Kattalingunek 38.000 euro gutxiago jaso ditu Nafarroako Gobernutik

LGTBI kolektiboak salatu du Kattalinguneko zerbitzuak eta langileak arriskuan daudela

Zenbait LGTBI kolektibo Kattalinguneren egoera salatzen, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kattalingune Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ia 38.000 euro gutxiago jaso ditu Nafarroako Gobernutik, eta hori salatzeko bildu ziren atzo, Iruñean, Nafarroako LGTBI elkarteak. Azaroan izan zuten egoeraren berri, Nafarroako Gobernuak, berdintasun institutuaren bitartez, zerbitzuaren kontratuaren lizitazio publiko bat iragarri zuenean. Elkarteek ikusi zuten zerbitzuak garatzeko baldintzak urriak zirela lizitazio horretan.

Ikusi gehiago:«Ez dakigu zer gertatuko den Kattalingorriko zerbitzuekin urtarriletik aitzina»

Arreta ordutegi zabalagoa, baina aurrekontu txikiagoa. Hori da arazo nagusietako bat, atzo Nafarroako Parlamentuaren aurrean bildu zirenen ustez. Dekumas, Despertrans, EHGAM, Safikak, Transkolore, Ilotaledo, Naizen, Lugatibe, 28J eta Kukuluak elkarteek sinatutako oharrean, kezka nagusitu zen:«Astean zortzi ordu gehiago eskainiko zaizkio jendeari, baina aurrekontua apaldu digute. Orain arteko zerbitzuaren jarraipena arriskuan dago», adierazi zuen Naizen elkarteko Maitane Unzuk.

Elkartearen ibilbidea

2016an Kattalingune sortu zenetik, LGTBI kolektiboko kideei eta ingurukoei laguntzea izan dute helburu, bai eta sexu eta genero aniztasunari buruzko formakuntza eskaintzea ere. Arretarako bost gune dituzte Nafarroan: Iruñean, Tuteran, Irurtzunen, Tafallan eta Lizarran. Gune horiei eustea «ezinbestekoa» dela adierazi zuten elkarteek: «Jendea hurbileneko bulegoetan zainduko dela bermatzea nahi dugu», esan zuen Unzuk.

Bestalde, Kattalinguneren programak aurrera eramateko behar den aurrekontua bermatzea galdegin zuten, profesional kopuruari eutsi ahal izateko. Kattalinguneko langileek, LABen babesarekin, irtenbide bat bilatzeko eskatu zuten, kaleratzerik izan ez dadin. Administrazioak lizitazioa bertan behera uzteko eskatu zuten elkarteek. Hala ere, Nafarroako Berdintasun Institutuak ezetz esan zuen. Baina Unzuk adierazi zuenez, ez dira geldituko: «LGTBIQ+ arreta zerbitzu publiko eta unibertsal baten alde borrokatuko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.