Uda honetan egoitzak zuen itxura ikusita, sinesgaitza zen sartzea gaur eginen zutela sinestea. Alta, hitza ez dute jan, eta Senpere (Lapurdi) aldeko 82 ikasleri harrera egitea lortu dute, iragarritako egunean. Gaur izan dute eskola sartzea Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta Kattalin Elizalde kolegioko ikasleentzat berezia izan da: ikastetxea doi-doi finitua da, eta parte handi batean obrek segitzen dute oraindik. Halere, klaseak eman ahal izateko baliabide nahikoa badute, eta jangela ere bai.
Kattalin Elizalde Seaskako Senpereko kolegio berrian sartze berezia da aurtengoa: kolegioa berria da, eta lehen aldia da ikasleei harrera egiten dietela. 84 ikasle izanen ditu, seigarren eta bosgarren mailakoak. @berriapic.twitter.com/yUqqWqkAS3
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) September 4, 2023
Senpereko, Sarako, Azkaineko, Zuraideko, Basusariko, Arrangoitzeko, Ahetzeko, Arbonako (Lapurdi) eta Zugarramurdiko (Nafarroa) ikasleak izanen dira; hain zuzen, Kanboko Xalbador eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioek gainezka egin dute azken urteetan, eta Seaskak beharrezkoa zuen ikastetxe berri bat: bosgarrena izanen da. Seigarren eta bosgarren mailetako ikasleak hartuko dituzte, oraingoz, eta, urtez urte, kolegioko lau mailatako ikasleak hartzera helduko dira.
Iñaki Lekuona zuzendariak harrera egin die ikasleei. Kolegiora ikastera etorri direla erran die. Ikastera bai, baina batez ere "euskaraz ikastera" etorri direla erran die. @berriapic.twitter.com/dHZAJOXAZ0
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) September 4, 2023
Iñaki Lekuona kolegioko historia irakasle eta zuzendariak estreinatu du ikastetxea goizean, eta ongietorria eman die gazteei. «Kolegiora ikastera heldu zarete, partikularki euskaraz ikastera. Zuen gurasoek eman dizueten altxorra da hizkuntza, eta zaindu behar duzuena», erran die.
Ikasturtea hasteko, gero, Kattalin Elizalderi buruzko azalpenak izan dituzte ikasleek. Urtero irrikaz itxoiten duten momentua ere heldu da. Banaka deitu dituzte irakasle arduradunek, klaseak osatzeko. Eta urteroko patua arraberritu da: batzuk kontent lagunekin direlako; besteak urduri, lagunak beste gelan izanen baitituzte.
Prestaketa lanak
Armelle Etxenike euskara irakaslea izanen da Senperen, eta iaztik lanean ibili da gainerako irakasleekin batean kolegio berriko proiektua abiatzeko. Harentzat ere sartze «berezia» izan dela aitortu du, «talde berria» baita harentzat. Baina pozik da proiektua gauzatu delako. Ikasle gutirekin baldintza «bikainak» dituela uste du, eta kurtsoak emateko «atseginago» izanen zaio. Gainera, leku berria izanda, behar bezalako baliabideak izanen dituztela erran du. Berritasun horren seinale da, erraterako, kolegio barneko usaina. Tindu usaina dute oraino paretek.
Heldu da ikasle guztiek itxoiten duten momentua, klaseak osatzen ari dira. @berriapic.twitter.com/9Q77SIsDk5
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) September 4, 2023
Erraterako, iragan ostiralean bukatu zituzten prestaketa lanak. Ateak ireki baino bi egun lehenago, alegia. Anne Pagola kolegioko gurasoa da, eta bulegoko kidea. «Emeki gauza guziak plantan ezarri ditugu. Guk ere hasieran zalantzak bagenituen, obrak berantago hasi zirelako. Baina fite sinetsi dugu, eta zuzendariaren baikortasunari esker ere gauzak aitzinarazi ditugu». Lekuonak baieztatu du beti gauzak «baikorki» ikusi dituela. «Proiektu hau hasi zenetik baziren dudak eta zalantzak, baina inguruko gurasoek ere horretan sinesten laguntzen dute. Izpiritu kolektibo eta kooperatibo ikaragarria bada Seaskan, eta proiektu honen inguruan, azken 50 urteetan Seaskak erakutsi duen hori berriz ere ikusi dugu».
Kolegio berriaren bisita egiten ari dira gurasoak. Jan gelan oraindik tindu usaina sentitzen bada ere, lortu dute: ikasleak hartzeko prest da. @berriapic.twitter.com/VvW6fnxlgO
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) September 4, 2023
Kasik dena ongi abiatua bada ere, azken arazo batzuk konpontzeko lanetan ari dira denak. Izan ere, kolegiora iristeko autobusen zerbitzua biziki eskasa dela salatu dute gurasoek. Kasurako, goizean, Azkainetik pasatu beharra zen autobusa ez da pasatu. Arazo hori gelditzen zaie konpontzeko, eta Pagolak eta Lekuonak batez ere gurasoen zailtasunak izan dituzte gogoan.
Yannick Odeau seigarren mailako mutil baten aita da, eta arazo horiek «pixkanaka» konponduko direla uste du. Haren kasua berezia da, gainera, seme gehiena Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan baitute —laugarren mailan da, eta Senperen ez da oraino laugarrenik—, eta ume gazteena Sarako ikastolan. Hala eta guztiz ere, uste du Senpereko kolegioan «baldintza onak» izateko adi jarraituko dutela. «Hizkuntza guztietan ikasirik ere inportantea da ez ikasle gehiegi izatea gela bakoitzeko, irakasleak ere baldintza onetan aritu ahal izateko».
Kattalin Elizalde gogoan
Eguna hasteko, ikasleei, Kattalin Elizalderi buruzko klase bat eman diete, «emazte garrantzitsua» izan baita. Izan ere, hari buruzko informazioak urriak izanda ere, haren izena ezarri diote ikastetxeari. Senperekoa zen Elizalde, eta sorgin ehizaren garaian, atxilotu zituzten lehenetarikoa izan zen. Gisa bateko boterea zukeen hark, eta Senpereko gaztelutik Mutrikura (Gipuzkoa) ihes egitea lortu zuen. Pierre de Lancre inkisidoreak agindu zion Gaztela Aragoiko erresumari «Frantziara» itzultzeko sorgina zelakoan. «1609ko euroagindua», nolabait, Lekuonak azaldu duenez.
Itxura hau du barnetik kolegio berriak. @berriapic.twitter.com/3qLEbyLuhZ
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) September 4, 2023
Historian garrantzia izan duten baina arrunt ezezagunak diren emazteen ohoratzeko keinu bat da, bestalde. «Sinbolo anitz biltzen ditu emazte horrek, eta hura berreskuratzea erabaki dugu, historian zehar desagerraraziak izan diren emazte gehiegi baita», erran du.