Keinu hizkuntzako interpreteek Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera salatu dute

Esan dute ikasle gorrei ematen zaien artatik baztertu nahi dituela administrazioak, eta horrela «urratu» egiten dela ikasle horiek heziketa «berdintasunean» jasotzeko duten eskubidea.

Interpreteen protesta, gaur goizean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Interpreteen protesta, gaur goizean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2024ko irailaren 30a
15:04
Entzun

Interpretazioaren eta Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna dela gogora ekarrita, elkarretaratze bi deitu dituzte gaurko Zeinu Hizkuntza Interpreteen eta Gidari Interpreteen Euskal Herriko Elkarteko kideek. «Ospatu» beharreko eguna izatea nahi luketela esan dute, baina protestarako erabili behar dutela: izan ere, salatu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasle gorrei ematen zaien artatik baztertu nahi dituela keinu interpreteak. «Mobilizatzea dagokigu, gure eskubideak aldarrikatzeko».

Eusko Jaurlaritzaren egoitzen parean izango dira protestak. Gasteizen goizean egingo dute, eta Bilbon arratsaldean. Administrazioari «erreklamazioak» egiten urte asko daramatzatela gogoratu dute, Eusko Legebiltzarrean ere hainbatetan eman dutela beren eskarien berri, baina antzua izan dela orain arte egin duten bidea. «Lakuan ikasleei kalte egiten jarraitu nahi dute, eta, ondorioz, baita kide garen eta ordezkatzen dugun kolektibo profesionalari ere», esan dute.

Hezkuntza Sailaren asmoa «zentzugabea» dela uste dute. Eskoletan ikasle gorrei arta ematen jarduten duten lanpostuetarako keinu hizkuntzako interprete izateko ikasketak eskatu beharrean, Komunikazio Bitartekaritza titulua «bakarrik» eskatzeko asmoa du, kritikatu dutenez. Izan ere, interpreteen iritziz, profesional horiek ez daude «gaituta» beraiek betetzen dituzten funtzioak betetzeko. «Erizain bat jarriko zenuke kirurgia lanak egiteko? Edo ekonomista bat arkitektura lanetan?».

Gogora ekarri dute sindikatuen eta gorren komunitatearen babesa dutela egiten dituzten aldarrietan, eta berritu egin dute aurrez ere plazara atera izan duten proposamena: «Sarbideko bi titulazio bakarrak Zeinu Hizkuntzako Interpretazioko goi mailako titulua eta unibertsitate graduko Zeinu Hizkuntza eta Gor Komunitatearen titulua izatea».

Haien ustez, hori konplitzen ez bada, «urratu» egiten da ikasle gorrek «berdintasunean» heziketa jasotzeko duten eskubidea. Hainbat familiak ere adierazi izan dute kexu hori, eta hedabideetara jo izan dute seme-alaben egoera salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.