Ikastolen Elkarteko 114. ikastola da Senpereko Kattalin Elizalde kolegioa. Seaskarentzat, 39.a. Urte bat du eraikin berriak, eta haren aitzinean egin dute estreinatze ekitaldia, larunbat goiz honetan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Itziar Prieto eta Ortzi Oihartzabal biolin jotzaileek ireki dute ekitaldia, musikaz. Ikastoletako, euskalgintzako eta kulturgintzako ordezkariak, hezkuntza eta gizarte eragileak, sindikatu eta alderdi politikoetako ordezkariak, eta hautetsi andana bildu dira kari horretara.
Nekane Artolak hartu du hitza lehenik, Ikastolen Elkarteko buruak, ikastolen kooperatibak ikasturte hasierako ekitaldi nagusirako aprobetxatu baitu kolegio berriaren estreinaldia. Ekainaren 22an Iruñean egin batzar orokorrean hartu erabakiak oroitarazi ditu Artolak, eta ikasturteari «ilusioz, baikor eta indarberrituta» ekin diotela azpimarratu. Ikastolen helburua oroitarazi du lehenik: «Euskaraz biziko den herri euskalduna eraikitzen ari gara». Gehitu du ikastolen elkartea dela hezkuntza erakunde nazional «bakarra», eta «auzolana eta elkartasuna» oinarri izanik Euskal Herri osoan murgiltze eredua eskaintzen duen erakunde «bakarra» ere bai.
Hezkuntzaren kalitatea beti hobetuz joateko xedearekin, ondoko bost urteetarako beren buruari finkatu dizkioten zenbait erronka zehaztu ditu Artolak: «Burujabetza teknologikorantz jotzea, ikasleen euskara mailan eta euskal kulturaren ezagutzan eragitea, eta ikastoletako profesionalei soziolinguistikako formazioa ematea euskarari dioten atxikimendua indartzeko», besteak beste. Horrez gain, elkartekoek nahi dute ikastolak aukera erreala izatea Euskal Herriko familia guztientzat, eta bereziki «zaurgarriak direnentzat». «Herritik jaio ginen, eta herriari zor gatzaizkio», adierazi du Artolak, eta elkarlanerako deia zabaldu. «Herri hau eraikitzen jarraituko dugu hezkuntzatik eta euskaratik abiatuta», bukatu du.
Mixel Bidegain Kattalin Elizalde kolegioko buraso eta lehendakariak bukatu du ekitaldia, hitz bakarraz laburbilduz erran gogo zuena: «Milesker». Kolegioa zutik ezartzeko parte hartu zuten guztiei igorri dizkie eskerrak. Bereziki eskertu du kolegio berriko zuzendari Iñaki Lekuona. Duela urte bat 82 ikaslerekin sartu ziren haia-haia kolegio berrian, eta irail honetan 131 ikaslerekin abiatu dute ikasturtea. «Urte bateko gibeltasunarekin, biziki pozik gara hemen izateaz, baldintza biziki onetan», azpimarratu du Bidegainek. «Harrotasuna» ere aipatu du, Senpereko eta inguruko herritarren arteko eragile bilakaturik.
Hautetsiak, beti alde
Kolegioaren estreinaldi ekitaldia oren bateko berantarekin hasi da, Senperen, kolegioen diruztatzea betekizunetan duen Departamendu Kontseiluko lehendakari Jean-Jacques Lasserreren beha egon baitira antolatzaileak.
Lasserre agertu artean, Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari utzi diote hitza. Ikastolen «etengabeko hazkundea» aitortu du Etxegaraik. Kattalin Elizalde Seaskako bosgarren kolegioa da, eta oroitarazi du Beñat Etxepare lizeoa jada ttipiegia bihurtu dela. Jakinarazi du lizeoa dagoen gunean —Baiona iparraldean— eraikinen handitzeko baimena eman berri diela gutun bidez: «Handitze horri bide emateko, bai Baionako Herriko Etxea bai Euskal Elkargoa hor izanen dira».
Gero, Ipar Euskal Herriko bilakaera demografikoa izan du hizpide Etxegaraik. Sortze tasa apalaren ondoan, kanpotik etorri jendearekin den balantza demografiko positiboa goraipatu du. «Kanpoko ekarpenik gabe, demografia apalduko litzateke». Ikastoletako burasoen artean etorri berri horietarik ere badela adierazi du Etxegaraik, eta euskarari rol bat ikusi dio: «Euskara kohesio eragilea da gure lurraldean. Itsua edo elkorra behar da izan horri ez ohartzeko».
Erakutsi nahi izan du badakiela erakunde publikoek beren egitekoa badutela bilakaera soziolinguistikoan. «Esku hartzea sekula baino gehiago indartu behar dugu hizkuntza politikan». Elkargoko buruak beste behin erran du EEP Euskararen Erakunde Publikoko aurrekontua handitu behar dela, erakunde bakoitzak emendatuz bere partea. Erakunde publikoen aurrekontuak zertan diren jakinik, «hain segur, beha egon beharko da», gehitu duenez.
EEPren etorkizunaz
Jean-Jacques Lasserre Paueko Departamendu Kontseiluko buruak nolabait iharduki du bere hitzaldian —departamendua da EEPko partaideetan bere zatia emendatu nahi izan ez duen bakarra—. Gogoratu du departamenduek ezin dutela gehiago zergarik altxatu, aurrekontu murriztuak dituztela eta lehentasuna gizarte politiketan dutela. EEPren auziari begira, Senperen bildu entzuleei erran die «biziki jenatuak» direla, baina Lasserrek dudak kasatu nahi izan ditu euskarari dagokionez: «Helburu bera dugu».
Mementoko pentsaketa bat ere bota du, erakunde publikoek duten hizkuntza politikaren antolaketari loturik: «Berdin, tenorea da gogoeta sakon bat abiatzeko [euskarari] eman beharreko ahalei buruz». Hogei urteko ibilmoldearen ondotik, «eredu berarekin segitu behar ote da?», galdetu du Lasserrek. «Egiturak atxiki behar ote dira horiek beren burua galdekatu gabe?». Ez du zehaztu EEP erakundeaz mintzo zenez; eta Maider Behotegi bere gehiengoko departamendu kontseilari eta EEPko lehendakaria ez zen hor, erantzuteko.