Murgiltze eredua Katalunian. Mireia Plana. Plataforma per la Llengua, erakundeko zuzendariordea

«Kataluniako gizarte kohesioa jarri dute jomugan»

Planak uste du ebazpena adostasun zabal baten kontrakoa dela. Kontrako neurriak hartzeko garaian iritsi dela dio, katalanaren ezagutzan eta erabileran beherakada sumatzen hasi baitira.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Katalanaren sustapen lana egiten du Plataforma per la Llengua erakundeak, elementu kohesionatzailea dela iritzita, eta erakunde horretako zuzendariordea da Mireia Plana (Bartzelona, 1964). Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena «itun sozial eta politiko» zabal baten kontrakotzat du.

Botere judizialak hezkuntzan eskua sartzeko ahalegin geroz eta handiagoaren seinale al da herenegungo ebazpena?

Intromisio bat da. Murgiltze eredua guztiz onartua du gizarteak: 1980ko hamarkadatik dagoen itun sozial eta politiko batetik dator. Udazken honetan bertan inkesta bat egin dugu eredu horren onarpen mailari buruz, eta emaitza da erantzun dutenen %82 aldekoak direla; baita argiki independentziaren aurkakoak diren alderdien bozkatzaileak ere, eurek aitortuta. Emaitzak ekarri dituen hezkuntza sistema bat da murgiltzea, eta, aldi berean, gizarte kohesioa indartu duena. Ebazpen honekin, hizkuntza bera ez ezik, Kataluniako gizarte kohesioa ere jarri dute jomugan. Gainera, katalanaren ezagutzan eta erabileran beherakada sumatzen den garaian dator, kontrako norabidean doazen neurriak hartzeko orduan.

Politikoa da erabakia, beraz?

Guztiz konbentzituta nago. Borondate politiko bat dago, eta, gainera, borondate hori Madrildik dator.

Zenbateko indarra du murgiltze eredua amaitzearen aldeko eskariak Katalunian?

Orain arte ez da inongo gatazka sozialik edo politikorik izan murgiltze ereduaren inguruan. Katalunia guztian 80 familiak egin dute kexa, egun batetik bestera, gaztelera nahikoa bermatua ez dagoela esanez, nahiz eta frogatuta dagoen haur guztiek primeran menperatzen dutela gaztelania eskolan. 80 familia horien kexengatik, murgiltze eredu osoa aldatzera behartu nahi gaituzte.

Murgiltze eredua jasota dago LOMLOE legean. Ebazpen honek zertan uzten du lege horrek hizkuntza gutxituei eman behar liekeen babesa?

Espainiako legediaren hainbat punturekin egiten du talka. LOMLOE legearena da bat, nahiz eta sakonago aztertu behar dugun, eta beste adibide bat da Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunarena. Espainia horri atxikita dago, baina ez du inolaz ere betetzen. Ulertu behar da hau ez dela portzentaje kontua; irizpideek bestelakoak izan behar dute. Egoera soziolinguistikoa ez da berbera bi hizkuntzatan, eta tratua ere ezin da berbera izan. Lehenetsi egin behar da katalana, herritar guztion hizkuntza eskubideak bermatu daitezen. Eta horretarako modua eman dezake murgiltzeak. Katalunian katalanez bizi ahal izateko baldintza da.

Josep Gonzalez-Cambray Generalitateko Hezkuntza kontseilariak gutun bat bidali die ikastetxeei, hezkuntza ereduan aldaketarik egin ez dezatela eskatzeko. Generalitatea eta hezkuntza komunitatea presioei eusteko gai ikusten dituzu?

Oraingoz, irmo erantzun dute. Katalunian azken urteetan atzera egin du gobernuak katalanaren defentsan, prozesuan murgilduta egon delako eta nahi izan duelako hizkuntza prozesuarekin ez zedin lotu. Uste dut orain konturatu direla, eta erabaki dutela galdutako lurrak berreskuratzea. Ikusiko dugu zenbateraino tenkatu nahi den soka, eta zenbateraino den posible tenkatzea. Gu adi-adi gaude, eta, noski, eredu honen defentsa egingo dugu. Espero dugu gobernuak ere modu horretan erantzungo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.