Kazetaritza feminista, kazetaritza ona egiteko

Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu dute, hedabideetako eduki matxistak atzemateko. Egitasmoak «izaera didaktikoa» du, eta hedabideen jarduera «hobetzea» du xede.

Ezkerretik, Bilboko Itsas Museoko zuzendari Jon Ruigomez, Angeriñe Elorriaga (Bitartez) eta Maria Angeles Fernandez (Pikara). ARITZ LOIOLA / FOKU
Ezkerretik, Bilboko Itsas Museoko zuzendari Jon Ruigomez, Angeriñe Elorriaga (Bitartez) eta Maria Angeles Fernandez (Pikara). ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko martxoaren 7a
14:05
Entzun

Matxismoa «bizitzaren arlo guztiak blaitzen dituen ardatza» da, eta kazetaritza ez dago errealitate horretatik aparte. Horregatik, Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Bitartez ikerketa taldeak eta Pikara Magazine agerkariko kideek. Hedabideen eduki matxistak atzematea, sailkatzea eta biltzea da proiektuaren helburua, eta jada ikusgai dago behatokiaren webgunean.

Bitartez ikerketa taldeko kide Angeriñe Elorriagaren arabera, hedabideetan eduki sexistak plazaratzeak zerikusia du «informazioaren kalitatearekin»: «Kazetaritza matxista kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia akats bat izan daitekeen bezala. Ez dago kazetaritza matxista onik». Azaldu duenez, haien asmoa ez da «inor seinalatzea», praktika okerrak atzeman eta hobetzeko bideak proposatzea baizik.

Proiektuaren arduradunek sailkapen bat egin dute, aukeratutako albisteak zergatik diren matxistak hobeto azaltzeko. Bederatzi atal daude sailkapen horretan, eta bakoitza matxismo mota bati dagokio: emakumeen balioa irudi maskulinoekin lotzea, objektibizazioa eta enfasia azalekoan jartzea, indarkeria matxista erromantizatzea edota minimizatzea, emakume hitzaren erabilera erredundantea egitea, hizkuntza distortsioagatik diskriminazioan jardutea, esfera publikoan nomenklaturaren arabera bereiztea, emakumeen arrakastak generoaren araberako mesedeei egoztea, biktima errudun bilakatzea eta alderdi ez-profesionalaren araberako definizioa erabiltzea.

Orain arte, zenbait hedabidetan agertutako hemeretzi lerroburu bildu dituzte behatokiaren webgunean, eta beste 50 aztertuta eta sailkatuta dauzkate, datozen egunetan argitaratzeko prest. «Zoritxarrez, uste dut ez zaigula materiala faltako», esan du Elorriagak. Euskarazko eta gaztelaniazko informazioak aztertu dituzte, eta aurrerantzean ingelesezkoak ere sartzeko asmoa dute, «hau ez baita kontu linguistiko bat; erdarazko eduki matxista bat berdin-berdin izango da matxista euskarara itzulita». Oraingoz, sailkatutako lerroburu guztiak hedabide idatzietan agertu dira, hots, egunkarietan eta agerkari digitaletan, baina ez dute baztertzen aurrerago irratietako eta telebistetako albisteak ere sartzea.

Herritarrei irekia

Egitasmoa zabalik dago herritarren ekarpenetara, eta webgunean badago helbide elektroniko bat, irakurleek matxistatzat jotzen dituzten albisteak bidali ahal izateko. Gainera, «izaera didaktikoa» izango du proiektuak: sare sozialetan arituko dira «jakintza jendarteari transferitu» ahal izateko, eta kazetaritza fakultateetan eta eskoletan erabiltzeko moduko material didaktikoa ere sortuko dute. Aurreikusita dago behatokiak bi urte irautea, oraingoz epe horretarako finantzaketa lortu baitute, baina xedea da epe hori amaituta proiektuak aurrera egin ahal izatea.

Pikara Magazineagerkariak ere parte hartzen du egitasmoan: «Kazetaritza errealitatea aztertzeko aukera ematen duen lanbidea da», esan du agerkariko kide Maria Angeles Fernandezek. «Haren zeregina zera da, botereak eta egiturak zalantzan jartzea. Eta feminismoak irakatsi digu patriarkatua eta matxismoa bizitzaren arlo guztiak blaitzen dituzten egiturak direla, kazetaritza barne». Haren ustez, orain aurkeztu duten tresna berria baliagarria izango da egiturazko makur horiek «desikasi», alde batera utzi, eta «begirada» aldatzeko. 

Egitasmoa orain aurkeztu dute, baina duela bost urtekoa da haren ernamuina. Elorriagak esan duenez, ikerketa bat egin zuten orduan kazetaritza ikasleekin, albisteetan eduki matxistak detektatzeko haien gaitasuna neurtu nahian: «Ikusi genuen ikasleak kontzientziatuta daudela, eta, gainera, nahikoa ondo prestatuta daudela matxismoa atzemateko. Baina, aldi berean, ikusi genuen prestakuntza hori lehenagotik zekartela, eta unibertsitateak ez zuela horretan parte hartu. Orduan hasi ginen behatokiaren ideia mamitzen».

kazetaritza matxistaren zenbait adibide

  1. «Leonor printzesaren dieta zorrotza, sasoian egoteko eta Gavi maitemintzeko».

  2. «Mladenovic, Thiemen neska laguna, irabazle binakakoetan Roland Garrosen».

  3. «86 urteko gizon edadetu bat inputatua, 82 urteko emaztearekin sexu harremanak izaten saiatzeagatik».

  4. «Harvey Weinsteinen ibilbidea amaitu duten emakumeak».

  5. «Isuna, emakume bati goizaldean deitzeagatik maitasun kantak abesteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.