Kazetaritza, betaurreko moreekin

Kazetaritza feminista egiten du BERRIAk; eguneroko jardunean genero ikuspegia sustatzen saiatzen da, eta hainbat hausnarketa eta eztabaida jarri ditu mahai gainean. Hain zuzen, egunkariaren hamar balioetan jasoa dago feminista dela. Apustu horren adierazle dira urteotan sortutako proiektu diferenteak.

BERRIAko langileak Emakunderen sariarekin, iaz. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko ekainaren 26a
14:56
Entzun

Kazetaritza feminista egiten du BERRIAk; eguneroko jardunean genero ikuspegia sustatzen saiatzen da, eta hainbat hausnarketa eta eztabaida jarri ditu mahai gainean. Hain zuzen, egunkariaren hamar balioetan jasoa dago feminista dela. Apustu horren adierazle dira urteotan sortutako proiektu diferenteak.

Aspaldi egin zuen BERRIAk kazetaritza feministaren aldeko apustua; edukietan eta funtzionamenduan genero ikuspegia txertatzea du asmo, eta hortik ari da bidea egiten. Jaso du lan horren aitortza ere: Emakunderen berdintasun saria eskuratu zuen iaz, esaterako. Hala adierazi zuen Maite Asensio kazetariak: «Lortu dugu feminismoa euskaraz jorratzea, lortu dugu hainbat eztabaida eta hausnarketa mahai gainean jartzea, eta, zergatik ez, lortu dugu gure inguruko iruditeria sozial eta politiko batzuk ere eraldatzen hastea. Hori da komunikabideon helburu nagusietako bat, eta harro esan behar dugu».

Konpromisoa eta apustua hor daude; betaurreko moreak jantzita egiten du lan berripaper honek. Baina, nolakoa izan da honaino iristeko bidea? Elene Barandiaran barne antolaketako arduradunak hartu du hitza: «Ni hemen hasi nintzenerako, Egunkaria-ren azken hilabetean, talde batek urteak zeramatzan baldintza eskasetan lanean, baina egunero periodiko bat egiten zuen. Nik bi lan topatu nituen: estilo liburua eta lan ituna. Kontzientzia feminista handiko lanak ziren, iruditeria eta eskubide sorta bat eskaintzen zutenak. Beraz, esango nuke kontzientzia feminista zuen talde handi bat topatu nuela».

Horri eutsi dio Asensiok ere, eta azpimarratu du BERRIA beti izan dela «leku pribilegiatu bat» kazetaritza feminista egiteko: «Oinarria hor egon da, eta izan da zerbait ia-ia kultural-politikoa. Aurreko emakume feministek borrokan lortu zutena, baina baita etxeak beretzat asumitu zuena ere; bere izaeratzat».

BERRIA ikuspegi feminista eta genero ikuspegia sustatzen saiatzen da eguneroko jardunean. Urratsak egin dira, eta horren ondorio dira sortutako proiektu berriak; tartean, Berria FM podcast feminista —2019an jaio zen, Maider Galardiren gidaritzapean; orain, ziklo berria abiatu, eta Uxue Reyk eta Ane Eslabak hartu dute haren lekukoa—. Podcastarekin kazetaritza feministarekiko harremana «estutu» duela aitortu du Reyk: «Etengabe ari gara horri begira. Ohartzen gara kazetaritza feminista ez dela soilik egiten, adibidez, andreei zuzenki loturik dauden gaietan. Gai askori erreparatuta egin daiteke kazetaritza feminista, eta egin behar da».

Abiatutako beste proiektu bat ere bada hilketa matxisten mapa, 2018an sortutakoa; indarkeria matxistak 2003tik hildako emakumeen eta haurren kontaketa egiten du. Asensioren ustez, badago halako albisteei lehen mailako garrantzi politikoa emateko borondate bat. «Apustu serioa egina dauka BERRIAk horrelako informazioarekin. Batzuetan, gainerako hedabideek egina dutenaren nahiko kontrara. Konpromiso horren adierazle izan zen indarkeria matxistaren mapa eta hor egiten den memoria ariketa». Mugimendu feministarentzat «tresna» bihurtu dela azaldu du, Euskal Herriko datuak bildu eta biktimen memoria bideratu ahal izateko. Balioa eman dio horri.

