Katarroaren kontrako botika batzuk ez hartzeko gomendatu dute

Frantziako Sendagaien Agentziaren arabera, buruko odol kolpeak eta infartuak eragin ditzakete

Baionako farmazia bat, artxiboan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
ANSM Frantziako Sendagaien Agentziak atzo publikatutako iritzi batean gomendatu du katarroen kontrako erremedio batzuk ez erabiltzeko. Zehazki, Actifed Rhume, Dolirhume, Humex Rhume, Nurofen Rhume, Rhinadvil eta Rhinadvilcaps dira erremedio horiek, eta Ipar Euskal Herriko farmazietan eskuragarri dira medikuaren errezetarik gabe. Erremedio horien osagai aktiboa pseudoefedrina da, eta hodi uzkurtzaileak dira; bestela erranda, katarroaren ondorioz tapatua denean, sudurra libratzen dute. Baina, agentziaren arabera, buruko odol kolpeak eta miokardioko infartuak eragiten ahal dituzte.

Zehaztu dute bakan gertatzen direla ondorio txar horiek, baina, hala ere, «nahiko larriak» direla ez erabiltzea gomendatzeko. Ondorio txarrak erabilera dena delakoa izanik ere gertatzen dira, eta ez dute zerikusirik hartutako dosiarekin eta erabiltzen diren egun kopuruarekin.

Erremedio hodi uzkurtzaileak bi eratara har daitezke: pilula bidez, edo sudurreko esprai baten bidez. Pilulak errezetarik gabe har daitezke, eta, agentziaren ustez, erabiltzaileek «molde desegokian» hartzen dituzte. Sudurreko espraiak, berriz, medikuaren errezetarekin soilik eskuratzen ahal dira. Agentziaren arabera, ordea, kasu anitzetan bata bestearen osagarritzat jotzen dituzte erabiltzaileek, eta, kasu horretan, are emendatzen da ondorio txarrak izateko arriskua.

Europako ikerketen zain

Frantziako Sendagaien Agentziak ez du eskumenik erremedio horiek debekatzeko, EMA Europako Sendagaien Agentziaren esku baita horrelako erabaki baten hartzea. Frantziako Sendagaien Agentziak, ordea, EMAri galdetu dio erremedio horiei buruzko ikerketak egiteko, eta joan zen otsailean hasi zuten horretarako prozedura. Oraindik ez dute ondoriorik eman. Anartean, Frantziako Sendagaien Agentziaren iritziarekin bat egin dute Farmazialarien Frantziako Ordenak, Medikuntza Orokorraren Frantziako Kolegioak, Frantziako Farmazien Sindikatuak eta Frantziako Otorrinolaringologia Profesionalen Kontseiluak.

Izan ere, Frantziako Sendagaien Agentziaren arabera, urtero, paziente batzuek buruko odol kolpeak eta miokardioko infartuak izan dituzte hotzeriaren kontrako pilula horiek irentsi ondoren. Kausa-efektu lotura, hala ere, ez dute erabat ondorioztatu ahal izan. Europako emaitzen esperoan, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian ezin dituzte debekatu, baina farmazialariei galdetu diete ez gehiago saltzeko, eta bezeroei ez horiek aholkatzeko. Christelle Ratignier-Carbonneil mediku eta ANSMko zuzendariak herritarrei aholkatu die farmazietara itzultzea oraindik etxean dituzten botika horien kaxak.

Agentziak aholkatu du sudurra libratzeko ur anitz edatea, serum fisiologikoa erabiltzea, burua pixka bat altxatuta lo egitea eta logelan behar bezalako tenperatura atxikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.