Azken egunetako titular ugari bete ditu Diego Perez de los Cobos Guardia Zibilaren koronelak, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak kargugabetu egin duelako, konfiantza falta argudiatuta. Gaur, ordea, Pello Alcantarillaren testigantza argitaratu du BERRIAk; 2004an, atxilotu zutenean, Tres Cantosko polizia etxean torturatu zutela azaldu du Alcantarillak, eta bertan ikusi zuela De los Cobos: «Besteek jotzen eta torturatzen ninduten bitartean, momentu batean, amore eman nuenean, mugitu, eta atzean eta ondoan, hor zegoen De los Cobos, niri begira, zain: noiz etsiko nuen. Ikusi egin nuen».
Dioenez, haren ahotsa ere entzun ahal izan zuen, torturatu zutenetako bati mintzo: «Hala esan zion ondoan zuenari: 'Gracias, comisario'. Lortu zuelako nik amore ematea. Atzean zegoen. Momentu horretan jada ez nengoen begiak estalita, begiratu nuen, eta atzean ikusi nuen».
Albistearen berri eman du Kataluniako Vilaweb atariak ere, eta testigantzak oihartzun handia jaso du herrialde horretan, sare sozialetan antzeman daitekeenez.
Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratua eta europarlamentaria da albistea hizpide izan duenetako bat: «Oso salaketa larria da, ondorioak izan beharko lituzkeena. Testigantza batek Perez de los Cobos ezagutu du torturatu zutenetakoen artean. Uste dut, ordea, ez dela ezer gertatuko. Tamalez, Espainian torturatzaileak hilobira doaz dominak eta ohoreak ukitu gabe».
És una denúncia molt greu i que hauria de tenir conseqüències. Un testimoni reconeix Pérez de los Cobos entre els qui el van torturar. Em temo, però, que no passarà res. Tristament, Espanya és un país on els torturadors se'n van a la tomba amb les medalles i els honors intactes. https://t.co/qgIj7XVBkj
— Carles Puigdemont (@KRLS) May 29, 2020