Kazetari elkarteek babesa agertu diote 'Argia'-ko kazetariari

'Mozal legearen' ondorioz Axier Lopezi ezarritako zigorra gaitzetsi dute. Arauak eragin ditzakeen kalteez ohartarazi du Hekimenek

Mozal legearen kontrako manifestazioa Bilbon, iaz. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
2016ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Kazetarien elkarteek elkartasuna adierazi diote Argia aldizkariko Axier Lopez kazetariari. Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legearen ondorioz, 600 euroko isuna ezarri diote, Twitterren gazte bat atxilotu zuteneko argazkiak «baimenik gabe» argitaratzeagatik. Mozal legearen zigorra gaitzetsi dute EKE Euskal Kazetarien Elkarteak eta FAPE Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak. Bestalde, kazetaritza ez dela delitua esan du Hekimen euskal hedabideen elkarteak.

Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, dagoeneko 6.217 zigor ezarri dituzte legearen ondorioz. Hala ere, oraingoz urriak izan dira kazetarien aurkako isunak. Euskal Herrian lehena da Axier Lopezi jarritakoa. EKE eta FAPE elkarteen arabera, legeak informazio eskubideari zuzenean erasotzen dio, eta, beraz, komunikabideetako profesionalek garatzen duten lanaren kontra egiten du: «Gogorarazi nahi dugu informazioaren profesionalek autoerregulaziorako neurriak baditugula, gure arau eta kode deontologikoen bidez arautuak. Horregatik, mozal legea berehala kentzeko eskatzen dugu».

Elkartasun mezu ugari jaso ditu Lopezek; elkarte, sindikatu eta komunikabideek babesa erakutsi diote, eta baita hainbat alderdi politikok ere. Argia-ko lantaldeak erabaki du isuna ez ordaintzea eta helegitea jartzea. Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranek BERRIAri adierazi dionez, zigorrak oinarrizko eskubideei egiten die eraso: «Informatzeko, manifestatzeko eta protestatzeko eskubideetan ezin da atzerapenik onartu. Hori guztia salatu beharra dago».

Behar bezala informatzeko, jendearengandik hurbil egon behar dela nabarmendu du Barandiaranek, eta baita bidegabekerietatik gertu ere. «Informatzea eta kazetaritza egitea ezin dira inoiz delitu izan. Kazetaritza egitea gertatzen denaren berri ematea da, ahalik eta modurik hurbilenean; eta horrek esan nahi badu delitua dela argazki batzuk ateratzea, zentzugabekeria ikaragarria da». Mozal legeak dakarren kalteaz ohartarazi du Hekimeneko zuzendariak: «Edozein kazetari eta herritarri gerta dakioke halako zerbait. Ondorio gaiztoena da beldurtzeko aukera ematen diola legeari edo aginteari; autozentsura ezartzen du berez zentsurarik egon beharko ez lukeen tokian».

Hilabete gutxi barru urtea beteko du mozal legeak, eta alderdi gehienak legea kentzearen alde agertu dira; astelehenean legearen aurkako adierazpen bat onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta soilik PPk bozkatu zuen arauaren alde.

Deialdia datorren asterako

Donostiako Libre taldeak Mozal Legearen Kontrako Astea antolatuko du datorren asterako hiriburuan. Hala, asteazkenean, Komunikabideak. Adierazpen askatasuna eta mozal legea hitzaldia eskainiko dute Boro, Lander Arbelaitz eta Sergio Labayen kazetariek, Kaxilda liburutegian. Hitzaldiaren aurretik elkarretaratzea egingo dute Easo plazan, Stop ley mordaza, adierazpen askatasuna lelopean. Bertan Argia-ri jarritako zigorra salatzera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.