Memoria historikoa, oroimena nola transmititu ondorengoei, eta transmisioa zertarako baliatu. Oroiteria jardunaldietan eztabaidagai izan ziren kontzeptu eta zalantza horiek atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Gotzon Garmendia parte hartzaileak grafikoki eman zuen auziaren laburpen bat, parkearen beraren historia azalduta. «Nire aitak hemen lan egin zuen, Laborde Hermanos lantegia zegoenean. La fabrica de los rojos [gorrien lantegia] deitzen zioten orduan, II. Mundu Gerrako eskari handi bat zela-eta langabezian zegoen jendea hartu zutelako, eta, garai hartan, gorriak zeuden langabezian. Niretzat eremu hau da nire aitaren eta garai hartako langileen borrokaren eta esplotazioaren eremu bat». Baina, gerora, espazio berari «beste esanahi bat eman zaio, kulturaren produkziorako espazio bat bezala». «Beraz, oroimen historikoak eta oroimen kolektiboak oso garrantzi handia hartu dute, loturak egiteko, interpretazioak egiteko, eta, momentu batzuetan, beste esanahiak bilatzeko».
Donostiako Oroimen Historikoaren Kontseilu Sektorialeko kidea da Garmendia, eta BERRIAren Oroiteria proiektu multimedia aurkezteko jardunaldietako mahai inguruan parte hartu zuen atzo, Memoria ekimen herritarrak: ekarpenak eta erronkak izenburukoan. Amagoia Iban kazetari eta proiektuaren koordinatzaileak zuzendu zuen mahai ingurua, eta Garmendiarekin batera hizlari izan ziren Julia Monge Intxorta 1937 elkarteko kidea, eta Hibai Muniozguren Lobak egitasmoko ordezkaria. Hirurak bat etorri ziren nabarmentzerakoan memoria historikoaren arloan herri taldeek duten rol garrantzitsua. «Ez dut uste oroimena berreskuratzea posiblea zatekeenik», adierazi zuen Mongek. Adibidetzat paratu zuen berriki Eusko Jaurlaritzaren Gogora Memoria Institutuaren erakusketa ibiltariak Arrasaten (Gipuzkoa) jarritako karpa. «Sekulako baliabideak zeuzkan, baina barruan zegoen geuk egin duguna. Hori ez diot kritikatzeko, baina garbi daukat hori antolatzea ezinezkoa izanen zela herri lanik gabe».
Muniozgurenek Gernikako adibidea paratu zuen, Lobak egitasmoa herri horretan sortu baitzuten. «Gernikan, interesgarriena herri mugimenduaren eskutik etorri da». Are gehiago, Muniozgurenen arabera, askotan instituzioak «oztopo» izan dituzte, «laguntza baino». Astra kultur gune okupatutik sortutako egitasmo bat da Lobak, «ez da erregistratutako talde bat», Muniozgurenek zehaztu duenez. Ez dute inoiz izan instituzioen laguntzarik, eta «diru handien beharrik gabe» saiatzen dira proiektuak egiten.
Hiru eragileen harremana
Garmendiaren arabera, Emilio Majuelo historialariak azaldutako hiru eragileren arteko harremanean dago gakoa. Nafarroako Memoria Berreskuratzen proiektuaren zuzendaria da Majuelo, eta mahai inguruaren aitzinetik hitzaldi bat eman zuen atzoko jardunaldietan, Zer egin behar dugu, bada, oroimenarekin? izenburupean. Oroimen historikoaren arloa lantzeko hiru eragile beharrezkoak direla aipatu zuen: herri taldeak, ikerlariak eta instituzioak. Garmendiaren arabera, ezin da «bat bera ere alboratu», baina harremanak orekatua izan behar du. «Hierarkikoa bada, edo fagozitazioan oinarritzen bada, mugimendu sozialentzako arazo bat izango da».
Garmendia kritiko agertu zen instituzioek eta alderdi politiko batzuek oroimen historikoarekin izan duten jarrerarekin, bi arrazoi nagusirengatik: «unean uneko» agendaren menpe paratzen dutelako auzia, eta ez dutelako nahi memoria berreskuratzeak zalantzan paratzea Espainiako Erresumako trantsizio politikoaren oinarriak. Horregatik, Garmendiak uste du zirkulu politiko batzuetatik memoria historikoa «fetitxe» gisa lantzen dutela, eta erdigunean paratzen dutela iraganean pairatutako «mina», interpretazio soziopolitikoak baztertuta. «2011tik areagotu egin da joera hori, sufrimendua erabiltzea gertaera horiek [1936ko gerra eta frankisten errepresioa] neurtzeko parametro gisa. Interes bat dago edukiz husteko».
Hiru mahaikideak bat etorri ziren erraterakoan arazoak daudela memoria historikoaren auzia belaunaldi gazteei transmitizeko. Gazteek eten bat ikusten dute garai zaharragoetan gertatutakoaren eta orainaldiko arazoen inguruan. «Nola lotu oroimen historikoa oraingo arazoekin?», galdetu zuen Garmendiak. «Arreta zentratuta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak jartzeko beharrean». Monge eta Muniozguren ere bat etorri ziren ideia horrekin. Mongek gogora ekarri zuen frankismoaren biktimek justizia lortzeko Argentinan paratutako kereila —salaketa jarri duen plataformaren parte da Intxorta 1937—, baina argi utzi zuen oroimena lantzen duten elkarteek ezin dutela justizia formalean ezarri haien ahalegin nagusia, «ordain soziala» bilatzean baizik. «Nik ez dakit Argentinatik eta 80 urte berandu datorrenari justizia deitu ahal diogun», adierazi zuen, berriz, Muniozgurenek. «Uste dut urratu beharreko bidea dela ez errepikatzeko bermeak jartzearena».
Ikerketa eredugarriak
Jardunaldiak Oroiteria proiektuaren aurkezpenarekin hasi ziren, eta ikusleen artean izan ziren izan ziren Borja Aginagalde Euskadiko Artxibo Historikoko zuzendaria, Bingen Amadoz kazetaria, Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzaren Gogora Memoriaren Institutuko zuzendaria, Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria, eta Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako burua. Mahai inguruaren aitzinetik, Majuelo historialariak eman zuen hitzaldia. Oroiteria 1936ko gerra eta ondorengo errepresioa lantzeko proiektu bat bada ere, Majuelok mezu bat nabarmendu nahi izan zuen: garai hari buruz egin diren ikerketa aberatsen metodologia eredutzat baliatu behar dela trantsizioa eta ondorengo hamarkadak ikertzeko. «Nafarroan gerraz asko dakigu, ahozko historia erabili zelako. Ezin dugu utzi beste 50 urte pasatzen trantsizioa eta ondorengo aroa biltzeko».
Oroiteria jardunaldiak
Katea ez eteteko bideen bila
Herri elkarteek oroimen historikoa bizirik mantendu eta azaleratzeko egindako lana goraipatu dute Oroiteria jardunaldietan. Memoriaren transmisioa orainaldiko arazoekin lotzea dute erronka nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu