Ekainaren 4an eta 5ean Euskal Herrian izango da Kataluniako parlamentuko presidente Roger Torrent, eta agenda betea izango du lehenengo egunean behintzat. 12:00etan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin bilduko da, eta arratsaldean (16:00), Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin.
19:30ean, Gure Eskuk antolatuta, Del referéndum imposible al referéndum inevitable (Ezinezko erreferendumetik erreferendum saihetsezinera) izeneko hitzaldia emango du Gasteizko Europa jauregian. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak egingo du aurkezpena. "Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketaren azkenengo fasean eta hauteskunde ziklo bat amaitu berritan, aukera izango dugu Torrenten eskutik jasotzeko egungo egoeraren berri", azaldu zuen Gure Eskuk hitzaldi horren berri ematean.
Hilaren 5ean, azkenik, Gernikako Juntetxea bisitatuko du Torrentek, Ana Otadui presidenteak lagunduta.