George Lowther Steer, gerra korrespontsala, 27 urte. Hor dago, Gerrikaitzen, aireplano alemaniarren erasoa noiz amaituko, lurrean kukutua; aireplano horiek beraiek ordu batzuk lehenago lehergailuekin ireki duten hamar metro luzeko zulo batean babestu da. Hilobia izan zitekeen; lurra gainera botatzea besterik ez zaio falta. Baina ez. Kazetari honek Gernikara iritsi behar du, eta faxistek egin duten triskantza ikusi behar du bere begiez. Bere eskuez kontatzeko. The tragedy of Guernica, Gernikako tragedia, jarriko dio goiburuan: Town destroyed in air attack, aire erasoan suntsitutako herria. Artikulua telegramaz bidaliko du itsasoaren beste aldera, eta hurrengo egunean argitaratuko dute The Times-ek Londresen eta The New York Times-ek New Yorken, 1937ko apirilaren 28an, faxistek Gernika suntsitu eta bi egunera. Bonbardaketa nazioarteko prentsan agertu bazen ere, Sterren artikulua izan zen gertaera ezagun egin zuena, agerian utzi baitzuen txikizioa, eta Alemania 1936ko gerran esku hartzen ari zela, bere burua neutral aurkeztu arren.
Steer hegoafrikarra zen. Han jaio zen 1909an. Ezagutzen zuen Afrika, eta ezagutzen zituen bonbardaketak. Etiopian urtebete egin zuen, 1935etik 1936ra, The Times-entzat korrespontsal. Ikusiak zituen Italiako armadaren hegazkinak etiopiarren gainera ziape gasa isurtzen eta herriak bonbaz desegiten. Steerrek susmoa bazuen, ordurako, Alemania eta Italia gerra egiteko modu berriak probatzen ari zirela: populazio zibila airez jo eta txikitzea, adibidez. Afrikan egin zuten; baina, Europan? Euskal Herria ez zen Etiopia. Durango bonbardatua akats bat izan zitekeen... Baina Gernikan erasoa errepikatzeak susmoak uxatu zituen; faxisten ankerkeriaz idatzi behar zen bizkor, eta Europa ohartarazi.
Steer Etiopiatik bota zuten Italiako faxistek, eta 1936 bukaeran beren lerroetatik frankistek. Londresera itzuli zen, baina 1937ko ilbeltzean Bilbora bidali zuen The Times-ek, Eusko Jaurlaritza sortu berriaren altzotik emateko gerraren berri. Hilaren 29an emaztea eta haurra galdu zituen Londresen, erditzean, eta hara joan zen. Durango birrindua ikusteko justu itzuli zen. Hala deskribatu zuen, The Times-era bidalitako kronikan: «1937ko martxoaren 31 arte, munduaren historian populazio zibilaren kontra egin den bonbardaketa izugarriena».
Apirilaren 26ko iluntzean Gernikatik berriak iritsi ziren Bilbora. Gau hartan bertan, Esteban Urkiaga Lauaxeta idazleak Gernikara gidatu zituen kazetariak; han zen Steer ere. Goizaldean itzuli ziren Bilbora. Kazetariek berria eman ahala hasi zen Francoren bertsio ofiziala zabaltzen: gorriek erre dute Gernika.
Apirilaren 27an goiz jaikirik, Gernikatik Bilbora iristen ari ziren errefuxiatuekin hitz egin zuen Steerrek. Autoa hartu eta Gernikara itzuli zen. Lautik hiru etxe birrinduak, ospitale suntsitu batean 30 gorpu, oraindik sutan zeuden eraikinak... Bezperakoa, zoritxarrez, egia zen. Lekukoekin hitz egin, datuak hartu, bazterrak miatu. Egina zegoen kronika. Kontatzen dituen ankerkeriengatik ez balitz, testu lehorra litzateke, larderiarik gabea.
Gutxitan izan du artikulu bakar batek halako eragin diplomatikoa, hala ere. Gernikako erasoa «gorriei», «euskaldunei», eta «meatzari asturiarrei» egozten tematu ziren frankistak. Baina Erresuma Batuan, Frantzian eta AEBetan bihotzak hunkitu zituen kronikak; ahaztu gabe Alemaniak etorkizunean egin zezakeenaren izua ere handia zela.
Kontakizun «zuhurragoa»
Alemaniak hariak mugitu zituen. The Times-eko editoreak azalpenak eskatu zizkion Steerri:«Beste ikuspegi batzuk» aintzat hartu eta kontakizun «zuhurragoa» eskatu zion. Apirilaren 28an bertan erantzun zien Steerrek: «Ehunka jende etxegabe eta nahigabeturekin hitz egin dut, eta den-denek gertaeren deskribapen zehatz bera egin didate. Ikusi eta neurtu ditut Gernikan bonbek egindako zulo erraldoiak. Rheindorf factory, 1936 idatzia zuten aluminiozko bonba su eragile alemanak aurkitu dituzte Gernikak, lehertu gabe». Dudarik ez.
Abisu eman zioten, frankistek harrapatuz gero, bertan fusilatuko zutela. Faxistei ez zitzaien komeni munduak jakitea Alemaniaren eta Italiaren neutraltasuna ustezkoa baino ez zela. Gaur egun oraindik, Italiak ez du Gernikako erasoa onartu, ezta Espainiak ere. Alemania izan da bakarra; 1997an, Roman Herzog presidenteak erasoa aitortu eta barkamena eskatu zuen. Aurten esker ona agertuko diote: Herzogi Gernika Saria emango diote gaur.
Steerri gorazarre egin zioten atzo, bestalde. Ekitaldian izan ziren, beste askoren artean, Gernikako eta Nagasakiko udal ordezkariak eta Graham Keely The Times kazetaren Espainiarako korrespontsala. Steerren lan «miresgarria» goratu zuen Keelyk; haren kronika edozein kazetarik «harro» sinatuko zuela adierazi, eta Pablo Picassoren Guernica koadroa inspiratu zuela nabarmendu zuen.
«Eskerrak kazetari zintzoak dauden», adierazi zuen Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, bonbardaketari buruz Espainiak urtetan esandako «gezurrak» gogoan: «Steer izan zen gure herria jasandako ezbeharraren, lazturaren, bidegabekeriaren berri eman zuen kazetaria». Kazetariei gogorarazi zien «iritzi publikoaren sortzaile» direla, eta, Sterrek bezala, indarkeria sustatuko ez duen hizkera erabiltzera deitu zituen.
Steer ez zen kazetari hutsa izan, ordea. Euskal herritarren aldera lerratu zen, Etiopian etiopiarren aldera lerratu zen bezala. Erresuma Batuek Euskal Herriko 4.000 ume erbesteratu hartzea haren diplomazia lanari zor zaio. Hilabete gutxi egin zituen Euskal Herrian, baina loturik gelditu zen euskal herritarrengana. 1944an, Erresuma Batuko zerbitzu sekretuentzat lanean, Birmanian zegoen, japoniarren aurkako gerran. Han hil zen, auto istripuan. Hilotzari urrezko erloju bat aurkitu zioten eskuturrean. Agirre lehendakariak oparitu zion hura bera zen. «Steerrentzat, Euskal Errepublikak» jartzen zuen hura. «Kazetari zintzo» bati oparitu ziotena.
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena. George Steer
«Kazetari zintzoaren» soa
Gernikako bonbardaketa euskal herritarrei egozten tematu zen Franco, baina Steerrek ez zuen dudarik izan: munduari kontatu zion Alemaniako Kondor Legioaren lana izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu