko osoko bilkuran utzi zuen kargua, eta unean bertan izendatu zuen Noemi Arberas jarduneko alkate.

Xuberoa Ubillos EAJko zinegotziak babesa agertu zion Garbizuri, talde guztiaren izenean, eta bide bera hartu zuten EH Bilduko zinegotziek ere. Akordioarekin herritarren interesak «lehenetsi» dituztela esan zuen Mikel Arrutik, eta ideia horrekin bat egin zuen Ainhoa Zabalok: «Alderdikeriak alde batera utzita lortu dugu akordioa».

Hamar eguneko epean beste osoko bilkura bat egin beharko du orain Lezoko Udalak, EAJk, EH Bilduk eta PSEk aurkeztutako hautagaien artetik alkate bat izendatzeko. Garbizuk 37 urte egin ditu Lezoko Udalean, alkate eta zinegotzi lanetan.

Pasaian kanpainarik ez

Hondakinen gaikako bilketari buruzko sentsibilizazio kanpaina egitekoa zen Donostia Bizirik taldea igandean Pasaian (Gipuzkoa). Udalak, baina, ez zion baimenik eman, eta haserre agertu dira. Zehaztu dutenez, «edukiontzietan jasotako hondakinak aztertzen dira kanpainan, datuak jaso eta nahastuta botatzen diren hondakinak agerian uzten dira, herritarrak arazoaz jabetu daitezen. Helburua hondakinen gaikako bilketa hobetzea da, Pasaian 2015eko ekainetik abendura hirukoiztu egin baita errefus kantitatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.