Duela lau urteko Korrikaren azken eguna zen, igandea, eta «bizitzaaldatu» zitzaion Martin Garitano kazetariari (Bergara, 1963): politikarako jauzia, ustekabean; eta, bi hilabete barru, Gipuzkoako ahaldun nagusi zen. «Apirilaren 17a zen, Korrikaren bukaera, eta, Donostian Gara-ren kilometroa egin ondoren, lagun bat etorri zitzaidan, eta nortasun agiria eskatu zidan, fotokopia bat egiteko behar zuela. Utzi nion, eta bueltan galdetu zidan ea onartuko nuen Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusi izatea. Ezustean harrapatu ninduen, nola ez. Lagun batzuekin hitzordua neukan Parte Zaharrean, eta esan nien ea nahi alzuten ezagutzea hurrengo diputatu nagusia. Ezetz, festaz gozatu nahi zutela. 'Lasai, ez da etorriko. Neu izango naiz...'. Nik dagoeneko baneukan ilusio puntu bat».
Hurrengo eguneko arratsaldean bertan egin zuen Bildu koalizioak (ezker abertzalea, EA, Alternatiba) Hegoaldeko hautagaien aurkezpena komunikabideen aurrean, Donostiako hotel batean. «Kazetari pila bat zegoen, denak ezagunak neuretzat, eta han ari ziren ea nor ote zen Gipuzkoako zerrendaburua, eta abar. Prentsaurrekoa hastera zihoala hizlarien mahaian eseri nintzenean, harrituta geratu ziren kazetariak».
Epaitegi kontuak izan ziren ondoren. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia maiatzaren 1ean: baliogabetzat jo zuen Bildu, ETArekin zerikusia zuelakoan. Kanpaina hastear zegoela onartu zuen legezkotzat Konstituzionalak. «Maiatzaren 3an, Madrilen izan ginen Bilduko batzuk, [Espainiako] Kongresuan prentsaurreko bat emateko asmoz, baina hango Mahaiko buru Jose Bonok ez zigun utzi, 'terroristen testaferroak' ginela esanda. Kongresuaren kanpoaldean eman genuen prentsaurrekoa. Handik bi egunera ere kalean ginen gure parte hartzea aldarrikatzen: Bilbon, Areatzan. Maiatzaren 5eko gauerdian hasizen kanpaina, baina gaueko hamabietan artean ez zegoen Konstituzionalaren erabakirik, formalki behintzat. Ia hamabi eta erdietan jakin zen. Gau magikoa izan zen».
Gau hartan ikusi omen zuenGipuzkoan, bederen, irabazi egingo zutela. «Indarra suma zitekeen». Eta kanpaina hasi zen, biastekoa. Bukaerako emaitza bat: Garitano hamar kilo argalduzen. «Ez nintzen geratu ere egin: goizean halako herrira joan, gero bazkaltzeko tarterik ez , eta pintxo batekin konformatu behar, elkarrizketa batzuk, arratsaldean beste ekitaldi bat… Zoramen bat izan zen hura».
Maiatzaren 22an, hauteskunde egunean, goizean bozkatu zuen, Donostiako Antiguan, lauzpabost lagunekin batera. Etxean bazkaldu, lo kuluxka egin, eta Atano III.a Donostiako pilotalekura joan zen, han baitzuen Gipuzkoako Bilduk hauteskunde gaueko gunea. Hautetsontziak itxi aurretik, arratsaldeko zazpiak aldera, kazetari lagun baten deia jaso zuen. «Martin, bozkalekuen atarietan egindako inkestetan Bildu asko entzun da, asko». Gero ikusi zen emaitza:Bilduk Gipuzkoan 22 batzarkide, eta bigarren indar EAJk, 14. «Hura ere gau berezia izan zen».
Horrenbeste aulki izanda, Garitano «seguru» zen inbestiduran bera izendatuko zutela diputatu nagusi. «Taldekide batzuk ez zeuden seguru. Baina EAJk PSErekin eta PPrekin bat egin behar zuen, Gipuzkoako alkate gehienen (Bildukoen) aurka gobernatu beharko zukeen, eta hori ez zen lagungarria izango EAJrentzat». Garitano agintera, ekainaren 23an.
Diputazioan, behin egona
Ahaldun nagusi hautatu etaestreinako astea diputazioko jauregian «bakarrik» egon zen,gobernurik eta lantalde propiorik gabe. Kide bat baizik ez zeukan ondoan. «Etxea ezagutzen» pasatu zituen lehen egunak. Aurrez,han behin baino ez zegoen egona: 1984an. «GALek Santi Brouard hil eta hurrengo goizean izan zen. Egin-eko kazetari gisa joan nintzen. Izan ere, Xabier Lete aldundiko bozeramaileak prentsaurreko bat eman zuen».
