'Matria o Barbarie' liburuko editoreetako bat

Julia Ojeda: «Kataluniako feministok espazioak geuretzen ez baditugu, kolonizatuko gaituzte»

Feminismoaren eta Kataluniako nazionalismoaren arteko zubiak dituzte hizpide 'Matria o barbarie' liburuan. 'Proces'-aren garaian politizatutako 30 emakumeren gogoetak bildu dituzte bertan, Julia Ojeda proiektuko editoreetako batek azaldu duenez.

Julia Ojeda, artxiboko irudi batean. MARINA MIGUEL
Julia Ojeda, artxiboko irudi batean. MARINA MIGUEL
Isabel Jaurena.
2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Kataluniako nazionalismoa feminismotik —eta alderantziz— birpentsatzea helburu, matriotismoa proiektua abiatu zuten 2023an Julia Ojedak, Anna Punsodak eta Marta Roquetak. Manifestu batean mamitu zen ideia lehenbiziko, eta liburu batean iaz: Matria o barbarie (Angle Editorial). Ojeda (Sant Celoni, Herrialde Katalanak, 1996) irakaslea da Kataluniako Unibertsitate Irekian, eta liburuko editoreetako bat. Donostian aurkeztuko dute liburua bihar, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiarekin eta Cira Crespo historialariarekin batera; feminismoaz, hizkuntza minorizatuez eta estaturik gabeko nazioez mintzatuko dira. Donostiako emakumeen etxean dute hitzordua, 18:00etan.

30 emakume feminista, independentista eta katalanen gogoetak bildu dituzue liburuan. Zergatik?

Hiru editoreok 2023an argitaratu genuen manifestu batetik atera da liburua. Bai manifestu hura bai liburua kezka beretik abiatzen dira: zer gertatu zen elkarrizketa publikoarekin, feminismoari dagokionez, Kataluniako proces-a izan zen urteetan? Erantzuna argia zen guretzat: Kataluniako nazionalismoaren eta feminismoaren artean ez zela elkarrizketarik egon azken hamarkadan. Ildo horretatik, bertze galdera bat atera zen: zer gertatzen ari da Herrialde Katalanetan feminismoarekin? Izan ere, Espainiako feminismoaren eztabaidek, lengoaiak, leloek eta markoak gero eta gehiago kolonizatu dute, baita feminismo anglo-saxoiak ere; finean, globalizazio kontua da.

Liburuan azaldu duzue «Katalunia bezalako nazio okupatu batean» emakume izateak «begirada pribilegiatua» ematen duela estatuei eta patriarkatuari erreparatzeko. Zer dela eta?

Emakumeen zapalkuntza begirada pribilegiatu gisa erabil dezakegu, eta haren bitartez gai izango gara ikusteko estatu normalizatuek ikusi ezin dituzten argi-ilunak —hala feminismoaren arloan nola arlo nazionalean—. Nazionalismo hutsalaren bidez ezin da ikusi zein diren estatuko nazionalismoaren josturak, ezta nazionalismoaren eta patriarkatuaren arteko harremanaren josturak ere. Gure begiradak, ordea, ñabardura horiek ikus ditzake. 

«Emakumeen zapalkuntza begirada pribilegiatu gisa erabil dezakegu, eta haren bitartez gai izango gara ikusteko estatu normalizatuek ikusi ezin dituzten argi-ilunak —hala feminismoaren arloan nola arlo nazionalean—»

«Katalanek ez badute beren begirada aplikatzen feminismoari buruz hitz egiteko, matxismotik eta espainolismotik hitz egingo dute beste batzuek, katalanen kontra». Zertaz da garrantzitsua nazio okupatuetako feministek ideia hori ulertzea?

Guretzat hori oso garrantzitsua da. Konturatu ginen gure espazio feministetan feminista espainiarrak ditugula une oro, eta horrek etengabeko eztabaida zekarrela. Baina ez da berria: 1970eko hamarkadan hasiak ziren hausnarketa horrekin. Erraterako, Maria Aurelia Capmany matriotak hainbat artikulutan kontatzen du eztabaidak izaten zituela zenbait feministekin. Horietako bat Lidia Falconekin izan zen, zeinak Vox alderdian parte hartu izan baitu. Falconek erraten zuen asanblea feministetako hizkuntza politikoak gaztelania izan behar zuela. Katalanek, ordea, argi utzi zuten artikulazio politikorako hizkuntza katalana izanen zela, eta hala da.

Geroztik aldatu da egoera?

Hor jarraitzen dugu, eztabaida horretan. Geure burua justifikatu behar dugu etengabe, eta espazioak geuretzen jarraitu behar dugu. Izan ere, Kataluniako feministok ez baditugu espazioak hartzen, gizonek edo feminista espainiarrek kolonizatuko gaituzte.

Proces delakoaren garaian politizatutako emaztekiek egindako hausnarketak dira guztiak. Zertaz erabaki duzue belaunaldi horri ahotsa ematea?

Feminista amek galdera hori bera egin digute behin baino gehiagotan, beraiek erreferente ez ote diren galdetuta. Eta badira, noski. Baina belaunaldi jakin bati argazkia egiteko borondatea genuen. Izan ere, joan den hamarkada erabakigarria izan zen gutako askorendako, gure politizazio prozesu propioak bizi genituelako. Proces-ean aukera izan genuen Estatuarekiko gatazka zein den ulertzeko, baita 1980ko eta 1990eko hamarkadetan bizi genuen normalizazio politikoaren ideiarekin hausteko ere. Mugimendu feministaren barruan indar handia hartu zuten LGTBI mugimenduaren borrokek, batetik, eta genero indarkerienak bertzetik. Eztabaida horiek guztiek aldatu zuten garai hartan politizatu ginen emakumeon begirada, eta hori ekarri nahi izan dugu liburura.

«Proces-ean aukera izan genuen Estatuarekiko gatazka zein den ulertzeko, baita 80ko eta 90eko hamarkadetan bizi genuen normalizazio politikoaren ideiarekin hausteko ere»

Zuen belaunaldiaz eta aurrekoez mintzatu zara, baina zer gertatzen da 2000tik aurrera etorri zirenekin?

Niri gustatuko litzaidake guk matriota deritzogun proiektu politikoak bizitza luzea izatea. Gure belaunaldia krisi ekonomikoari eman zitzaion erantzunarekin politizatu zen, guk itxaropena dugu; 2000tik 2020ra bitarteko belaunaldi horrek ez. Eta ez hori bakarrik, tentsio handiko garai batean bizi eta hezi dira, muturreko borroka kultural batean. Feminismoari dagokionez, kontrako erreakzioa hor dago beti, eta liburua bada saiakera bat errateko erreakzio hori eztabaidatu behar dugula. Espainiako Estatuko nazio okupatuok prest egon behar dugu, edozein momentutan 1950eko edo 1940ko hamarkadara itzul gaitezkeelako. Gure gazteak prestatu behar ditugu. Nik unibertsitatean ikusten dut neska gazteak oso indartsu datozela, oso-oso politizatuta, eta bertze aldean daude mutilak, oso galduta. Arrakala gero eta handiagoa da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.