«Afariak banatzeko hirugarren leku bat bilatuko dugu. Otorduak ematen jarraituko dugu». Hala erantzun dio KAS Kaleko Afari Solidarioak taldeak Donostiako Udalak ezarri dien debekuari. Udalak, atzo gauean udaltzain batek ahoz esandakoaren arabera, gaurtik aurrera debekatu egin baitie babesik eta laguntzarik gabe bizi direnei —gehienak gazte migratzaileak— Egia auzoan afariak ematea. Ondorioz, ehun bat pertsona geratuko dira egunero otordu bero bat jaso ezinik, kasu askotan eguneko otordu bero bakarra. Afariak banatzeko hirugarren leku bat bilatu arte.
Egian afariak ematen zituzten leku berean egin dute agerraldia arratsaldean, Ama Teresa Kalkutakoa plazan, trenbidearen azpian. Dozenaka lagun elkartu dira Kaleko Afari Solidarioak eta haren jarduna babesteko. Bakarren batzuk amantal eta guzti. Eta hizlarien mahaian, taldearen sinboloa, lapiko bat. Lapikoetan egositako elkartasuna baita KASena: boluntarioek etxean prestatzen dituzte otorduak, otordu horiek ontzietan sartzen dituzte eta hiriko hiru lekutan banatu (Egia, Parte Zaharra eta Amara), aldez aurretik txartelak eskuratu dituzten pertsonei. 200 bat afari banatzen dituzte gauero. 300 bat erabiltzaile dituzte guztira. Afari beroak, «giza berotasunarekin batera».
Beldurra dute, «momentu oso beltzak» espero dituztelako. Donostiako Udalaren eraginez, besteak beste: «Litekeena da debekuak zabaltzea. Jarrera arrazistak eta faxistak ikusten ari gara udalean eta udalaren erabakietan». KASen jarduera «kriminalizatzea» egotzi diote udalari.
«Litekeena da debekuak zabaltzea. Jarrera arrazistak eta faxistak ikusten ari gara udalean eta udalaren erabakietan»
KASeko boluntarioak
Astelehenean, Loquenosecuentadedonosti taldeak kontzentrazio bat antolatu zuen KASek afariak banatzen dituen leku eta ordu berean, 20:00etan, «segurtasun» eske. Tartean ziren PPko hiru zinegotziak. Horren berri bazutenez, otorduak emateko ordua aurreratu zuten, otorduak banatzea bermatzeko eta istiluak saihesteko. «Horraino KASen ardura eta erantzukizuna». Gero, ordea, bi talde izan ziren aurrez aurre, ertzainak ere bai, eta liskarrak izan ziren. Sei lagun identifikatu zituzten: lau, desordena publikoak eragiteagatik; eta bi, Poliziaren jarduna oztopatzeagatik. KASek salatu du segurtasunaren izenean egindako kontzentrazioak ez zuela udal baimenik, eta ertzainak bertan egonda ere, ez zutela desegin, baimendu baizik.
Enpatia
Herenegungo kontzentrazioan bildutako guztiak ez dituzte «zaku berean sartu». «Ulertzen ditugu eta enpatia sentitzen dugu bortizkeria egoeraren bat bizi dutenekiko», esan diete. «Baina horiei hausnarketa sakonago eta osoago bat egiteko deia egin nahi diegu, eta ez dela bidezkoa delinkuentzia elkartasun sare batekin lotzea».
Salaketa gordina egin dute: duela hilabete batzuetatik KASeko boluntarioak mehatxuak jasotzen ari direla eta kriminalizatu egiten dituztela. Gaurko agerraldian otorduak jasotzen dituzten pertsonak ere egotea nahi zutela, baina ezin izan dutela, haien kontrako erasoak izan direlako. Loquenosecuentadedonosti egin dute horren guztiaren erantzule: «KAS suntsitu nahi du, desagerrarazi. Segurtasuna eta KAS lotzen ditu, eta, haien arabera, KAS omen da segurtasun faltaren jatorria»
Ez dakite zergatik debekatu dieten Egian afariak banatzea. Udaltzain batek atzo ahoz esandakoaz eta Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak gaur aipatutako «segurtasun» arrazoiez aparte, ez dute idatzizko jakinarazpen ofizialik. Udaltzainei eskatu zieten, baina ez zutela erantzun zieten. Paradoxa bat aipatu dute: udaltzainek atzo debekuaren berri eman eta gero, eskuorri bat banatu zieten otordua jasotzera joan ziren pertsonei, inguruan otorduak jasotzeko zerbitzuak zehaztuz, eta horietan KASen Amarako eta Parte Zaharrekoak ageri dira.
«Lanordu asko dira, milaka euro, zailtasun asko, baina oso harro gaude, eta oso pozik, gero eta kide gehiago, babes gehiago eta elkartasun gehiago dugulako»
KASeko boluntarioak
KASek azaroan lau urte beteko ditu afariak ematen hasi zenetik. 2020ko azaroko gau hotz batean, kalean lo egiten zuten pertsonengana hurbildu ziren, eta zer behar zuten galdetu zieten: «Afari bero bat» erantzun zieten. Ordutik ari dira lanean. Laguntzarik gabe. Autoantolaketa eta autofinantzaketa. «Lanordu asko dira, milaka euro, zailtasun asko, baina oso harro gaude, eta oso pozik, gero eta kide gehiago, babes gehiago eta elkartasun gehiago dugulako», azaldu dute gaur.
Jantoki sozial bat
Donostiako Udalak bazuen KASen lanaren berri. Taldeko ordezkarien esanetan, 2020tik lau edo bost aldiz elkartu dira udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunekin eta teknikariekin. Irtenbide integral bat «exijitu» diete kalean bizi direnentzat, eta, bereziki, «elikadura eskubidea bermatzea». Jantoki sozial bat sortzeko eskatu diete, KASekoak bertan laguntzeko prest azaldu dira, «baina udalak, aldiro, bere gizarte zerbitzuen berri eman digu, ez du eskaera bakar bat ere aintzat hartu».
Jende askorentzat ezezaguna zen KASek urteotan egin duten lan isila. Asteleheneko kontzentrazioaren, atzoko debekuaren eta gaurko adierazpenen ondoren ezagutu dute. Egoerak herritarren elkartasuna eragin du, eta KASeko ordezkariek eskerrak eman dizkiete. Eskaera bat egin diete: «KASekin jarraitzeko laguntza eman dezatela».