Garrantzi handikoa da diputatu nagusi kargua, baina Garitanok dio saiatu dela lehengo bizitza soziala egiten. Etxe berean bizi da, betiko lagunekin ibili da, betiko lekuetan. Beraz, laneko ordutegiak ahalbidetzean, «bizimodu arrunta». Ohi bezala, goizeko seietan jaikitzen da, eta ordenagailua pizten du, atari digitalei begiratu bat emateko. Zortzietan etxetik atera, eta hamar minutu barru Donostiako Gipuzkoa plazan izaten da, diputazioan. Aurreneko ordu erdian, «errutinazko» gauzak: kafetxo bat hartu, egunkariak leitu —«prentsa zorrotz aztertu dut lau urteotan ere»—, posta elektronikoa begiratu. Gero, agendaren araberako eguna: bisitak, bilerak, agerraldiak... Gauean, hamar eta erdiak aldera, ohera. Tartean, saiatu da beti etxean bazkaltzen. Kanpoan bazkaldu behar izan duenean, lagunen batekin bazen, eguneko menua. Bazkari ofiziala-edo bazuen, «nahikonormal orduan ere: entsalada edo berdura, eta gainean, arraina-edo».
Garitanok ez dauka gidabaimenik, eta diputazioak jarritako auto ofizial «arrunt bat» erabili du—Ford Mondeo bat—, oinez eta taxian ere ibili den arren. «Sekula ez naiz hain puntual ibili». Diputatuen asteroko bileretan ere, betigaraiz. «Astearteroko gobernu bileran aretora sartzen neu izan naiz aurrena, eta banekien diputatuak zein ordenatan helduko ziren: nire ondoren Ander Rodriguez, gero Garbiñe Errekondo... Lau urtean berbera izan da hurrenkera».
Hiru kabineteburu izan ditu: Iñaki Errazkin, Juan Karlos Alduntzin eta Agurne Barruso. Ez du ahazten oposizioak 2012ko uztailean Alduntzini egin ziona, hura Ingurumen diputatu zenean: «Agintaldian mingarriena egin zaidana Alduntzinen aurkako zentsura mozioa izan da. Bildu eta ahaldun nagusia zigortu nahi izan zituzten haren kontra eginda. Ez ziren ausartu nire aurka egitera. Kanporatu egin zuten Alduntzin, jendaurrean; hori itsusia eta gogorra izan zen».Gero, kabineteburu jarri zuten Alduntzin, eta, handik hamar hilabetera, kargua utzi zuen; Barrusok ordezkatu zuen.
Hirurekin eduki du Garitanok lan egiteko modu bera. «Agindu didatenaren modukoa izan da...», dio. «Ikuspegi orokor bat izan behar dut, gero hori helarazteko gizartera eta bileretara. Dena dela, nire zeregin nagusia, hein handi batean, ordezkaritza lana da. Jendeari gustatzen zaio bere ahaldun nagusia ondoan izatea. Horrelakoetan entzutea da helburua, hori gero diputazioan dagokionaren eskuetan lagatzeko».
Era guztietako gaiak tokatu zaizkio mahai gainean, eta mikrofonoetan. «Kazetari gisa badut esperientzia bat, baina gauza guztiez ez dakit, jakina. Beraz, adibidez, ekonomiari buruzko zerbait izandakoan, aurretik Helena Francorekin egon izan naiz, hura delako gure gobernuan aditua». Hedabideetako elkarrizketetan moldatu dela uste du. «Politikari batzuek elkarrizketen aurretik erreparoak izaten dituzte gai batzuekin. Nik kazetariei beti esan diet nahi zutena galdetzeko. Lagungarri izan zait urteetan kazetari eta tertulietan ere aritu izana».
'Zorte' bat: donostiarrik ez
Diputaziora heldu aurretik, erakundea «oso Donostiakoa» iruditzen zitzaion. Ahalegindu da irudia aldatzen, nabarmendu duenez. «Gure gobernuan zorteon bat eduki dugu, hala esan badaiteke: ez dago donostiarrik. Donostian bizi garenak hiru gara, baina inor ez da Donostiakoa bertakoa. Aniztasun horrek aberastu egin du gure sentsibilitatea». Gainera, herrialdeko kezkak-eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, hilero bi-hiru aldiz joan dira udalerrietara, egun osoko bisita programatuak eginez, denetara joateko astirik izan ez badute ere. «Gipuzkoar guztien alkatea da ahaldun nagusia, eta beti esan dut pixka bat Donostiatik ihes egin behar dugula, Donostiak bai baitu bere alkatea, eta diputazioaren zereginak ez du izan behar horrenbeste Zinemaldia edo Musika Hamabostaldia. Beste herrietan ere badira ekitaldiak eta proiektuak, eta haiek ere kontuan izan behar ditugu. Gipuzkoa oso aberatsa da».
Diputazioko Julio Urkixo aretoan ari da hizketan BERRIArekin, liburu bilduma zabal baten erdian den mahaian. «Toki lasaia da hau, eta goxoa». Euskal kulturaren eragile garrantzitsua izan zenUrkixo (1871-1950). Beste Urkijo batek buruhausteak eman dizkie: Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak. Euskaragatik, Nafarroaren aipamenengatik edota Espainiako banderagatik jo du hark aldundiaren aurka ere, parte sartuta. «Ez du onartzen euskal gizarteak nortasun propio bat duela eta bere erabakiak hartzen dituela. Urkijo ez da ohartzen bandera bat maite ez bada eta inposatu egiten bada, trapu bat besterik ez dela». Lehendik ezagutzen dute elkar biek. Garitano Radio Euskadi irratian solaskide zela, PPko parlamentario zen sasoian Urkijok aurkeztu izan zuen galderarik Eusko Legebiltzarrean hura irratitik kentzeko eskatzeko.
«Arduraz»
Euskal presoen eskubideen alde aritzeagatik ere jaso ditu presioak Gipuzkoako ahaldun nagusiak. ETAren biktima omenaldi guztietara ez delako joan ere bai. Eta Adegi patronala ez du alde izan. Hondakinen aferagatik ere egin dizkiote kritikak. Kutxabanken auzian, berriz, Bildu bakarrik geratu da instituzioetan. Dena dela, Garitanok «kontzientzia lasai» dauka. «Giza eskubideen alde aritu da gure gobernua. Joxe Mari Korta zenaren omenaldira joan naiz, esate baterako; Lehen aldia 2012koa izan zen, eta ez zen erosoa izan, familiarentzat ere ez, baina denek dakite ondo egin nuela joanda. Ez dugu nahi inork gehiago sufritzerik. Arlo sozialean, beste kultura politiko baten alde egin dugu. Ekonomian, enpresa denak hartu ditugu kontuan, ez Adegi bakarrik. Hondakinetan, berriz, gauza logiko bat egin dugu: birziklatzearen aldeko neurriak hartu ditugu, eta emaitzak hor daude, lehen baino nabarmen hobeak; Europak berak ere aitortu du berriki».
Eta azpimarratu du «beti arduraz» aritu direla. Zerga irregulartasunen kasua jarri du adibidetzat: «Dirua atzerrian zeukaten gipuzkoarren zerrenda heldu zitzaigun, eta Ogasuneko Sailetik ez da atera; neuk ez dut ikusi nahi izan. Frogatu da ezker abertzaleak seriotasun osoarekin jorratu dituela halako gaiak. Aurretik batzuek zioten 'arrisku' bat zegoela guk Ogasuneko datuak izango genituelako, eta ea zer pasatuko zen. Hori ere erori zaie. Gaia edozein zela, gure jarreragatik deskolokatuta egon da EAJ». Garitanorentzat, Kutxabank izan da «frustrazio nagusia»; «halako entitate bat esku pribatuetan geratzeko arriskua dago, EAJren erruz».
Gaiak bai, denetik jorratu behar, baina aldundia ez da botika bat, batzuek hala uste arren. Jende bat lan eske joan zaio Garitanori. Beste behin, batek eskatu zion unibertsitateko errektoreari deitzeko, Zuzenbidean izena emateko epea pasatu egin zitzaiola eta. Donostian, emakume bat Kontxako toldo zehatz bati buruz galdezka joan zitzaion. «Donostiako beste kontu batzuk ere aipatu izan dizkidate kalean, Izagirre alkatearekin deskuidatuta.» Gertatu izan zaizkio gertaera bitxi gehiago. Kasurako, aurten Urepelen Korrika hastear jendetzaren erdian zegoela gizonezko bat joan zitzaion, eta galdetu zion ea diputazioan zer protokolo duten Asiako liztorrari buruz.
Segurtasun kontuak
Gipuzkoako herritarrekin eta eragileekin ez ezik, Euskal Herriko eta munduko kargudun instituzional garrantzitsuekin biltzeko aukera izan du. Protokoloak garrantzia du halakoetan. «Hasieran, horretaz ez genekien ezer. Entzuna genuen protokoloaren tirania dagoela. Asko markatzen du. Baina gauzak erraztu egiten ditu».
