Katalin Karikok eta Drew Weissmanek jasoko dute Medikuntzako Nobel saria

RNA mezulariak gizakion immunitate sisteman duen eragina aztertu dute, eta haien aurkikuntzak funtsezkoak izan dira COVID-19aren aurkako txertoak egiteko.

Medikuntza Nobel Saria banatu dute gaur Stockholmen. JESSICA GOW/EFE
Maixa Utrera Puelles.
2023ko urriaren 2a
13:48
Entzun

Stockholmeko Karolinska Institutuak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria eman die gaur Katalin Karikori eta Drew Weissmani, RNA mezularian oinarritutako COVID-19aren aurkako txertoagatik. «Nukleosidoen baseen aldaketei buruz egindako aurkikuntza» saritu du epaimahaiak, haren bidez COVID-19aren aurkako RNAm txerto eraginkorrak garatzea ahalbidetu zutelako.

Ohiko txertoek mikrobio biziak, motelduak edo mikrobio zatiak erabiltzen dituzte gaixotasunei aurre egiteko. RNA txertoek, aldiz, RNA mezularia erabiltzen dute. RNA mezularia giza zeluletan sartzen da, eta bertan proteina espezifikoak eta arrotzak sortzen ditu —aurre egin behar dioten birusaren berdinak—, itzulpenaren bidez. Proteinak sintetizatzeko prozesu hori aztertu dute, hain zuzen, Kariko eta Weissmanek, eta haien aurkikuntzak funtsezkoak izan dira COVID-19aren aurkako txertoak sortzeko.

RNA txertoak ez dira asmakuntza berria, 90eko hamarkadaren hasieran erabili ziren estreinakoz, baina soilik saio klinikoetan, eta inoiz ez txertoak egiteko. 2005ean argitaratu zuten artikuluan eman zuten RNA mezulariaren eraginaren berri Karikok eta Weissmanek, baina lanak ez zuen arreta handirik piztu. COVID-19 pandemian, baina, haien teoriak indarra hartu zuen, eta modu praktikoan hasi ziren ekoizten RNA teknologian oinarritutako txertoak. Horren adibide dira Modernaren COVID-19 txertoa eta Pfizerren BNT162b2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.