Hizkuntza gutxituetan ere kalitatezko kazetaritza egin daitekeela. Hori izan zen Vicent Partal Vilaweb hedabide katalaneko zuzendariak, Maria Obelleiro Nòs Diario Galiziako egunkariko zuzendariak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak plazaratu zuten ondorio nagusia, ostiralean Bartzelonako Robert jauregian, hedabide katalanak bertan antolatutako mahai inguruan. Revolució Vilaweb erakusketa aitzakiatzat hartuta egin zuten topaketa, eta gazteengana heltzeko bideez eta publizitateaz aritu ziren, besteak beste.
Normalean, paperean zein euskarri digitalean idatzitakoek elkartu ohi dituzte astero hiru zuzendariak: hiru agerkariek, bakoitzak bere hizkuntzan, argitaratzen duten Zuzendarien Galeusca sailean. Oraingoan, ordea, bertatik bertara aritu ziren. Partalek egin zituen aurkezle lanak, eta BERRIA eta Nòs Diario egunkariekin hedabide katalanak duen harremanaz mintzatu zen: «Bi hedabide horiekin daukagun harremana asteroko artikulu horiez harago doa; guretzat erreferenteak dira».
Hiru komunikabideak batzen ditu ezaugarri batek: guztiek hizkuntza gutxituetan egiten dute kazetaritza—galizieraz, katalanez eta euskaraz—. Hautu horrek dakartzan oztopo eta abantailez aritu ziren lehenbizi. «Badirudi hizkuntza bakoitzak munduko egunkaririk onena izan behar duela, eta, askotan, gu geu behartuta gaudela onenak izatera», adierazi zuen Partalek. Hari horri tiraka, ordea, Otamendik «konbentzimenduz» jardutearen garrantzia azpimarratu zuen: «Hizkuntza gutxituak dauzkagulako bigarren mailako egunkariak garen ideia hori burutik kendu behar dugu».
Konbentzimendu horren adibide gisara, 1996. urtean Atlantan egin ziren Olinpiar Jokoetako pasarte bat ekarri zuen gogora. Azaldu zuenez, Euskaldunon Egunkaria-k garai hartan kazetari bat bidaltzea erabaki zuen Jokoen berri ematera, eta Otamendik argi zeukan munduko gainontzeko komunikabideen pareko zirela: «Kazetariari esan nion TheWashington Post eta TheNew York Times-eko kazetarien artean ikusi nahi nuela, eta, gainera, ingelesez galderaren bat egiteko». Gehitu zuen kazetariei ideia hori helaraztea izan dela zuzendari gisa bere zereginetako bat: «Guk informazioa argitaratzen dugu, eta berdin dio lan hori euskaraz egiteak».
Bat etorri zen Obelleiro ere: «Guk ez dugu nahi jendeak Nòs erostea galizieraz dagoelako soilik, baizik eta kazetaritza ona egiten dugulako». Egiten duten kazetaritza moldearen inguruko argibideak ere eman zituen; «ausarta, konplexurik gabea».
Hain zuzen, Obelleiroren arabera, gobernuarekiko mendekotasunik eza da bere egunkariaren ezaugarrietako bat: «Galizian, eskuinaren arrakastak zerikusi zuzena du bertako hedabideek helarazten duten diskurtsoarekin. Komunikabideei dagokienez, ez dago aniztasun politikorik».
Publiko txikiago bat izateak dakartzan desabantailez ere aritu zen Nòs Diario-ko zuzendaria; egunkaria astean bost egunetan argitaratzera behartzen dituzte baliabide ekonomiko urriek, azaldu zuenez: «Orain, gainera, Ukrainako gerrak paperaren prezioa igo du, eta igoera horrek langile baten soldataren pareko gastua ekarri digu». Bide horretatik, publizitateak egunkariari egiten dion ekarpen ekonomikoaren inguruan galdetu zuen ikusle batek. «Gure egunkarian, publizitateak daukan garrantzia oso erlatiboa da; ez dugu inolako zentsurarik, gure diru iturri nagusia harpidetzetatik datorrelako, ez publizitatetik», argitu zuen Obelleirok.
Komunikabideetan publizitatearen menpeko izateak jar ditzakeen mugez ere aritu ziren, eta Otamendik ideologia askotako alderdi zein enpresen iragarkiak argitaratzearen alde egin zuen: «Zuk argi badaukazu zure ildo editoriala ez dela aldatuko hori publikatzearren, publikatu ezazu».
Finantzaketa iturriekin segituta, paperaren beherakada ere izan zuten hizpide. «Nik ez dut espero gazte batek Nòs-eko paperezko egunkariaren harpidetza ordaintzea. Ez da Netflix ordaintzea bezala; kontu oso ezberdinak dira. Eta egungo gazteek, gainera, ez daukate ahalmen ekonomiko nahikorik», azaldu zuen Obelleirok. Hala ere, euskarriari garrantzia kendu zion Otamendik: «Garrantzitsuena da kazetaritzak aurrera jarraitzea, eta ez paperak. Eta, horretarako, dirua behar da; soldatak ordainduko dituen enpresa bat».
Albisteak kontsumitzeko ohituren aldaketa azpimarratu zuen Obelleirok: «Digitalean ere, ez dute dena goitik behera irakurtzen; sare sozialen bidez sartzen dira gazteak albisteetara». Hirurak bat etorri ziren gazteengana heltzeko zailtasunetan, baina, hala ere, Partalek ikuspegi positibotik begiratu nahi izan zion: «Gure belaunaldia itsututa dago gazteen belaunaldiarekin, baina gure herriko gazteek askotan erakutsi dute badakitela behar denean behar den lekuan egoten».
Kazetaritza, Galeuscatik
Bartzelonan elkartu dira 'Vilaweb', 'Nòs Diario' eta BERRIA hedabideetako zuzendariak, hizkuntza gutxitu batean kazetaritza egiteak dakartzan erronkez eta bestelako gaiez eztabaidatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu