Kattalin Miner idazle eta kazetariak jaso du EHGAM Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimenduaren aurtengo Urrezko Hirukia. Modu horretan, elkarteak aitortza egin dio idazleari Moio. Gordetzea ezinezkoa zen liburua argitaratzegatik. Izan ere, sari horrek aintzat hartzen du aniztasuna ezagutarazteko eta onartzeko lana. «LGTB+ memoriarentzat liburuak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, bai eta haren garrantzi politiko handia nabarmendu ere; areago gaur eskuinetik eta ez hain eskuinetik trans pertsonei eta haien eskubideei gupidarik gabe erasotzen ari zaien honetan», azaldu dute EHGAMeko eledunek, Bilbon egindako agerraldian.
Hernaniko (Gipuzkoa) Aimar Elosegi Ansa gazte transexualaren suizidioa du hizpide liburuak. Idazleak herrikidea eta lagun mina zuen Elosegi, eta haren heriotzak eragindako ezinegonak eraginda idatzi zuen narrazioa, memoria ariketa gisara. Hala azaldu zion idazleak berak BERRIAri: «Konturatu nintzen ezinegona eragiten zidana zela gaia oso isilik zegoela, batez ere duela hamabi urte izan zuen erantzunarekin eta oihartzunarekin alderatuta. Nolabait, gai hau plano intimora pasatu genuela sumatu nuen. Sozialki ez ginen memoria egiten ari. Eta ez hori bakarrik: intuizioa nuen ez ginela ari transmisioa bermatzen».
Trapuzko Espartina, aldiz, «TERF feminista erradikal trans-baztertzaileei» eman diete, «beren gorroto diskurtso transfoboagatik». Elkarteak salatu du Hazte Oir eta Vox bezalako elkarte eta alderdien «mezu bera» erabiltzen dutela: «Gure aburuz, ez dira feminista askatzaileak, gizabanakoon askatasunaren zapaltzaileak baizik, norbera sentitzen dena sentitzeko eta kontsekuenteki bizitzeko eskubidearen urratzaileak. Gizaki-zikiratzaile hutsak»