Enbaxadore asko pasatu dira diputaziotik. 2011ko urrian Aieteko Nazioarteko Konferentzian harrera lana egitea tokatu zitzaion; «ohore bat izan zen, historikoa izan zelako». Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiarekin hiru aldiz egon da —bitan, hura karguan zela—; «hura ezagutzea ere ohorea izan da; gizon berezia da, eta Hego Amerikan ate asko zabaldu dizkigu». Iaz, Fidel Castro Kubako presidente ohiaren seme Fidelekin egon zen Donostian, Nanogunea bisitatzen. Espainiako ministro batekin ere bildu izan da: Cristobal Montoro Ogasunekoarekin, iaz, Jaurlaritzako eta Bizkaiko eta Arabako beste foru ordezkariak ere han zirela... Espainiako Errege Etxetik jaso ditu gonbitak; sekula ez da joan. «Ez dute eskatzen baiezkoa ala ezezkoa ematea, baizik eta konfirmazioa».
Oroitzen da «zelebrea» izan zela Montororekin Madrilen bildu zireneko irteera. «Bilera arratsalde batez zen, eta aurrez lankideei esan zien gero Madrilen geratuko ginela: afaldu, lo, eta hurrengo goizean buelta. Ezetz esan zidaten, segurtasunagatik. Bale. Iritsi ginen hegazkinez Barajasera, eta, atea ireki zenean, han zegoen taxilari bat kartel batekin: Martin Garitano».
Ahaldun nagusi zela, behin Almeriara (Espainia) joan zen euskal preso bat bisitatzera. Aireportuan Guardia Zibilaren buruak aipatu zion Donostiako alkatea dela «informatu» zutela. Ezetz, Garitanok, ahaldun nagusia zela bera. «Aireportuko kontrol postua pasatu gabe joan nintzen hari esker».
Beste behin, Madrilen bere kasa zebilela, Plaza Nagusian taberna batean sartu, eskatu garagardo bat, eta zerbitzariak segituan: «Zu, zu, zu...». «Bisera batekin nengoen, baina ezagutu egin ninduen. Arren nire izenik ez aipatzeko esan nion; konplitu zuen». Madrilen bertan, beste egun batean, KaleNagusian hiru mutil aurrean jarri zitzaizkion, Gari, Gari, Garitano ezagun egin zen abestia kantatzen. «Esan nien ez nituela ezagutzen. PPkoak zirela erantzun zidaten. Besterik gabe joan ziren,arazorik sortzeke».
ABC egunkariak sortu zizkion problemak behin, Arnaldo Otegi presoa bisitatu zuenean. «Agintaldian, behin bisitatu ahal izan dut Otegi, eta ABC-k guk hitz egindakoa argitaratu zuen segituan». Maiz erabiltzen du Garitanok haren preso zenbakia; adibidez,diputatu nagusi izendatu zuten saioan. «Eskandalu politiko bat da Otegi preso egotea».
Memoriak
Joan den martxoren 26an, Lizartzan eta Leaburun izan zen bisita instituzional batean, eta 10-11urteko mutiko baten galderari erantzunez iragarri zuen datorren uztailean Gara-ra bueltatuko dela, «sanferminetan egon ostean». Ohiko lanbidera. Alde horretatik, sumatu du beste alderdietako kideekiko alde bat: «Bildun gabiltzanok aldi baterako gaude politikan; beste alderdietako asko, ez. Niri horrek askatasun handia eman dit hemen aritzean».
Lau urteoi buruzko memoriak idatziko ditu. Izenburua Lau urte eta egun bat izan daitekeela aurreratu du. «Sartuko ditut pasadizoak, baina islatu nahi dudana da politika beste era batera egin daitekeela». Buruan dauzka agintaldiko kontuak. «Artxiboak baino hobeto funtzionatzen dit buruak».
Dena dela, badaezpada gauero gauza bat behintzat, apuntatzen joan behar izan du: aurresku kopurua. «Ahaldun nagusi naizenetik 297 egin dizkidate». Azkena herenegun, Urretxun. Gaur Herri Urratsen izango da, Senperen.
Udal eta foru hauteskundeak. Agurrak. MARTIN GARITANO
Kazetari bat agintean, tarte batez
Orain dela lau urte, azkeneko unean, Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusi izateko proposamena egin zioten, eta, nolabait, onartu egin behar izan zuen. Handik bi hilabetera, diputazioko agintean zegoen. Aurtengo uztailean, betiko lanbidera itzuliko da, eta dio legealdiko memorien liburu bat idatziko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu