«Kazetari grinak» bultzatuta

Martin Ugalderen mendeurrena oroitzeko hitzaldiak hasi dira. Nerea Azurmendik haren kazetaritza lanaren joritasuna nabarmendu du

Nerea Azurmendi, atzo, hitzaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Andoain
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun

Martin Ugalde kazetari eta idazlearen jaiotzaren mendeurrena izango da aurki, azaroaren 11n, eta horren harira antolatutako hitzaldi sortako lehen alea izan zen atzo, Martin Ugalde kultur parkean bertan, haren sorterrian, Andoainen (Gipuzkoa). Nerea Azurmendi kazetariak eman zuen Martin Ugalde, historia egin zuen kazetaria hitzaldia. «Fribolo» ez jokatzeko nahia agerian utzi zuen hasieratik, eta ororen gainetik nabarmendu nahi izan zuen zer ikertua franko dagoela Martin Ugalde eta haren belaunaldiko beste hainbat profesionalek zer ekarpen egin zuten aztertzeko, nolako kazetariak izan ziren jakiteko. Ugalderen inguruan eginda dauden lanak «josiz», ordea, «hurbilketa» bat egin zuen, «azientifikoa», baina zentzuz betea. Nabarmendu zuen Ugaldek landutako jarduera eremuen zabaltasuna, eta gehienetan erakutsi zuen oparotasuna: baita kazetaritzan ere. «Une eta arlo ugaritan egin zuen historia, baita kazetaritzan ere». Izan zituen jarduera ugarietan «hierarkia» bat ezartzea ezinezkoa dela uste du Azurmendik, baina usu agertzen dela horietako askotan haren «kazetari pultsua», setatsu, haren izaeran zuztartuta ia.

«Kazetari grina ageri da; noiznahi eta non-nahi azalera eta paperera irteteko era aurkitzen du». Ugaldek erabiltzen zituen, gainera, «komunikatzeko bide guztiak», eta obra oparoa utzi zuen, adibidez, ele biz; euskaraz eta gaztelaniaz. Kazetari lanetan Andoainen bertan hasi zen, gaztetan, Diario Vasco egunkarirako herriko kronikak idazten. Nabarmendu egin zuen lan hori bere gain hartzeko era eman ziotenean, Ugalde gazteak eman zuen erantzuna: «Ni beti idazteko prest». Halaxe jarraitu zuen beti. «Komunikatzeko behar» bati atxikia, eta horretarako dohainen jabe. Venezuelara joan zenean, esaterako, kazetari lan sendoa egitea lortu zuen, eta hango hedabide garrantzitsuetan aritzea.

«Basamortuan» ere kazetari

Euskal Herrira bueltan ere, jarraitu egin zuen. Edade bat bazuen ordurako, eta familia baten ardura izateaz gain, «abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren» aldeko konpromiso hainbatetan ari zen, baina hedabideetan idazten jarraitu zuen. Orduan Euskal Herriko kazetaritza jarduna, hark zekarren eskarmentuarentzat, trebakuntza jasoarentzat —AEBetan ere kazetaritza ikasketak eginak zituen ordurako— «basamortu» bat ere bazela adierazi zuen Azurmendik, baina irmo eutsi ziola beti Ugaldek kazetaritzarekiko konpromisoari, baita usu haren nahiak eta tokatzen zitzaizkion une historikoak bat ez zetozela ematen bazuen ere. «Venezuelatik zekarren prestakuntzarako , adibidez, goizegi heldu zen euskarazko kazetaritzara».

Adierazi zuen kazetari lanetan sarri askotan «bere interes pertsonalak baino handiagoa zen zerbaiten alde» jardun zuela. «Nahien eta aukeren» arteko deman irudikatu zuen Azurmendik Ugalde kazetaria. «Testuinguruak izugarri markatu zuen», nabarmendu zuen: «Nahia eta aukera une oro presente daude, kazetari grinarekin batera».

Ugaldek egindako lanen gainbegiratu bat aurkeztu zuen Azurmendik. Diario Vasco, Deia eta Zeruko Argia hedabideetan egindako lanak izan zituen hizpide, besteak beste. Ezin bestela, azken urteetan sortzen lagundu zuen hedabidean ere izan zuen tokia: Euskaldunon Egunkaria-n. Leku oso garrantzitsuak betetzen jardun zuen maiz Ugalde kazetariak, eta euskarari zenbait tokitan ematen dizkioten eremu bazterrekoak zer diren ere bazekien: «Martin Ugaldek ere sufritu zuen euskal txokoaren sindrome hori». Alde horretatik, Azurmendik nabarmendu egin zuen Ugalderen begiradaren zolia ere. «Gabeziak atzemateko gaitasuna izan zuen, eta zentzu askotan euskarazko kazetaritzaren gabezia nagusiak atzeman zituen, eta saiatu zen bideratzen». Izan zuen jardunbide luzean «hizkuntzen arteko talkaren zurrunbiloaren» barruan maiz egon zen Ugalde. Baina nahas-mahas horrek ez irensteko era zein zen argitu zuen: «Ugalde izan zen aurrenetakoa frogatu zuena gaztelania nagusi den hedabide batean euskararen tokia beti izango dela subsidiarioa». Uste du Euskaldunon Egunkaria sortzeko prozesuan hartu zuen konpromisorako ezinbestekoa izan zela hori.

Benetan haren kazetari lana zer izan zen ikertzeko beharra nabarmendu zuen Azurmendik. «Transmisioa etengabe aipatzen da, baina askotan lerroburuetan geratzen da. Benetan transmisioaren mamia belaunaldi batetik bestera transmititzeko, gauza askotan sakondu behar da». Hor, uste du Ugalderen lanari begira zer ikasia badagoela, eta ezinbestekoa dela ikertzea. «Bolumena dauka Martin Ugalderen bizitzak, bolumendun bizitza profesional eta pertsonala da. Geure buruari zor diogu haren lana ezagutzea, eta beste askorena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.