Kepa Anabitarte hil da, Donostian (1934-2025). Euskal sindikalismoaren ikurretako bat izan zen borroka antifrankistan. Pasaian sortu zen, Gipuzkoan, familia abertzale baten altzoan. Industrialdi betean, fabrikan lanean hasi eta segituan lotu zen borroka sindikalera, ELAn militatzen hasita, nahiz eta klandestinitatean aritu behar izan. Serafin Esnaola apaizaren eskutik egin zituen lehen pausoak han. ELA ofiziala Miarritzen (Lapurdi) erbesteratuta zegoen frankismoaren lehen aldian, eta kide batzuk klandestinoa eratzen ari ziren Hegoaldean. Anabitarte haietariko bat izan zen.
Esnaolaren eskutik, Pariseraino ere iritsi zen sindikalismoari buruzko prestakuntza osatzeko. Haren ibilbidearen bi esparrutan eragin zuen bidaia hark: batetik, sozialismoan ardaztutako sindikalismotik edan zuen; bestetik, arrasto sakona utzi zuen harengan Parisen Jose Antonio Agirre lehendakaria ezagutu izanak, hura Parisen erbesteratua zela.
Horren ostean, 1962an, frankismoaren osteko aldia prestatzeko biltzarra egin zen Munichen. Anabitarte bera ere gonbidatu zuten, baina etsipenez itzuli zen handik, ikusita Agirrek defendatzen zuen autogobernua lausotua zela orduko, EAJko eta Alderdi Sozialistako agintarien elkarrizketen ostean.
Zatiketa ugari izan ziren bien bitartean ELAn ere. 1970. hamarkadan ELA utzi eta ESB sortu zuen, Euskal Sozialisten Biltzarra. Espainian sukurtsalik ez zuen alderdi sozialista bat eratzea zen asmoa. Hauteskundeetara aurkeztu ziren, baina ordezkaritzarik lortu ez, eta politika utzi zuen. Geroztik, enpresa munduan murgildu zen, eta euskalgintzarekin lotutako proiektu ugari babestu zituen, hala nola Ez dok Amairu, Nestor Basterretxearen Amalur proiektua, Ikastolen egitasmoa, Euskaldunon Egunkaria, EKHE Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkartea, Gaindegia eta abar.
Eneko Bidegain kazetariak haren bizi ibilbideaz egindako liburuan azaltzen zuenez, beti babestu zituen bere ustez Euskal Herriaren aldeko intentzio ona izan zuten ekimenak, kulturalak edo bestelakoak. Herria eraikitzeko ekimen guztiekin bat egin izan zuen, ez zen sektarioa izan. Ahoan bilorik gabe hitz egiten bazuen ere, estimu handitan izan dute abertzaletasunaren hainbat esparrutako ordezkariek ere.