Euskararen Erakunde Publikoak, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitatearen barruko Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Baionan, Kazetaritza Euskaraz unibertsitate diploma sortzeko. Joan den hilean abiatu zen formakuntza, eta 11 kazetari euskaldunek osatuko dute lehen promozioa.
Unibertsitate bakoitzak txandaka eskainiko duen bi urteko trebakuntza profesionalak aukera emanen die ikasleei diploma bat eskuratzeko. «Formakuntza zikloak hiru eremutan gaitasun hartze bat segurtatuko die ikasle-aprendizei: euskara, kazetari lanbidea eta lurraldearen ezagutza», azaldu dute diplomaren sustatzaileek ohar batean.
Hitzarmena sinatu dutenen esanetan, «gaur egun, euskararen presentzia garatzen ari da hedabideetan, euskarazko hedabideak garatzen ari direlako, baita gehienbat frantsesez jarduten duten hedabideetan euskarari ematen zaion lekuari esker ere. Hala ere, hedabideetan euskararen presentzia eta erabilpena garatzeko politikek eta gogoak topo egiten dute euskaldun profesionalak kontratatzeko zailtasunekin».
Sinatzaileek gaineratu dute Kazetaritza Euskaraz diploma «prozesu luze baten emaitza» dela, eta 2019an hasi zela prozesu hori, Euskararen Erakunde Publikoak abian jarri zuenean lurraldeko komunikabideak biltzen dituen lantalde bat. Lantalde horrek datozen urteetarako kazetari euskaldunen behar handia identifikatu zuen, eta horren segida da gaur aurkeztutako formakuntza.