Kazetaritza. Rikardo Arregi Sariak. Beñat Zamalloa Akizu. Sari nagusia

«Kazetaritzaren bidez neure burua topatu dut, eta hor oso eroso sentitu naiz»

JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Andoain
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ez zuen espero aitorpena, eta «pozik, oso pozik» jaso du Rikardo Arregi sari nagusia Beñat Zamalloa Akizuk (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1986). Bertsolari txapelketei begira bizi da, baina beste egitasmorik ere badu esku artean, tartean, ikasteari berriz ekitea.

Hastapenak izan dituzu gogoan hitza hartu duzunean.

Bai, hasierako kronikak zailak izaten dira denentzat, eta bidean ikasi egiten dugu, eginez, elkarrizketen bidez, dokumentatuz... Halere, hona iristeko, oso garrantzitsua da aukera izatea, eta niri BERRIAk eman dit txapelketa hasieratik amaierara jarraitzeko aukera.

Bertsolaritza mundu txikia da; denek ezagutzen duzue elkar. Horrek kazetari lana baldintza al dezake?

Nik oso zorrotz hartu izan dut beti kazetaritza: ez naiz bertsolaritza mundukoa sentitzen, ez daukat bertsolari lagunik. Garai batean, bertsolaritza mundukoek egiten zituzten kronikak. Nik harremanak egin ditut bertsolariekin, baina beti zaindu izan dut distantzia hori, uste dudalako beharrezkoa dela kazetaritzan, edozein gaitan.

Hainbat euskarritan landu duzu txapelketa. Zein alde dago?

Kazetaritza ikasi nuenean irrati esatari izan nahi nuen, baina gero irakasleek idatzizkora bideratu ninduten, zorionez. Idaztera ohituta gaudenontzat, badago jauzia, baina, idaztean bezala, ikasi egiten da. Zailena telebista egin zait. Batetik, oso azkar egin genuelako dena; eta, bestetik, kazetari irudia eman nahi nuelako: telebistan ikustera ohituta gauden gauza batzuetatik ihes egin nahi nuen, eta, gerora, uste dut serioegi agertu nintzela.

Zure planifikazioa goratu du epaimahaiak. Zein erritmotara lan egin duzu txapelketan?

Oso azkar, baina halako erritmoa gustuko dut: proiektu batean sartzea, pixka bat obsesionatzea, gau eta egun jardutea... tentsio hori gustatzen zait, eta gogoz hartu dut. Kazetaritzaren bidez neure burua topatu dut, eta hor oso eroso sentitu naiz. Izugarri gozatu dut. Halere, ezingo nuke ikasturte osoa erritmo horretan egin.

Radio Vitorian ere jardun zara. Erronka izan al da bertsolaritza erdal mundura hurbiltzea?

Zalantza daukat estrategikoki horrek funtzionatzen duen. Radio Vitoria hedabide erdalduna da: astean ordubete dauka euskaraz, eta nik ordu erdi egiten nuen. Entzulea erdalduna bada eta zu euskaraz ari bazara, entzungo du, baina agian ez du ulertuko. Erdal mundutik bertsolaritzara hurbiltzea nahi badugu, alde erakargarria erakusten saiatu behar dugu. Zintzoki, ez dakit zein den modua, baina ez dut uste hori denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.