Kazetaritza nazio ikuspegitik: batera egin beharreko lana

Euskal Herria irudikatzeko orduan hedabideek daukaten rolaz aritu dira Martin Ugalde foroan egin duten solasaldi batean

Liburuaren egileak, mahai inguruaren aurreko hitzaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
Andoain
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun

Nola lotu kazetaritzan egitura administratiboek zatikatutako nazioa. Horra galdera, atzo Martin Ugalde foroan erantzuten ahalegindu zirena. Herri zatitua josteko bideen bila. Zer egin hedabideetan? kazetaritza eta nazio ikuspegia batzen dituen solasaldia egin zuten Andoainen (Gipuzkoa), eta hizlariek nabarmendu zuten elkarlanean dagoela gakoetako bat.

[YouTube]https://youtu.be/UfR9tENDjcU[/YouTube]

Gaiaz Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko kideek idatzi duten Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan liburua izan dute oinarri mahai inguruan. Lanean, Euskal Herria hedabideetan nola irudikatzen duten aztertu dute lehenbizi. Hedabideek argitaratutako mapak, terminoak eta grafikoak bildu dituzte horretarako. Erabilera horren eragileak ere aztertu nahi izan dituzte; eta, azkenik, gaur egungo egoeran egon daitezkeen aterabideak bilatu nahi izan dituzte egileek.

Asmo berarekin antolatu zuten atzoko solasaldia; bertan izan ziren Arantxa Idieder Gure Irratiko kazetaria, Iban Arantzabal Tokikomeko presidentea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria. Liburuaren idazleek ere parte hartu zuten; Larrañagak eta Maguregik gaia aurkezteko hitzaldi bat eman zuten lehenik, eta Bidegain ibili zen geroko solasaldian moderatzaile.

«Esan dezakegu Euskal Herria izatetik ez izatera pasatu dela». Horrela hasi zuen hitzaldia Larrañagak. Gehitu zuen Euskal Herriaren «desegite» prozesu horretan «rol garrantzitsua» dutela hedabideek: «Libururako elkarrizketatu ditugunek ere berretsi dute hedabideak badirela gertatzen ari den horren parte».

Desegite hori saihesteko, liburuaren egileek ezinbestekotzat jo dute euskal hedabideek «agenda propioa» izatea. Solaskideak bat etorri dira ikertzaileekin. «Agenda propioa motibatzaileagoa da kazetarientzat; albiste bat berak bakarrik ematea. Hau da: airean doan euli bat harrapatzea da kazetaritza; ez mahai gainean daudenak hartzea», adierazi zuen Otamendik. BERRIA, esaterako, agenda hori izaten saiatzen dela azaldu zuen: «Olinpiar Jokoetara joaten garenean euskal kirolariak jarraitzera, gure agenda propioa markatzen dugu; euskal agenda». Arantzabalek, berriz, liburuan aipatutako ideia bat azpimarratu nahi izan zuen: «'Hedabide masiboak funtsezkoak dira demokrazia sendotzeko eta memoria kolektiboa sortzeko', jarri duzue liburuan. Ados nago; masibotasuna agenda markatzeko bide garrantzitsu bat da». Idiederrek entzuleekin lotu zuen agenda: «Zer entzun nahi dute entzuleek? Hori da beti gure lehenengo galdera, eta horren arabera lantzen ditugu gaiak».

«Hegozentrismoaz» ere aritu zen Idieder: «Hegozentrismotik ateratzeko parada ekartzen dugu guk gure presentziarekin. Izan ere, askotan entzuten dugu 'han' Iparraldeari erreferentzia egiteko: 'Zer gertatu da han?'. Horrelako sentipen bat dago: Iparraldea 'han' da».

Euskal Herria modu bateratuan irudikatzeko beste puntu bat ere landu zuten: euskal hedabideentzako datu base kolaboratibo bat sortzeko aukera. «Galbahetik pasatutako datuen irakurketara ohitu gara», aitortu zuen Arantzabalek. Gehitu zuen erakundeetako komunikazio bulegoetatik pasatzen direla datuok: «Ez daukagu datu gordinik, horiekin lan egiteko». Arazoa argi ikusi zuen Otamendik: «Eraikuntza nazionalaz hitz egiten ari gara, eta Gaindegia hiltzen utzi dugu. Nola da posible?». Esan zuenez, euskal hedabide guztientzako «beharrezkoa» da Gaindegia. Idieder ere bat etorri zen: «Bertako datuek laguntza ikaragarria eman digute iturri gisa. Euskal Herria bere osotasunean azaltzen zitzaigun; nazio ikuspegitik lan egiteko oinarriak ematen zituen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.