Koronabirusa

Kasuen jatorria argitzen

Eusko Jaurlaritzak adierazi du COVID-19aren transmisioa komunitarioa denean «ezinezkoa» dela jakitea jendea non kutsatu den. Nafarroan, ordea, astero ematen dituzte datu horiek. Adituek nabarmendu dute azterketa zehatzagoak behar direla.

Hainbat antzokitan ikusleen arteko segurtasun tartea ezarri dute. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Non kutsatzen da jendea SARS-CoV-2 birusaz? Euskal Herrian, ez dago galdera horri erantzun zehatz bat ematerik. Ez, behintzat, lurralde osoan. Oraingoz, Nafarroako Gobernua da kutsatzeen jatorriari buruzko informazioa astez aste ematen duen Euskal Herriko erakunde bakarra; Eskualdeko Osasun Agentziak eta Frantziako Gobernuak ez dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kasuei buruzko datu bereizirik ematen, eta Eusko Jaurlaritzak ez du informazio hori eskuragarri jartzen asteroko txosten epidemiologikoetan. Are: Espainiako Estatuko erkidego guztiak behartuta daude izurriari buruzko estatistikak Zaintza Epidemiologikoko Espainiako Sarearen esku jartzera, baina, erakunde horren arabera, «jatorri ezezagunekoak» dira Eusko Jaurlaritzak jakinarazitako positiboen %95 inguru [kontaktu bidez identifikatu gabeko kasuei dagokie zifra hori, ez kutsatze guztiei]. Misterio bat dira, beraz.

Ignacio Garitanok, Osakidetzako arakatze sistemaren koordinatzaileak, azaroaren 16an esan zuen «ezinezkoa» dela agerraldi batekin lotura ez duten kutsatze solteen jatorria topatzea: «Gaitzaren agerraldi bat atzeman dezakegu, baina oso zaila da jakitea kasu solte bat non kutsatu den. Transmisioa komunitarioa denean, ezinezkoa da».

Beste aditu eta erakunde batzuek, ordea, ez dute ikuspegi horrekin bat egiten. NafarroakoOsasun Publikoko Institutuak argitaratutako azken txosten epidemiologikoan [azaroaren 16tik 22ra bitartekoa], multzoka bereizita azaltzen dira positiboak, kutsatze eremuaren arabera. Multzo handiena dagokie etxe barruan kutsatutakoei (%49); lagunekin edo etxe berean bizi ez diren senideekin izandako kontaktuei, %11; eta lantokian edo eskolan kutsatutakoei, berriz, %8. Jatorri ezezagunekoak dira %26.

«Kutsatzeen jatorria ez da misterio bat», azaldu du Adrian Aginagalde epidemiologoak. Eusko Jaurlaritzaren aholkulari izan zen pandemiaren lehen olatuan; ekainetik, berriz, Osasun Publikoko Kantabriako Behatokiko zuzendaria da. Astero aztertzen ditu Kantabriako kutsatze berriak, eta azaldu du, Nafarroan bezala, han ere etxe barrukoa dela transmisio fokurik handiena: «%33tik gorakoa da uneotan, baina %40koa izatera ere iritsi da zenbaitetan». Jatorri ezezaguneko kutsatzeen multzoa ere oso antzekoa da: %28 ingurukoa.

Ugo Mayor Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasque fundazioko ikerlariak ere nabarmendu du kutsatzeen jatorria «askoz maila apalagoan» atzematen dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, inguruko beste lurralde batzuetan baino. «Alde handia dago: Nafarroan, kasuen %70 baino gehiago identifikatuta daude; Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, kutsatzeen erdiak baino ez». Horren atzean «kontaktu bat zer den definitzeko era» egon daitekeela uste du Mayorrek.

Izan ere, kontaktuen definizioa «murritzegia» dela uste du ikerlariak: «Bakarrik atzematen ari dira baldintza zehatz batzuekin bat egiten duten kasuak, eta beste asko oharkabean pasatzen dira». Adibidetzat jo ditu lantokian edo garraio publikoan gerta daitezkeen kontaktuak: «Metroan joan zaitezke jendez inguratuta, baina maskara jantzita badaramazu, ez zaituzte kontaktutzat hartuko. Badakigu musukoa ez dela %100 eraginkorra, baina hori baldin bada kontaktuak definitzeko irizpidea, atzeman gabe gera daitezke balizko positibo asko».

Positiboen jatorria hobeki detektatzeko modua «esparrua zabaltzea» dela uste du Mayorrek: «Norbaitek positibo ematen duenean, PCR proba egiten zaie pertsona horren kontaktu estuei; beste herrialde batzuetan, aldiz, positibo eman dutenen familian, lantokian eta inguru sozialean dauden guztiei egiten zaie».

Atzera begirako azterketa

Horrez gain, atzera begirako azterketak egiteko beharra aipatu dute bi ikerlariek: positibo emandakoek aurreko zazpi edo hamar egunetan izan dituzten balizko kontaktu guztiak aztertzea, kutsatzea nondik heldu den jakiteko. Kantabrian, inkesta bat egin dute filosofia horrekin, eta ondorioztatu dute, oro har, non kutsatu diren ez dakiten pertsonek «arrisku faktore gehiago» dituztela. «Jatorri ezezaguneko kutsatzeen taldean daudenak beste multzoetakoak baino hiru bider gehiagotan egon dira tabernetan, bi bider gehiagotan ile apaindegietan, eta 1,5 bider gehiagotan merkataritza gune eta jatetxeetan», dio Aginagaldek.

Atzera begirako azterketa bat behar dela esan du Mayorrek: «Horretarako, baina, baliabide handiagoak eta kontrolatzeko modukoa izan daitekeen positibo tasa beharko lirateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.