Patxi Ezkiaga idazleak sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen Marisol Zamora izeneko emakume batek duela aste batzuk, eta geroago beste emakume batzuek ere eman zuten jasandako erasoen berri. Hori ikusirik, Legorretako Udalak —Gipuzkoako herri horretakoa zen Ezkiaga— zera erabaki zuen: Ezkiagari herriko seme kuttun izaera baliogabetzea, kultur etxeari Ezkiagaren izena kentzea eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kentzea. Eskultura atzo kendu zuten.
Udala Ezkiagaren familiarekin harremanetan jarri zen jakinarazteko eskultura kendu egingo zutela, eta ea haiek gorde nahi ote zuten galdetzeko. Senideek adierazi zioten La Salle kongregazioa arduratuko zela eskultura jasotzeaz —kongregazio horretako kidea zen Ezkiaga—. Legorretako Udaleko langileek atzo kendu zuten eskultura, eta La Salleko langile batzuek eraman egin zuten. Kongregazioak eskultura suntsitu egin du ja.
ikusi gehiago
«Egia jakin dadin» eman zuen Zamorak lekukotasuna. 1970eko hamarkadan jasan zituen aurrenekoz erasoak, Donostian. La Sallek, gertatutakoa gaitzetsi, eta barkamena eskatu zuen, ez zutelako asmatu «erakundearen zaintzapean zeuden pertsonak babesten». Legorretako Udalak ere babesa adierazi zion Zamorari, eta erreparaziorako bideak ireki. Gainera, EIE Euskal Idazleen Elkarteak kendu egin zuen Ezkiagaren soslaia elkartearen webguneko Gugan beude ataletik.
Arartekora edo auzitegira jo daiteke salaketak egiteko. BERRIAri lekukotza bat eman nahi izanez gero: [email protected]