Koronabirusa

Kasuen %90etan eraginkorra den txertoa duela esan du Pfizer botika etxeak

COVID-19aren aurkako txertoa lortzeko saiakuntza klinikoaren hirugarren faseko lehen emaitzen berri eman du. Adituek diote «itxaropena» izateko erako berria dela

Pertsona bat, maskara jantzita, Pfizer konpainiaren parean. J. LANE / EFE.
Edu Lartzanguren - Arantxa Iraola
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Gaur egun handia da zientziarentzat, baita gizadiarentzat ere. COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko gure ikerketetako hirugarren faseko emaitzek lehen ebidentziak eman dizkigute erakusteko ahalmena duela eritasuna saihesteko». Hitz hotsandiko horiekin jakinarazi zuen atzo Pfizer botika konpainiako ordezkari Alberto Bourlak onbidean doazela COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko abian duten ikerketetako bat; %90eko eraginkortasuna erakutsi duela zehaztu zuen.

Emaitza horiek esku artean,FDA Ameriketako Estatu Batuetako Botiken eta Elikagaien Agentziak aurki txertoa ematen hasteko «larrialdizko» baimena emango diela iragarri zuen; izan ere, agentziak esana du %50eko eraginkortasuna aski izango dela baimenak jasotzeko. Ehuneko hori modu argian nola gainditzen duten,aurki txertoa banatzen eta ematen aritzea espero dute: «Gure proiekzioen arabera, 2020. urtea amaitu bitartean era globalean 50 milioi dosi egitea espero dugu, eta heldu den urtean, 1.300 milioi». Adierazi dute botika honen eraginkortasuna ziurtatzen dela bi dosirekin; lehen dosia hartu eta hiru astera jartzen dute bigarrena. Bigarren hori hartu eta gero lortzen da, batez ere, babesa.

Mundu zabalean hamar ikerketa inguru daude Pfizer konpainiarena bezain aurreratuta COVID-19aren aurka txerto bat lortzeko; hirugarren fasean daude, alegia txerto horiek milaka boluntariori jartzen ari zaizkie, eta esperantza handiak jarrita daude emaitzetan. Aditu guztiak, gainera, bat datoz: abiada handian doaz ikerketak. AEBetako Pfizer laborategiak eta Alemaniako Biontech botika ekoizleak elkarlanean garatu dute txerto hau, eta Europako Batasunak 200 milioi dosi eskuratzeko hitzarmena sinatua du horiekin. Akordioak izenpetuak dituzte AEB Ameriketako Estatu Batuetako administrazioarekin, Erresuma Batuarekin eta Japoniarekin ere, besteak beste.

RNA bidezko txerto bat da. Txerto genetiko esaten diete horiei, ez dutelako birusaren bertsio ahul bat erabiltzen —txertoak egiteko bide klasikoa izaten da hori, baizik eta birusaren material genetikoa bakarrik. Gorputzak aski du kode genetiko horrekin antigorputzak sortzeko. Halakoak dira, adibidez, AEBetako Moderna eta Inovio enpresak lantzen ari diren txertoak ere.

RNA bidezko txertoak egiten «azkarragoak» direla adierazi du Biocruces Bizkaiko immunopatologo Francisco Borregok, eta espero zuela, bide horretatik, fruituren bat. Itxaropenez hartu du horregatik albistea: «Baikorrak izateko eran gaude». Baina ñabardura eginez: «Ez da guztiz zuzena esan dutena; %90eko eraginkortasuna dutela esan dute, baina saiakuntza klinikoa ez da bukatu oraindik». Haragoko ondorioak ez ditu atera nahi, «oso goiz» dela iruditzen baitzaio.

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Farmazia irakaslea da Gorka Orive. Baikortasun neurtua, haren adierazpenetan ere: «Berri oso ona da, hori ezin da ukatu. Baina oraindik daturik ez dago: ez dago artikulu zientifikorik. Hau enpresak eman duen berri bat da». Eraginkortasuna, gainera, ez da aldagai bakarra txertoetan: badira gehiago. «Ez dakigu zein den segurtasun soslaia, hori ere jakin beharko genuke». Adibidez, zenbait talde espezifikotan zein portaera duen ere argitzea falta da. Beste hainbat xehetasun ere bai: «Galdera asko daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.