Koronabirusa. Gorka Orive. Farmazia irakaslea

«Kasuen jarraipen sistemak gainezka egin dezake»

RAUL BOGAJO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Datuen bilakaerarekin «kezkatuta eta harrituta» dago Gorka Orive (1976, Gasteiz). Argi utzi du ez dela epidemiologoa, baina agerraldien jarraipena egitea gero eta zailagoa izanen delakoan dago.

Kasu positiboak gora doaz, Bizkaian bereziki. Nola ikusten duzu egoera?

Joera kezkagarria da. Kezkatuta eta harrituta nago: nahiz eta agerraldiak egongo zirela ziurra izan, hainbestekoak izatea ez nuen espero. Datu hauek apirilean izan genituenen oso antzekoak dira.

Kasuen jarraipen sistema monitorizatzeko mugara irits daitekeela aipatu duzu sare sozialetan. Zer erran nahi duzu?

Sistema oso garrantzitsua da, ezinbestekoa: azken boladan sortu diren agerraldiak kontrolatzeko erabili den sistema da fidagarriena eta eraginkorrena. Eta sistema horiek ondo lan egiteko, beharrezkoa da profesionalak egotea: aztarnariak. Eta laguntza soziala: positibo eman duenak ondo deskribatzea zein izan diren bere mugimenduak. Baina sistema horrek gainezka egin dezake: bost pertsona jarraitzea posible da, baina, 400dik gora kasurekin, jakinda bakoitza lauzpabost pertsonarekin egon dela, egin kalkuluak: 2.000 pertsona baino gehiago dira. Nire galdera da ez ote dauden gainezka egiteko zorian.

Hala uste duzu?

EAEn aztarnari bat dago 10.000 pertsonako. Beste leku batzuetan, esaterako, Alemanian, 4.000 pertsonako bat dute: hiru aldiz gehiago. Muga iristen da ezinezkoa denean fisikoki hori guztia kontrolatzea.

Zenbat kasutik aurrera dago muga?

Gustatuko litzaidake jakitea, baina ez daukat informazio guztia eskuragarri: ez dago gardentasun osorik. Logikak esaten du, halere, gero eta profesional gutxiago badaude zailagoa dela kontrolatzea, batez ere datuak handiak direnean.

Eta gainezka eginez gero, zer?

Neurriak ezinbestekoak izango dira.

Nolako neurriak?

Neurriak hartzeko, informazio osoa behar duzu. Kutsatuen argazkia behar dugu: jendea non eta nola kutsatzen ari den. Argazki horrek esango digu zein diren hartu beharreko neurriak. Hobe da neurri kirurgikoak hartzea, berandu izan baino lehen. Birusa gurekin dago, lehengo bera da, eta beharrezkoa da gure jarrerak errealitatera doitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.