Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariari eraso zion Ertzaintzak joan den ostiralean, Aske Gunean, eta azkar zabaldu da erasoa erakusten duen bideoa. Arbelaitzek BERRIAren Andoaingo erredakzioan erantzun zien irakurleen galderei.
Zorionak han egin zenuen lanagatik, eta, batez ere, erakutsi duzun balore eta profesionaltasunagatik. Esku artean zenuena utzi, eta gau eta egun Aske Gunean ikusi zaitugu. Zerk bultzatu zintuen horretara? Ines Arrue Unanue.
Zerbait potoloa gertatzear zegoen susmoa nuen, eta Argia-n baimena eskatu nuen gau eta egun bertan egoteko. Erresistentzia zibila eta bide baketsuak erabiliz, Euskal Herrian aro berri bat hasiko zuen gertaera dokumentatu eta munduari zabaldu behar geniola pentsatzeak eraman ninduen.
Urkulluren EITBk martxan jarri du beto eta zentsura lotsagarria. Espainiako «demokratek» ia ez dute Aske Gunearen berri. Zer egin dezakegu? Beste bat.
Zentsura hori eskandalagarria izan arren, oso agerian geratu da. Barrukoek atera beharko dute ondorioren bat, bestela, ez doaz ongi. Zer egin? Eskura ditugun baliabideak erabili. Ahoz aho kontatu, sare sozialak erabili materiala zabaltzeko, posta elektronikoa... Betoa jarri arren, tresna garrantzitsuak dauzkagu aurre egiteko.
Zortzi gazteak atxilotzeko aginduaz gain, bideoetan ikusi ahal izan dugu herri harresian zeuden guztiei «min egiteko» agindua zutela. Ertzaintzak ez zizun utzi zure lana egiten. Kazetariek ez duzue babesik? Olaia.
Nik uste dut Ertzaintzak erabaki zuenean kazetariok leku batera sartzea ez zela kontziente zuzenbide estatu batean oinarrizko eskubidea dela informazio eskubidea, eta hori urratzen ari zela. Hori, guk ezin dugu onartu. Guk mugimendu askatasuna behar dugu gure lana egiteko, eta ez badigute uzten, ahal dugun guztia egin behar dugu gure irakurleei informaziorik onena helarazteko. Hala ere, kazetariok badugu babesik: gure komunitatearen babesa.
Zer iritzi duzu Segurtasun sailak esan duenaren inguruan?, hau da, kazetariak egon beharreko lekutik kanpo zeundetenez, beste guztien gisan atera zintuztela zu ere? Maddi.
Gezurra dioela. Ertzainek ez zidaten une batean ere esan kioskora joan behar nuela. Are gehiago, bozgorailuetatik haien oharrak grabatu nituen —ez zuten aipamenik egin kazetarien kokaguneaz—, eta lehen lerroan jarri nintzen ondoren. Horrez gain, esan dute ez nintzela kazetari modura aurkeztu. Bideo eta argazkiek frogatzen dute kontrakoa: hasiera-hasieratik «Prentsa-Press» dioen txartela agerian nuen. Ez kazetariak, ez inor, Ertzaintzak ezin du inor horrela tratatu. Ez da onargarria.
Salaketarik jarriko duzu? Noraino helduko zara? Gazte1+ez.
Printzipioz, ez; baina ez dakit. Zer gertatu zaidan eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso hau salatzea erabaki dut orain.
Atzoko mahai inguruan Beñat Apalategik EAJri dei egin zion, epaiketa politikoak geratzeko aurrerapausoak eman ditzan. Egia al da EAJren oinarriak epaiketa horien aurka daudela? Miren.
Ziur naiz EAJren oinarriek ez dutela begi onez ikusten Ertzaintza etortzea Euskal Herriko gazteak atxilotzera, atxiloketak lege injustuetan oinarritzen badira. EAJko oinarriek pauso bat aurrera eman, eta alderdiko agintariei adierazi behar diete herri harresiaren parte bilakatzen badira herri hau geldiezina dela.
Amaitu da elkarrizketa. Mila esker Lander Arbelaitzi eta parte hartu duzuen guztiei. berria.info.
Eskerrik asko denei galderengatik, ahalik eta ondoen erantzuten saiatu naiz. Bide batez, BERRIAri eskerrak eman nahi dizkiot emandako babesagatik. Asko estimatzen dut. Baita babesa adierazi didaten ehunka profesional eta herritarrei ere. Eutsi goiari!
Aske Gunea. Atxiloketen ondorena. Lander Arbelaitz. 'Argia'-ko kazetaria
«Kazetariak kioskora sartuta, informazio eskubidea urratu zuen Ertzaintzak»
Behin eta berriz eman dizkie eskerrak Arbelaitzek egunotan babesa adierazi dioten herritar eta kazetariei, eta salatu du gezurra esan duela Segurtasun Sailak, berak hasieratik agerian zuelako kazetari kreditazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu