Bi urte eta lau hilabete baino gehiago pasatu dira Poloniako poliziek Pablo Gonzalez kazetaria atxilotu zutenetik, espioitza delitua egotzita. Horregatik, kazetarien 11 sindikatu eta elkartek eskatu diote Espainiako Gobernuari berehalako neurriak hartzeko, Gonzalez aska dezaten.
Adierazpena 11 elkartek eta sindikatuk sinatu dute: Euskal Kazetarien Elkarteak, Kazetarien Euskal Elkargoak, #FreePabloGonzalez elkarteak, Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak (FAPE), Kazetarien Elkargo Profesionalaren Sareak, Kazetarien Sindikatuen Elkarteak, Kazetarien Europar Federazioak, Kazetarien Nazioarteko Federazioak, CCOO eta UGTko Kazetarien Elkarteak, eta Mugarik Gabeko Erreportariek.
Kazetarien elkarteek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroari lehenbailehen bilera bat egitea proposatu diete, haientzat Gonzalezen egoera «onartezina» dela ikustarazteko. Sanchezi ere Poloniako presidentearekin izapideak eta negoziaketak hasteko eskatu diote, euskal kazetariaren atxiloketa «onartezina baita zuzenbidearen eta prentsa askatasunaren ikuspuntutik». Gonzalez atzerriko egoera «konplikatu, gerrazale eta asaldatu» baten biktima dela adierazi dute.
Pablo Gonzalez 2022ko otsailean atxilotu zuten Poloniako Barne Segurtasuneko Agentziako poliziek, espioi errusiarra izatea leporatuta. 48 hilabete daramatza behin-behineko preso Poloniako Radom segurtasun handiko espetxean, epaiketarik eta frogarik gabe. Isolatuta bizi da, eta oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiote. Senideen hiru bisita izan ditu denbora honetan, eta ez diote uzten telefonoz hitz egin bere familiarekin, bakarrik bere abokatuekin.
Kazetariek beren lanarekiko errespetua eskatu dute eta «egia azaltzea eta informatzea espioitza gisa ez jotzeko bermea» eskatu dute adierazpenean.