EH Bilduk urte politikoari hasiera emateko ekitaldia egin zuen atzo, Gasteizen. Arnaldo Otegi koordinatzaileak hartu zuen hitza, eta mintzagai izan zituen estatutu berriaren oinarriak, Espainiako Gobernuaren «autoritarismoa apurtu» beharra, eta baita Kataluniak eta Euskal Herriak izan beharko luketen harremana ere. Ezkerreko independentismoak datorren urtean izango duen garrantzia azpimarratu zuen, eta euskal presoak gerturatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari. Otegiz gain, koalizioko bozeramaile Maddalen Iriartek eta Kike Fernandez de Pinedo Arabako zerrendaburuak ere hitz egin zuten.
Otegiren esanetan, euskal herritar gehienek subiranotasunaren alde egitea da EH Bilduren lehentasunezko erronketako bat, gehiengo horrek Espainiako Gobernuaren «autoritarismoari» aurre egin diezaion. Horretarako, bertako eta Kataluniako egutegi politikoak «sinkronizatu» behar direlakoan dago. Izan ere, haren ustez, «Espainiako Estatuak ez du 78ko erregimena demokratizatzeko asmorik».
Estatutu berrirako adostutako oinarriak defendatzen jarraituko dutela azpimarratu du Otegik, eta erantsi oinarri horiek «subiranotasun, konfederazio eta erabakitze eskubidearen» terminoei eutsi behar dietela. EAJrekin adostutako oinarrietan hori jasotzen dela-eta, hori defendatzen jarraituko dutela berretsi du. Halere, EH Bildurena «estrategia nazionala» dela gaineratu du, eta Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere kontuan hartzen dituztela.
Espainiako Gobernuari, berriz, eskatu dio euskal preso «guztiak» gerturatzeko eta gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak aske uzteko. Madrilek «legea bete besterik» ez duenez egin behar, «berehala» egiteko eskatu zion. Preso katalanen kaleratzea ere exijitu zuen Otegik, bere iritziz, Espainiak bere «autoritarismoa» bermatzen baitu politikari katalanak espetxeratuz.
Otegiren arabera, EH Bildun «berebiziko garrantzia» dute gai sozialek, eta bide orri bat prest dute herritarren «eguneroko arazoei» aurre egiteko. Instituzioetan egoteaz gain, kalean egon behar dutela uste dute, eta «Euskal Herriak bere burua gobernatu» behar duela. Emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsi dute, besteak beste.
Bozetan, «asko jokoan»
Epe luzeko helburua independentzia dela esan zuen Otegik, eta euskal errepublika lortzeko «bide orri bat» badutela. Horretarako, ordea, ezinbesteko deritoz ezker independentista indartzeari. Hauteskundeak garrantzitsutzat jo zituen, eta azpimarratu zuen «asko» dagoela jokoan. EH Bilduk ordezkari gehiago lortuko dituela uste du, eta «demokraziaren eta autoritarismoaren arteko borroka »izango direla bozak.
Urte politikoaren hasiera
Kataluniako eta Euskal Herriko egutegi politikoak batzera deitu du EH Bilduk
Otegik esan du estatutu berrirako adostutako oinarriak defendatzen jarraituko duela. Euskal preso guztiak hurbiltzeko eskatu dio Madrili
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu