Kasuek goia jo dute: beste 821 positibo Hego Euskal herrian

Apiriletik ospitaleratze gehien izan diren eguna ere izan da: 58 azken orduetan. Haurren harremanak mugatzeko eskatu du Nekane Murgak, "burbuila txikiak" sortzeko. Iraila zaila izango dela iragarri du.

Herritarrak maskararekin Iruñeko kaleetan. IñIGO URIZ/FOKU
2020ko abuztuaren 21a
12:21
Entzun

"Egoera okertu egin da". Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murga kezkaz jardun da gaur goizeko agerraldian. Izan ere, azken orduetan martxoaz geroztiko kutsatze kopururik handiena atzeman dute Hego Euskal herrian: 821. Pandemiaren egunik zailenetan, bi aldiz gainditu zen kopuru hori. Orduko hartan, PCR probez gain, bestelako probak ere hartzen ziren kontuan. Halaber, PCR test gehien egin diren eguna izan da: 11.046. Aurrekoetan, 9.000 inguru egin dira gehienez ere Hego Euskal Herri osoan. 

Herrialdeka, Bizkaian izan dira kasu gehien: 431. Gipuzkoan, 138 kasu izan dira, Araban, 124; eta Nafarroan, 93. Erkidegotik kanpo bizi diren 31 kasu ere atzeman ditu Jaurlaritzak.

Murgak adierazi du datuak ez direla martxokoekin konparatzeko modukoak, baina joera goranzkoa da; positiboetan ez ezik, baita ospitaleratzeetan eta ZIUetan sartzen diren kasuetan ere. Izan ere, azken orduetan 58 pertsona sartu dira Hego Euskal Herriko erietxeetan gaitzaren ondorioz. Orotara, 258 dira erietxeetan daudenak;  27 ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Apiril amaieraz geroztik ez dira hainbeste ospitaleratze zenbatu egun bakar batean.

Ospitale batzuk hasi dira dagoeneko etor daitekeenerako prestatzen. Basurtuko ospitalean (Bizkaia), esaterako, premiazko arreta pediatrikoa San Pelaio eraikinera lekualdatu dute. Horrela, larrialdi pediatrikoen eraikina COVID-19 kasuak artatzeko erabili ahal izango dute. Gurutzetako ospitalean ere (Bizkaia) bi solairu egokitu dituzte kasu positiboak artatzeko; 5. eta 6. solairuak, hain zuzen ere. Aldi berean, beste bi eremu prestatzen ari dira, behar izanez gero, kasurik larrienak artatzeko. Nafarroako Osasun sailburu Santos Indurain ere mintzatu da egoeraren inguruan goizean eginiko prentsaurrekoan, eta azaldu du Nafarroako ospitaleen egoera "egonkorra" dela oraingoz.

Ikasturte hasiera ate joka ari da, eta iraila zaila izango dela ohartarazi du Murgak. Horregatik, arduraz jokatu beharra nabarmendu du, eta kontaktuak ahalik eta gehien murrizteko eskatu die herritarrei: "burbuila txikiak" sortzeko. Hots, harremanak talde txikietara mugatzeko. Aipamen berezia egin die sailburuak txikienei: haurren harremanak mugatu behar direla esan du. Bereziki, eremu publikoetan daudenean; besteak beste, jolastokietan, igerilekuetan eta hondartzan.

Hamar bat kasu Baigorrin

Agerraldi bat atzeman dute Baigorrin (Nafarroa Beherea). Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, hamar bat kasu detektatu dituzte han; gehienak, gazteen artean. Lagunarteko kutsatze bat izan dela uste du agentziak, eta kutsatze katea eteteko lanean ari dira orain.

Positibo eman dutenek eta hurbileko kontaktuek bakarturik egon beharko dute, eta PCR probak egin beharko dituzte zazpi egunen ondotik. Agerraldia dela eta, agentziak testak egingo ditu Donibane Garazin gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.