Egindako apustuan jarri du arreta Barandiaranek: «Apustua, gaur egun, erreala, finkoa eta argia da. Baina apustua ere, batzuetan, egin behar izan da». Alardeen gaia aipatu du: «Gatazka handia izan zen gure etxe barrurako ere. Orduko zuzendaritzak apustu bat egin nahi izan zuen momentu horretan. Harpidedunak haserretu ziren, harpidedun izateari utzi zioten, eta publizitatean ere galera bat egon zen. Argi ikusi zen bidea, argi ikusi da non gauden eta non egon behar genuen, baina momentu batzuetan apustua egin behar da. Kontua da argi izatea zein diren zure kazetaritzaren balioak». Hain zuzen, jasoa dago egunkariaren hamar balioetan BERRIA feminista dela.

Mugimendu feministaren loraldia izan du akorduan Asensiok, eta uste du kazetaritza feminista ere bidaide izan duela: «Sentitzen dut BERRIAk egin zuela nolabaiteko akonpainamendu bat debate feministetan. Mahai gainean zeuden hainbat gai eztabaidatu ahal izan genituen lasai, soseguz, kalitatez; nik hori kalean ere jaso dut. Mugimendu feministan gertatzen ziren eztabaidak elikatu ditugu, eta batzuetan guk egindako gauza batzuek ere balio izan dute mugimendu feministan eztabaidatzeko».

Halaber, bidean, eta egunerokoan, zalantzak ere izaten dituztela onartu dute. Lankideen artean eztabaidatzeko espazioa eta denbora izatearen garrantzia azpimarratu du Asensiok. Enpresa barrura begira jarri da gero, autokritika eginez: «Asko hitz egiten dugu BERRIAren produktuaren eredugarritasunaz. Baina, egia da etxe barruan ere baditugula edo izan ditugula desorekak genero ikuspegitik». Horiek konpontze aldera, lantaldeak duen «kontzientzia» nabarmendu du.

Formakuntza, etxe barruan. Kazetaritza feminista egiteko, beharrezkotzat jo dute kazetarien trebakuntza. Hain zuzen, formakuntza feminista egin dute aurten BERRIAko langileek. «Formakuntza ezinbestekoa da. Eta ez bakarrik produktuari begira, baizik barne jarrerei begira». Reyren ustez ere, funtsezkoa da barnera begirako lanketa egitea, eta iruditzen zaio horrek eduki eta formetan lagun dezakeela: «Erneago egotera, behintzat, eramaten gaitu». Bidea urratzen eta hobetzen segitzeko borondatea dute langileek, helburu bat jomugan: BERRIA gero eta feministagoa izan bedi.

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Feministak garenak
kanpora begira
etxea txukuntzeko
a ze mobida!
Botere harremanak
lanaren neurrira
harri bat altxatuta
lau zulo argira
eztabaiden jira
perezaz, motiba
«Egin behar, tira...»
Ze alternatiba?
Deserosoa izan da
ta hori aski da.

Onintza Enbeita

Kazetaritzak baditu
hainbat gauza inplizitu
Zerekin hautsak harrotu
soilik hura existitu
Bozgorailuak bihurtu
behar dira zirrikitu
Ahizpak hiltzen ikustera
ezin gintezkeenez ohitu
Nahiz eta azal batean
ezin den dena kabitu
Nahiz ta notizi batean
ezin den ezer argitu
Ezkutatzen zaizkigunak
ikusaraziko ditu.

Saioa Alkaiza

Mundu zahar honen errelatoa
egin ez dadin erdizka
Egunkaria bihurtu bedi
gizadiaren kronista
Jakin dezagun nola errotu zen
mugimendu sufragista
Behin abortatu zuen andrea,
militante antifrankista,
Greban indartu zen langilea,
gaztetxe baten lehen txispa
Subjektuen zizka-mizka
Kontatu denak aldizka
Lerroburuek zorroztasunez
egin dezatela zizta
Euskal Herria izan artean
kritiko ta feminista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.