Katalunian desagertutako Irungo emakume baten senarra atxilotu dute, hura hil izana egotzita

Mossoen arabera, gizonak 2022ko abuztuan hil zuen emakumea. Gorpua ez da oraindik agertu, eta ikerketak zabalik dago.

Hilketa matxisten kontrako elkarretaratze bat, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Hilketa matxisten kontrako elkarretaratze bat, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko azaroaren 13a
20:20
Entzun

Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziak 53 urteko gizonezko bat atxilotu du, 2022an emaztea hil izana egotzita. Emakumeak 44 urte zituen, eta Irungoa zen (Gipuzkoa). Gizona atzo atxilotu zuten, eta emakumeen kontrako indarkeriaz arduratzen den Vallseko auzitegiak (Tarragona, Katalunia) hura fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du gaur. Giza hilketa, gorpua ezkutatu izana eta tratu txar fisiko eta psikologikoak egitea leporatzen diote akusatuari, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak esan duenez.

Emakumea 2022ko abuztuaren 12an desagertu zen, La Morera de Montsant Kataluniako udalerrian. Emakumeak han zuen bizitokia. Mossoek hartu zuten ikerketaren ardura, emakumea desagertzearen atzean krimen baten aztarnak egon zitezkeelakoan. Hasieratik, susmagarritzat jo zuten emakumearen senarra, baina hark deklaratu zuen ez zela han egon desagertzea gertatu zen garaian, eta ustezko froga batzuk aurkeztu zituen hori baieztatzeko.

Hala ere, mossoek adierazi dutenez, ikerketak frogatu du gizonak erabilitako alibia gezurrezkoa zela. Ondorio hori ateratzeko, baitezpadakoa izan da akusatuaren sakelako telefonoaren datuak aztertzea. Gainera, poliziek jakin zuten akusatuak bazituela emakumearenak ziren zenbait objektu, hura desagertu eta zenbait hilabete igaro ostean ere. Mossoen arabera, egoera normal batean emakumeak ez zituzkeen ondasun horiek beste inoren esku utziko, eta horrek areagotu egin zituen akusatuaren gaineko susmoak.

Poliziak uste du gizonak emakumea hil, eta gero haren gorpua desagerrarazi zuela. Hilotza ez da oraindik agertu, eta ikerketak zabalik dirau, emakumearen gorpua aurkitze aldera.

BERRIAk egindako zenbaketaren arabera, indarkeria matxistaren ondorioz 124 emakume eta 12 haur hil dituzte 2003tik. 2022an, beste bost hilketa matxista egon ziren Euskal Herrian; hortaz, orain jakinarazi duten kasua indarkeria matxistaren eraginez hildako Euskal Herriko seigarren biktima litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.